[BLOG ESNAOLA] Made in Basque Country

Marka hau sustatzearen beharraz mintzatu da hainbat azken aldian. Bai Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeen inguruan, bai Ipar Euskal Herriko ekonomia sustatzeko proposamenen inguruan. Aurreko batean esan bezala, “euskaldun” agertzeak mesede egiten dio euskaldunari historian gutxitan izan bezala. Baina Made in Basque Country sor marka garatzeak ezinbestean orain arte inoiz edo gutxitan egin dugun ariketa bat egitea eskatuko digu, “basque” kontzeptuaren pean nor eta zer sartuko dugu? Alegia, Euskal Herria osatzen duten pertsonak, zerbitzuak, produktuak, jarduerak baloreak, identitatea… sartuko al ditugu? Orain arteko sor-marken esperientziak (Kalitatea…)euskal lurralde jakin bati lotutako produktuak jaso ditu. Oraingoan, ordea, erronka zabalagoa dugu, Euskal Herriaren irudia ezagutzera eman, hein handi batean, berreraiki. Beraz, egitasmoak inklusiboa behar luke lurraldetasunari dagokionez, har bitza Euskal Herria osatzen duten 21.000 kilometro karratuen baitan dauden pertsona eta entitateak.

Nork sustatu ordea ariketa kitzikagarri hori? Eusko Jaurlaritzak baliabideak eta eskarmentua baditu egitasmoaren zerbitzura jartzeko, baina nago instituzio den aldetik leialtasun instituzionalak mugatzen diola bere jarduera Nafarroa Garaia edo Frantziaren menpeko lurraldeak eta proiektuak bere baitan hartzeko, oker banabil gustura aitortuko diot meritua. Halaber, gerta litezke aurreko lau urtetan ezagutu dugun lez, arduradun aldaketak Euskal Herriaren izate ekonomiko eta soziala aintzat hartzen ez dutenak.

Esandakoak esanda, eragile sozial berri bat gorpuztu behar litzateke, agian eragile sozial, ekonomiko, akademikoen artean osatutako entitate bat, "basque country" sustatzeko . Horrek gida lezake gure herriaren sor marka eraiki eta hedatzeko lana. Zer hoberik gure gizartearen izaera ekintzailea adierazteko?

Imanol Esnaola