7.071 hipoteka betearazpen egon dira Hegoaldean azken lau urtetan

2011 urtean iaz baino %3,6 hipoteka betearazpen gutxiago egon dira

Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren (CGPJ) arabera epaitegiek tramitatutako etxe kaleratzeak Hegoaldeko herrialdeetan 1.788 izan ziren 2011n zehar, 2010an bideratutakoak baino %3,6 gutxiago. Nahiz eta hipoteken betearazpenen kopurua altua izan, azken bi urteotan hazkundea negatiboa izaten ari da 2009an gaina jo ondoren 1.993 betearazpenekin.

Hala ere, 2011ko azken hiruhilekoan bilakaera positiboa izan da Hegoaldeko lau herrialdeetan 2010eko azken hiruhilekoarekin alderatuz. Bereziki larria da Gipuzkoako bilakaera (39,3). Urteko bilakaerari erreparatzen badiogu, aldiz, Araban soilik izan dira betearazpen kopuru gehiago aurreko urtearekiko (2010).

Hipoteken betearazpenak biztanleriarekin alderatzen baditugu Nafarroa Garaian aurkitzen dira zifrarik larrienak 100.000 biztanleko 95,6 hipoteka betearazpenekin 2011n. Araban ratioa 74,1ekoa da, eta ondorioz, Hegoaldeko guztizkoaren ratiotik gora geratzen da 10,9 puntutan. Ratiorik txikiena Gipuzkoak du 100.000 biztanleko 49,3 betearazpenekin.

2009an Nafarroa Garaian ratioa 117 betearazpen izatera iritsi zen 100.000 biztanleko, Hegoaldean baino 46,0 puntu gehiago. Azken lau urteotako bilakaerak azaltzen du Nafarroa Garaiko eta Arabako egoera larriagoa izan dela Gipuzkoa eta Bizkaikoa baino.

Hipoteka betearazpen prozesuak etxe kaleratze batean amai dezake eta ez ordaintze eskaera batetik hasten da. Ez ordaintze eskaera etxebizitza erosketa finantzatzeko mailegu hipotekarioa onartu duen entitate finantzarioak eramaten du aurrera. Prozesuak hilabeteak edo urte bat baino gehiago iraun dezake eta datuek erakusten dutenez, mota honetako prozesu batean murgilduta dauden euskal familiak asko dira.

[table id=47 /] [table id=50 /]