Skip to main content

[BLOG ESNAOLA] Strictly Basque

Ameriketako Estatu Batuetan Strictly USA izeneko ekimen batean bildu dira herrialde horretako hainbat ekoizle. Bertako bezeroen abertzaletasuna ziztatu edo atzerriko erosleen konfiantza eragin nahi izatea da ekimenaren muina. Azken batean bertako produktuen azoka osatu dute. Bertan egina, bertako produktuekin eta bertako inteligentziarekin ekoitzia izatea da produktu hauen ezaugarria.

“Ona”, “merkea”, “osasuntsua”, “kalitate gorenekoa” edo beste hamaika ezaugarri baliatuz saldu izan dute orain arte izen ezaguneko etxeek. Gurean lehen sektoreari lotutako ekoizle eta eragileak ibili dira bide hori urratzen. Nork esan behar zigun ordea, XXI mendean zerbitzu edo produktu industrialak ere “gurea” edo “basque” esanez saldu behar zirenik?

Euskal herritarra ohituegi ibili da azken hamarkada luzetan bere euskaltasuna ezkutatzen jarduera profesionalei dagokionez. Onartu egin dugu, nonbait, “euskal” marka txokokerietarako zela. Nora ekarri gaituzte, ordea, mundu mailako ekonomia eta merkataritzaren ur nahasiek? Orain “euskal” garela esan behar dugu asko esaten baitugu, nonbait. Aldaketa garrantzitsua da inondik ere, euskaldunak ez du mozorrotuta agertu behar munduaren aurrean aintzat har dezaten, euskaldun agertzea aitormena eskuratzeko bidea da.

“Basque Country” sor markaz gero eta gehiagotan aipatzen da. Hau da, nazioartean gure produktu, zerbitzu edo profesionalak aintzat hartzeko balio izango du duen estrategia integral bat abian jartzeaz, “nation branding” delakoa egin behar omen dugu.

Egoera ezin itxaropentsuagoa da Euskal Herritar eta enpresentzat. Bide horretan aurrera egiteak, ordea, aldaketa sakon bat eskatzen digu “beste” izateari utzi eta “euskal” izatea errotik.

Eztabaida garrantzitsuak ditugu bada, nazioartekotzea ezinbestekotzat jotzen ari garen garai hauetan “euskal” delakoa nolakoa izan behar den zehazten eta izan gaitezen bidea diseinatzen. Salmenta marka bat sustatzea baino herri proiektu bati forma ematearen itxura hartzen diot. Gai izango ote gara “euskal” izan eta “euskal” agertzeko!

Imanol Esnaola