Skip to main content

Euskal Herria EB-27tik biztanleko CO2 isurtzaile handienen artean, zazpigarren 2009n

Azken hiru urteetan hiru postu igo ditu Irlanda, Txipre eta Belgikak baino gas gehiago isurtzeagatik biztanleko

Euskal Herrian 2009n 10,1 tona metriko CO2 biztanleko isuri ziren. Europako Batasuneko ranking batean datuok kokatuz zazpigarren lekuan geundeke, bataz bestekoa Europan, EUROSTATen arabera, 7,5koa izan baitzen biztanleko.

Euren biztanleriarekiko proportzioan, estaturik kutsatzaileenak ondorengoak izan ziren: Luxenburgo (21,7), Islandia (11,1), Txekiar Errepublika (10,8), Estonia (10,6), Finlandia (10,4) eta Holanda (10,3). Euskal Herria dator jarraian. Alemania (9,6) edota Erresuma Batua (7,7) bezalako Europako potentzia garrantzitsuak ere bataz bestekoaren gainetik daude.

Zerrendaren beste muturrean leudeke Letonia (3,1), Lituania (3,9), Errumania (4,0), Suedia eta Hungaria (5,0) edo Portugal (5,3).

Azken hamarkadan atmosferara isuritako CO2 isurketarik altuena biztanleko (11,3) Euskal Herrian 2005ean eman zen. Urte hartan, 5.go postua lortu zuen Europako kutsatzaileenen artean. Urte hartatik aurrera isurketaren murrizketa apala izan da baina konstantea.

Klima Aldaketaren aurka borrokatzeko nazioarteko markoa Nazio Batuen Marko Konbentzioa da eta bertan onartutako Kiotoko Protokoloa non Negutegi efektuko gasen murrizketarako konpromisoak biltzen diren 2008-2012 aldirako garatutako herrialdeentzat.

Kiotoko Protokoloko konpromisoen artean Europako Batasuna, 2008-2012 epealdirako, gas isurketak %8an murriztera engaiatu zen. Helburuak, ordea, desberdin ezarri ziren lurralde bakoitzerako batetik 1990eko isurketa kuota hartu zen oinarri gisa eta bestetik kontuan izan ziren ingurugiro eta ekonomia alorreko aldagai desberdinak. Protokolo honen amaiera data 2012a da.

Euskal Herria Frantziako eta Espainiako konpromisoen artean zatituta dago eta %3an soilik murriztu ditu bere isurketak 2008-2009 epealdian 2007arekiko eta ondorioz, garai horretan, gutxien murriztu zutenen artean kokatzen da. Ikusteko dago datozen urteetan izango duen bilakaera.