Langabezia EB-27an baino 4,4 puntu altuagoa da; 10,1 puntu Espainiaren azpitik eta 4,3 Frantziaren gainetik
INEk Hegoaldeko lurraldeetarako gaur argitara berri dituen datuen arabera, Euskal Herriko langabezia Kroazia eta Irlandaren parekoa izatera iritsi da, 2012 urtean zehar Euskal Herrian gertatzen ari den langabetuen gorakada nabarmenagatik. Gorakada hau ondo azaltzen duen datu bat: 2012 urteko hirugarren hiruhilabete honetan iazko epe berean baino 39.669 langabetu gehiago daude Euskal Herri osoan. Orotara, 217.892 langabetu daude egun euskal lurraldeetan.
Edonola ere, Euskal Herriko lurraldeen artean aldea nabarmena da Hego-Ipar ardatzean. Iparraldean langabezia apurka gero gehiago hedatzen ari da, baina urrun dago Hegoaldeko langabetuen hazkunde bortitza zein langabezia mailatik.
Hegoaldean, oso nabarmena izaten ari da Bizkaian langabezia izaten ari den goranzko joera, iazko epe berean baino 3,7 puntu altuagoa baita orain, 19.100 langabetu gehiagorekin. Nafarroa Garaian ere langabezia hazkunde indartsua izaten ari da krisialdi testuinguru honetan, eta urte amaierarako marrazten ari den urte bukaerarekin, 2012 urtea enpleguarentzat kaltegarria izaten ari da ia 2009 urtearen neurri berean. Nafarroa Garaian 46.200 langabetu daude egun, iazko epe berean baino hamar mila gehiago.
Bestalde, Gipuzkoan langabezia hazten ari dela dio INEk, EUSTAT-ek berriz gutxitzen ari dela (-0,1). Araban, aldiz, kontrakoa gertatzen da: EUSTAT-en arabera, hirugarren hiruhilabete honetan 0,2ko hazkundea izan du, INEren arabera ez (-0,7). Langabetu kopuru gordinen kopuruetan aldea handia da INE eta EUSTAT-en artean ere.