Erizainen ratioa igo da azken hamarkadan, ospitaletako ohe kopuruarena, aldiz, jaitsi
Euskal Herrian 13.156 medikuk dihardu, EUROSTAT-en arabera (2010 urteko datuak). Alegia, 424 mediku ehun mila biztanleko. Datu honek aurreko urtearekiko hazkundea izan du eta 2006 eta 2008 urteetako gora-behera alde batera utzita, goitiko joerari eutsi dio medikuen ratioak azken urteotan.
Lurraldeka Nafarroa Garaia da 612,3 medikurekin batez besteko nazionala gainditzen duena. Azken bi urteotako gorakadak ekarri du emaitza hori.
Erizaintzako langileei buruz, EUROSTAT-en arabera, Euskal Herrian 750,8 ditugu ehun mila biztanleko (emaginak barne) . Mota honetako osasun langileak dira gehien igo direnak azken urteotan, Iparraldekoa izanik ratiorik garaiena. (881,4) eta Nafarroa Garaia (868,7). Datu hauen ondoan aipagarriak dira Bizkaiko datuak (677,9), populazio multzo handiena izan arren.
Euskal Herriko ospitaletako ohe kopuruari dagokionez, ehun mila biztanleko ratioa 395,4koa da (12.209 orotara). Iparraldeko datua beste inon baino altuagoa da (685,9), Gipuzkoakoa ere aipatzekoa da (442,5). Egoeraren beste muturra, Bizkaian dago (317,6), nahiz eta aipatzekoa den Bizkaian jaitsi dela gutxien ratioa azken hamarkadan. Aldi horretan biztanleriarekiko ohe kopurua jaitsi egin da, bai maila nazionalean bai lurraldeka.
Hauxe da egun eskura ditugun datuekin egin daitekeen argazkia osasun langile eta ospitaletako ohe kopuruari dagokionez Euskal Herrian. Esan beharrekoa da, ordea, datu hauen baitan instituzio publiko zein pribatuetako datuak batera datozela. Nafarroa Garaian zein Lapurdin gero eta indartsuagoa den osasun zerbitzu pribatuen industriaren baliabideak izan daitezke desberdintasun hauen azalpena. Ikusteko dago, halaber, datu hauek zein bilakaera duten osasun zerbitzuetan iragartzen ari diren murrizketen ondorioz, zerbitzu publikoetako murrizketen ondorioz batez ere.
[table id=22 /]