Skip to main content

[BLOG ESNAOLA] Profesionalak bide bazterrean

Bizi ditugun garai ekonomikoek paradoxa bat baino gehiago agerrarazi dute. Euskal Herrira etorrita, besteak beste, euskal langileei, profesionalei, gertatzen ari zaiena. Urteak eman ditugu Euskal Herriko lanbide heziketaren eraginkortasuna goratzen, industriaren produktibitate handia azpimarratzen, bertako langileen profesionaltasuna… Eta krisialdi honek jo gaituenean, bide bazterrean gelditzen hasi dira altxor horren protagonista horietako asko.

Kasuistika desberdinak daude langabeziara joan diren horien artean, baina bi dira bereziki kezkatzekoak. Batetik, industrian kualifikazio txikiko lanak egiteko ikasketak goizegi utzi zituzten langile gazteak, egun langabezian eta lanpostu berrietara lotu ezinean dabiltzanak. Bestetik, urtetan lanbide batean ere onenak eman eta teknologia zaharkitua edo produkzioa atzerrira joan delako, lanik gabe geratu direnak. Batak zein besteak euskal ekonomiari hauspoa eman diotenak. Badira, halaber, oinarri ahulagoko pertsonak ere aski egoera larrian.

Fenomenologia honek badu osagai erantsi bat, pertsona horiek familia bati eusten diote, eta gainera dentsitate handieneko eremu urbanoetan bizi dira. Beraz, gainbehera maila bat baino gehiagotan hedatzen da. Krisi sozialerako oinarria da.

Hurrengo hamarkadei begiratuz, zer gertatuko da pertsona horiekin? Zer nola jokatuko dugu? Klase inaktibo edo pasibo gisa hartuko al ditugu? Atzerrira joateko bidean jarriko al ditugu? Ala lan mundura euskal industria berriak behar izango dituen profesionalen moduan sustatuko ditugu? Ziur asko erantzun bat baino gehiago beharko da. Bakarra, ordea, balio ez diguna, profesionalak galtzearena.

2008an Joseba Garmendiak Gaindegiarentzat Frantziako eta Espainiako enplegu politikak alderatuz egindako lanak agerian utzi zuen Iparraldeko eta Hegoaldeko enplegu politiken artean zeuden aldeak. Hitz bitan, Frantziak enplegu politika aktiboetan jartzen du indarra, Espainiak pasiboetan. Bataz beste, Frantziaren aurrekontua langabetuko Espainiakoaren bikoitza zen. Lanbidek Frantziako ereduaren arrastoari jarraitu nahi zion, ohikoa dugun hertsapen instituzionalaren erdian. Nahi eta ezin. Horrela uler daiteke, zergatik Ipar Euskal Herriko gazteei Hegoaldean ikasi edo lan egiteko aukeraz itauntzean ematen ziguten erantzuna (Gaindegia: Lan Koadernoa 03, Lan Koadernoa 05 eta Lan Koadernoa 10).

Garaia da, aspaldi hasitako garaia, Euskal Herriko profesionalak eta jarduera ekonomikoak uztartzeko egitasmoak abian jartzekoa. Agian, Ipar Euskal Herrian indarrean dagoen eredutik ikas dezakete Hegoaldeko instituzio eta eragile sozio-ekonomikoek. Formakuntzari dagokionez, mugaz gaindiko esparru libre bat sortzea ere beharrezkoa da, Lapurdi-Gipuzkoa eremuan batez ere. Edonola ere, bihar ez bedi esan, hemen bazen herri bat inoiz 1.000.000 profesional izan zituena. Esan dezagun, hemen bada herri bat bere ekoizpen egitura berritzen jakin izan zuena, herri estrategia baten bitartez, formakuntza, babesa, sustapena, ikerketa eta prospektiba uztartzen jakin zituelako.

Imanol Esnaola