Skip to main content

Ihes we CAN

Kutxen fusio aroa amaitzera doa eta azken orduan Nafarroako Kutxak (CAN delakoa) Caixabank-ekin egin du tratua. Berriro ere, Patxi Zabaletak Gaindegiaren ekitaldi batean aipatutako Jesus Aizpunen araua beteko da, Nafarroa edonorekin bere senideekin izan ezik.

Antton Olariagak ezin hobeto adierazi zigun Zakilixuten pentsamenduan (Berria egunkaria), “Ihes we CAN”. Izan ere, CAN Kutxabank-eko partaide izatera iristeak, entitate finantzario sendoago bat osatzeko logikatik haratago lurralde zatiketa mauka bihurtu dutenentzat bazuen geografia arriskutsu bat marraztearen ezaugarria.

Ondorioz, atzera berriro Euskal Herriari aspaldian ezarritako programazioa bete da, hots, ”desprogramatzea” , ahalegin guztiak egitea, baita zentzuak dionari kontra eginez ere, euskal herritar eta lurraldeen arteko lankidetzarik egon ez dadin. Azken buru, nafartarrek eta bere erakundeek benetako senideak zein dituzten jakin ez dezaten.

Edonola ere, CAN-en erabakiak atea zabalik uzten du bertako finantza entitateek, dela Kutxabank, dela Euskadiko Kutxa eta Ipar Kutxaren baturatik sortzen denak, Nafarroa Garaian orain artekoa baino sendoago bere proiektu eta zerbitzuak eskain ditzaten, Caixabank izango baitute lehiakide eta ez CAN moduko bertako entitate bat.

Lehia hau ez dago jada irabazterik, baina orain merkatuko lehia hasiko da, Nafarroa Garaiko aurrezleen konfidantza irabaztearena. Bizi ditugun garaiotan entitate sendoak eta herri konpromisoa dutenak ongi etorriak izango dira, hasieran aurrezle abertzaleen artean (badira, gutxienez 93.000 boz) eta gero gerokoak, etorkizuna lantzen duenarentzat baita. Saiatuz gero, baietz historiaren norabidea irauli, apustu!