2009 urtean zehar Euskal Herriko karbono dioxidoaren isurketak %3,5eko murrizketa izan zuen aurreko urtearekin alderatuz. Milurtekoaren lehenengo bosturtekoan emandako isurketen hazkundearen ostean, laugarren urtez jarraian CO2 isurketak jaitsi egin dira. 2009ko datuen arabera, Euskal Herrian 31.300 mila tona metriko CO2 isuri ziren.
Per capita isurketei erreparatuz gero, 2009an biztanleko 10,1 tona isuri zen. Biztanleko eman den murrizketa azken lau urtetan isurketei dagokienez biztanleriaren etengabeko hazkundeari zor zaio. Lurralde administratiboetan Nafarroa Garaiko bizilagunak dira gehien kutsatzen dutenak, urteko 12,7 tona isuriz, 2009an. Iparraldean, aldiz, estimazioen arabera, biztanleko isurketa 5,8 tonakoa izan zen. Euskal ekonomiaren izaera industrialak, garraiotik eratorritako isurketek eta Euskal Herriko biztanleriaren mugikortasun altuak dira faktoretako batzuk gas kutsatzaileen isurketa maila altua azaltzen dutenak.
[table id=33 /]
Isurketen eboluzioa beherakorra bada ere Euskal Herria Europako Batasuneko 27en 7,5 tonako isurketen gainetik kokatzen da 2009n eta 8,2ren gainetik 2008n. Gure lurraldeko isurketak ELGAko bazkide direnen oso antzekoak dira (2008), 2000 urtetik aurrera joera alderantzizkoa izan delako. Era berean, Euskal Herriko CO2 isurketak zerbait altuagoak dira biztanleriarekiko proportzioan Alemanian baino.
Munduko Bankuko datuen arabera 2008an per capita negutegi efektuko 4,8 tona gas isuri ziren munduan. Datuak kontrajarriak dira lurralde batetik bestera, ondorengo taulan ikus dezakegun moduan.
Kiotoko Protokoloaren arabera (1997) Europako Batasunak gas isurketak %8an murrizteko konpromisoa hartu zuen 2008-2012 urte artean nahiz eta azkenean 2005eko otsailean indarrean sartu zen. Baina helburuen banaketa ez zen berdina izan Batasuneko estatuen artean aldagai ekonomiko desberdinak eta ingurugirokoak medio. Hori dela eta, Euskal Herria Espainiak eta Frantziak finkatzen dituzten helburuen menpe dago. Baina nahitaez CO2 isurketak murriztu beharko ditu herri jasangarriago bat eraiki dezan datozen belaunaldientzat.
[table id=34 /]