Etorkizunak planifikazio zorrotza eskatzen digu

Anjeles Iztueta Azkue, Matematikaria

Ikusi Euskal Herriko adierazle galeria nagusia.

Azken hamarkadako datuak ikusita nabaria da jaiotze tasak goranzko joera hartu duela, eta noski, eragina izango zuten azken urteetan horretara bideratutako gizarte laguntzak eta familia planak. Hala ere krisia dela eta hasiak gara beheranzko bidean. Nire ustez arreta gunea izaten jarraitu beharko lukete familia planak, guraso gazteak eskubidea dutelako eta Euskal Herriak beharrezko duelako bere iraupenean.

Euskal Herria oso herri zaharkitua da, gaur egun bost biztanleetatik batek 65 urtetik gora dauzka, eta proportzio hau Europar Batasuneko mediatik gora dago. Honek nahi eta ez ondorioak ditu bai ekonomian, bai osasungintzan eta bai gizarte politiketan, politikan eta herrigintzan oro har. Guzti honek aldez aurretikako planifikazio zorrotza eskatzen du. Egoerari aurre egin beharrean gaude eta beldur naiz ez ote diogun behar den arretaz heltzen gaiari.

Laburbilduz azken hamarkadako datuei begirada bat ematen badiogu, hau baieztatzen digute:

  1. 2001tetik 2011ra, Euskal Herriko biztanleria osora , ia 200.000 pertsonetan hazi da. Nabarmenki gehien hazi diren lurraldeak Nafarroa Garaia %16 eta Araba %16 izan dira.
  2. 2011ean Euskal Herriko dentsitatea, 148,88 bizt/km2, Europar Batasunaren batezbestekoaren, 116,94 bizt/km2, nahiko goitik dago. Biztanleriaren dentsitatea gehien duen lurraldea Bizkaia 518,17 bizt/km2 da.
  3. 2001tetik 2011ra, Euskal Herrian, 15 urtetik beheragoko biztanleriaren proportzioa etengabe handitzen joan da, eta hamarkada honetan % 12,53tik %14,04ra igo da. Hala eta guztiz Finlandiako %16,51 eta baita Europar Batasuneko %16,50tik behera dago.
  4. 2010ean Euskal Herriko jaiotza tasa mila biztanleko 9,92 da, Euskal Herrian jaiotza kopuruak goranzko joera izan du eta mila biztanleko 9 jaiotza izatetik 2001ean, 10,18 izatera pasa ginen 2008an, eta azken urteetan pixkakako beherazko joeran hasi gara.
  5. 2001tetik 2011ra, Euskal Herrian, 65 urtetik goragoko biztanleriaren proportzioa etengabe handitzen joan da, eta 2011ean %19,36 genuen proportzioa. Beti ere Europar Batasuneko mediatik gora gaude.
  6. 2001tik 2011ra, Euskal Herriko heriotza tasa egonkorra da, Europar Batasuna tasaren behetik gaude, eta 2010ean 8,84koa zen mila biztanleko. Tasarik baxuena Arabak 7,61 eta Nafarroa Garaiak 7,82 daukate.

Etengabe berritzen eta osatzen den populazioa dugu herrigintzaren ardatza. Beraz, prestatu gaitezen!