Skip to main content

Pobrezia eta nazio ikuspegia

Gaindegiak pobreziaz emandako datuak, EUROSTATen metodologia aplikatuz kalkulatua, zalaparta sortu du hedabideetan, bai eta metodoaren egokitasunari buruzko iritzi desberdinak ere.

Gaindegia, ekonomia eta gizarte arloan nazio garapena sustatzeko konprometitutako elkartea den aldetik, sortze beretik saiatu izan da Euskal Herriaren argazki ahalik eta zehatzena egiten, horretarako adierazle estandarrak baliatuz. Irizpide honek munduko gainerako herri eta erregioekin alderatzeko aukera ematen digu. Lan hau baliabide gutxi eta adituen laguntzarekin egin izan dugu. Horri esker inoiz ezagutu ez dugun egoerara ekarri gaitu, nazioarteko eremuan gure burua neurtzera. Argazki hau gero eta osoagoa eta zehatzagoa izango da nahikoa ezagumendu eta baliabide biltzea lortuz gero. Horixe da egun falta zaiguna.

Edonola ere, nazioarteko erakundeetan baliatzen diren neurgailuek gabezia larriak dituzte. Euskal Herriari dagokionez, besteak beste, ez digute balio gure barne errealitatea, gure barne aniztasuna zein den ezagutzeko, dela lurralde, sektore zein gizarte mailan.

Gizarte kohesioaz (pobrezia, gizarte babesa eta babesgabetasuna…) bi aipamen egin beharra dago. Lehena, ez dago naziorik gizarte kohesionatu eta osasuntsurik gabe, alta, datozen urteetan orain arte baino gogorrago saiatu beharko dugu, gure lurralde eta pertsonak kohesio politika berrien subjektu eta hartzaile izan daitezen. Politika horiek bazterketa eragotzi eta naziotasun sentimendua itxaropenez betetzeko balio izan behar lukete. Bigarren, aurrez beharrezkoa da lurralde eta gizarte mailako desorekak neurtzeko moduak adostea. Horrela, zein urrats eman eta norantz eman adosten hasi ahal izango gara. Ez da serioa gizarte kohesioa bezain gai garrantzitsuan adostasunik ez egotea neurtzeko metodoari, edo indarrean jarritako politiken eragina neurtzeari dagokionez. Herri izan ala ez izan, hor dago gakoa honetan ere.