Gaindegiak aurkezturiko 2004/2024 txostenaren arabera
Nafarroako sozioekonomiaren datuek kohesioa transmititzen dute, Euskal Herriaren esparru orokorraren barnean
- Lurraldearen gaineko mapa estatistikoan, gune larri gisa detektatu dira pobrezia arriskua eta gastu soziala
"Nafarroako datu estatistiko sozioekonomikoek kohesioa eta koherentzia adierazten dituzte; ez da izan gorabehera esanguratsurik, Euskal Herriko beste bi esparru administratiboekin alderatzen badugu (hots, EAErekin eta Ipar Euskal Herriarekin), nahiz eta lurraldea horrela banatuta egon", adierazi du gaur Gaindegiko presidenteak, Iñaki Dorronsorok, Iruñean emandako prentsaurrekoan.
Nafarroako Gobernuak Euskarabidea Institutua daukan egoitzan izan da agerraldia. Bertara azaldu dira, "Euskal Herriko garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako behategiko" presidentea ez ezik, Nafarroako Gobernuko Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilari Mikel Irujo, behatokiaren Batzorde Zientifikoko koordinatzaile Anjeles Iztueta eta Soziologian doktore, ikertzaile eta NUPeko irakasle Izaskun Andueza; bera da aipatutako batzordeko kideetako bat.
Gaur aurkeztu den txostenak segimendu estatistiko bat egiten du 2004tik 2024ra pasatu diren hogei urte horiena. Txostenaren aurreneko bertsioa iazko azaroan atera zuten, nahiz eta urtea ixteko azken datuak falta izan, eta bat egin zuen Gaindegiaren 20. urteurrenarekin. Gaur egindako aurkezpenean, berriz, datu guztiak hartu dira kontuan.
Dorronsorok sakoneko aldaketak aipatu ditu: "Ez dituzte sorburu berdinak, baina, denboran batera gertatu direnez, eraldaketa ekarri dute ". Planeta osoan izan dute eragina, eta, beraz, baita Euskal Herrian ere. Aipatu ditu 2008ko finantza krisia, 2020-2021eko pandemia, Errusiaren Ukrainako inbasioa eta Israel eta Palestinako krisi belikoa, bereziki odoltsua palestinarrentzat. Baina halaber aipatu du 2001eko irailaren 11n AEBetan izaniko atentatuen ondoko aroa.
"Azken urteotan gertaera beliko, geopolitiko, ekonomiko, demografiko eta kultural anitz izan dira, eta gure herrialdeari ere eragin diote", azpimarratu du.
Nafarroako Aurrezki Kutxaren desagertzea
Bertara etorrita, zenbait gertaera aipatu ditu, "zalantzarik gabe eragin handia izan dutenak baina ez garenak gauza estatistikoki zifratzeko". Horien artean, nabarmengarriena 2010. urtean Nafarroako Aurrezki Kutxa desagertu izana, Banca Civicarekin bat eginik lehenik eta handik bi urtera Caixabankek xurgaturik bigarrenik. Gaindegiko presidentearentzat, tamalgarria izan da Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioa ere iraungi izana, aurrezki kutxak desagertuz joan baitira pixkanaka, gatazka politikoengatik eta lurraldeko aurrezki kutxen bankarizazioaren aldeko joerarengatik.
Txostenaren hariari berriz helduz, honela adierazi du Dorronsorok: "Azaroko aurkezpenean esan genuenak balio du hemen ere: estatistikak dakarrenez, herrialde osoaren ekonomia —eta beraz orobat Nafarroakoarena— prestatua baitago lurralde honetako gizartearen ongizate-helburuei sostengu emateko, kanpotik ezer ekartzen ibili beharrik gabe". "Irekiagoa da, aldiz, aberastasun horren banaketa-ereduen gaineko debatea", zehaztu du, "baina aurreneko egiaztapena agerikoa izan da".
Antzeko eboluzioa
Anjeles Iztueta arduratu da datuak azaltzeaz, eta hauxe azpimarratu du: "Euskal Herri osoan, eta Nafarroan partikularki, antzeko eboluzioa erakusten dute grafikoek, ia paraleloak, Europako Erkidegoaren esparruan, hori baita azterketaren erreferente konparatiboa, bera osatzen duten lau ataletako adierazle guztietan (demografia, ekonomia, gizartea eta ingurumena)". Behaketa horretatik abiaturik, aurkeztutako txostenak Euskal Herria/Nafarroa konparazio-ardatzean jartzen du arreta.
Iztuetak koherentzia eta kohesio faktoreei ere egin die aipamen, handiagoa baita Hego Euskal Herriko bi administrazio-erkidegoek elkarrekin dutena. "Bi erkidegoek autonomia eredu berdin-berdinak dituztenez, bakoitza bere kontzertu ekonomikoarekin, horrek bereizi egiten ditu Espainiako Estatuko gainerako erkidegoetatik, eta hemen aurkezten dugun emaitza hau ematen dute", esan du.
Demografiaren atalean, Nafarroa Garaiak du hogei urte honetako hazkunde adierazlerik handiena. 576.346 biztanle zituen, eta orain 683.525 ditu; hortaz, ehuneko 18,6 igo da. Kopuru horretatik, ehuneko 71 jaio da lurraldean bertan. Euskal Herri osoan ehuneko 10 inguru handitu da batez beste, eta gaur egun 3.200.000 biztanle ditu. Bizkaian dago jende gehiena, kopuru horren ehuneko 36, eta atzetik du Gipuzkoa ehuneko 22,5ekin; gero datoz Nafarroa Garaia ehuneko 21ekin, Araba ehuneko 10,6rekin, Lapurdi ehuneko 8,5ekin, Nafarroa Beherea ehuneko 1ekin eta Zuberoa ehuneko 0,4rekin.
Immigrazioari, populazioaren adinari eta bestelako interes bereziko faktoreei dagokienez, Nafarroako estatistikak, 2022koari dagokionak, Marokoko 17.800 lagun jasotzen ditu, Ekuadorko 15.000 eta Kolonbiako 11.300. Espainiatik datorren immigrazioa (oraingoz ez dago zifra bereizirik aipaturiko euskal lurraldeetarako) 80.000 lagunekoa da.
Nafarroa Garaiko biztanleria adinaren arabera egituratuta, ikusten da jaiotzetan beherakada bat dagoela eta 65 urtetik gorako biztanleetan hazkundea, eta hori horrela gertatu da Europa osoan. Lurraldearen zahartze tasa, ordea, ehuneko 137koa izan zen (100 haur bakoitzeko, 137 lagun daude 65 urtetik gorakoak). Euskal Herri osoan, alabaina, 168raino igotzen da datu hori.
Zabaldu diren usteen desmitifikazioa
Ekonomiaren atalean, gizartean dauden uste batzuk deseraikitzen dira, hala nola Nafarroako egitura produktiboan industriak eta lehen sektoreak duten pisua eta BPGaren bolumena. "Ez Nafarroa Garaian dago nagusi orburuen ekoizpena, ez Bizkaiak dauka industriaren monopolioa", adierazi du alde horretatik Anjeles Iztuetak.
Nafarroa Garaian, Barne Produktu Gordina ehuneko 83 igo da 2000tik 2023ra, zehazki 20.300 eurotik 37.300 eurora. Erosahalmenaren parekotasuna aplikatuta, pertsonako BPGa 23.100 eurotik abiatu zen, eta 41.300 eurotan finkatu zen epe horretan. Euskal Herrian, batez beste, 39.100 eurotan egon zen epe horretan.
27en Europar Batasunera eramanez (EB27), goiko postuetan daudenetatik urrun gelditzen dira kopuru horiek. Adibidez, Hovedstadeneko eskualdean (Danimarkan) 90.400 eurotara iristen dira pertsonako, eta Bruselan bertan 77.800 eurokoa da batez beste.
Produktibitate adierazleei erreparatzen badiegu, batez beste, handiagoa da Euskal Herri osoan Nafarroa Garaian baino. Lanaren urteko produktibitatea (langileko BPGa eurotan) etengabe igo da bi erreferentzietan. 2023an, BPG hori 81.700ekoa zen Euskal Herrian eta 78.000koa Nafarroan.
EB27ko batezbestekotik gora daude kopuru horiek (75.700), baina oraindik urrun, adibidez, Belgikako, Danimarkako eta Luxenburgoko erreferentzietatik, 80.000 eta 100.000 euro artean ibiltzen baitira.
Balio erantsi gordinaren egiturari dagokionez, BPGaren ehuneko 30era iristen da industriaren pisua, Euskal Herri osoaren batezbestekotik lau puntu gorago. Industriaren pisu handiaren aldean, lehen sektorea bere horretan egon da urteotan ehuneko lauan.
Merkataritza balantzari dagokionez, Nafarroa Garaikoa oraindik positiboa da, nahiz eta inportazioen eta esportazioen arteko distantzia laburtzen doan urtero. 2022an, 20.570 milioi eurokoa izan zen esportazioen bolumena; inportazioak, berriz, 17.000 milioi euroan egon ziren.
Langileen soldatak eta ordukako soldatak igo egin dira. Hala ere, Euskal Herri osoko batezbestekoa Nafarroa Garaikotik gorago dago. 2023an, Euskal Herrian, 44.000 euro zen batez beste; Nafarroa Garaian, berriz, 41.500; hau da, 28,5 euro eta 26,2 euro ordua.
Errenta erabilgarriari erreparatzen badiogu (familien diru sarrerei), Nafarroa Garaia 2000. urtean Euskal Herriaren aurretik bazen ere, zertxobait aurretik, ordutik hona atzetik da, eta aldea gero eta handiagoa da. Hala, Euskal Herri osoan kopurua 21.400 eurokoa bada, Nafarroa Garaian 19.400 eurokoa da.
Pobrezia arriskua eta gastu soziala, hobetu beharrekoak
Txostenaren hirugarren atalean, sozietatearen gainekoan, hezkuntza, euskara, enplegua eta ongizatea sartzen dira.
Euskararen presentzia ez da berdina Nafarroa Garaiko eskualdeetan. Iparraldean, ehuneko 70 baino gehiago dira euskaldunak; erdialdean, ehuneko 30-60 artean; eta hegoaldean, ehuneko 1etik behera. Iruñean, hiriburuan, euskaldun kopurua ehuneko 12koa da eta zertxobait handiagoa inguruko udalerrietan. Hizkuntzaren erabilera egonkor dago azken urteetan.
Langabezia tasak aintzat hartzeko moduko beherakada izan du hamar urte honetan. 2013an, ehuneko 18ra iritsi zen, eta 2024an ehuneko 7,7ra jaitsi, Euskal Herriaren batezbestekotik pixka bat beherago (ehuneko zortzi).
Pobrezia edo gizarte bazterketa jasateko arriskua dutenen atalean eta babes soziala emateko gastu publikoarenean, Nafarroa Garaiak konparatiboki zifra larriagoak erakusten ditu, zeren eta, arriskua handitzen badoa ere, ez doa berdin handitzen gastu publikoa. Pobrezia edo bazterkeria 2015ean ehuneko 14koa izan bazen, 2024an ehuneko 18,3koa izan zen. Euskal Herri osoan, ehuneko 16an dago.
Babes sozialera bideratutako gastu publikoa BPGaren ehuneko 20,5ekoa izan zen 2019an. Euskal Herrian, berriz, batez beste ehuneko 24koa.
Txostenaren laugarren eta azken kapituluan, ingurumenaren gainekoan, arreta berezia jarri behar da CO2 emisioetan; hamarren batzuen aldea besterik ez dago Nafarroa Garaian herrialde osoarekin konparatuta. Bi kasuetan, nabarmen gutxitu dira emisioak. Nafarroak 11,9 tona igorri zituen 2005ean, eta 2023an, berriz, 5,9. Euskal Herri osoari dagokionez, 5,3 tonatan dago. Erortzen den beste mito sozial bat dago: Nafarroa funtsean nekazaria delako uste okerra; izan ere, industriaren portzentajea handiagoa da (BPGaren ehuneko 30) Euskal Herriko batezbestekoa baino (ehuneko 27).
CO2 emisioak, berriz, energiaren kontsumoari lotuta daude: Nafarroa Garaiak, hemen ere, zifra larriak erakusten ditu Euskal Herriaren batezbestekoarekin alderatuta, eta biek baita EN27rekiko ere. Batez ere petrolioa erabili du energia sortzeko erregai gisa Nafarroa Garaiak: kontsumitzen duenaren ehuneko 45,5 izan da 2011tik 2020ra. Energia berriztagarriak ehuneko 5,3ra iritsi ziren 2020an, eta energia elektrikoa 21,5era. Euskal Herrian batez beste ehuneko 24,2 da elektrizitatean. Berriztagarriak, kasu horretan, ehuneko zortzira iristen dira.
EB27k beheranzko joera nabaria ageri du petrolioaren eta gasaren erabileran, eta indartu egin du elektrizitatetik eta berriztagarrietatik datorren energia kopurua.
Mikel Irujo: Berriztagarrietan gehiago aurreratu
da azken hiru urteetan aurreko hogeita hamarretan baino
Iztuetak bere jarduna amaitu ondoren Mikel Irujok hartu du hitza. Nafarroako industriari buruz aritu da esanez “BPGaren ehuneko 31koa dela, eta honi gaineratu behar zaiola Industriari lotutako zerbitzuen beste ehuneko 20,3a”. “Hau da -azpimarratu du- Nafarroako ekonomian Industriak daukan pisua ehuneko 50etik gorakoa da”.
Kontseilariak energiaren gaiari ere heldu dio. “Energia berriztagarrien garrantzia nabarmendu beharra dago, energia kontsumo osoaren ehuneko 24koa baita, hau da, elektrizitate kontsumoaren ia ehuneko 65a”, esan du. Hari berean adierazi du « azken hiru urteetan 1,4GW energia baimendu direla, azken hiru urte hauetan gehiago aurreratu delarik aurreko hogeita hamar urteetan baino”.
Batzorde zientifikoa
Prentsaurrekoan, Gaindegiko bozeramaileek behategi barnean izan diren aldaketak ere aipatu dituzte, 2020-2021eko krisitik hona izandakoak.
Zuzendari batzorde berria dago, enpresaren, sindikatuen eta Administrazio Publikoko goi karguen mundutik datorren jendearekin osatua; horien artean, unibertsitateko ikertzaileak, Euskal Herri osokoak.
Batzorde zientifiko bat ere osatu da, hamazazpi lagunekin, horietatik hiru Nafarroako Unibertsitate Publikokoak. Hauek dira: Martin Larraza errektoreordea eta Enpresa Garapeneko katedraduna; Izaskun Andueza Soziologian doktorea, ikertzailea eta irakaslea, eta Jaione Etxeberria, hori ere doktorea Soziologian, ikertzailea eta irakaslea. Batzorde horretako gainerako kideak, berriz, Euskal Herri osoko unibertsitate publikoetatik nahiz pribatuetatik datoz. Besteak beste, katedradunak, doktoreak eta ikertzaileak Ekonomian eta Soziologian, eta estatistikari aplikaturiko teknologia berrietako espezialistak, orobat administrazioetako goi kargu izandakoak.
Batzordearen helburua da kalitate zientifikoaren bermea ematea, bai eta orientazio kualifikatua ematea ere Gaindegiak egin beharreko azterketetan.
Gaur emandako prentsaurrekoaren ondoren, txostenaren aurkezpen sozialaren ekitaldi bat egin dute, zeinetan parte hartu baitute Nafarroako administrazio, unibertsitate, finantza, enpresa, sindikatu eta gizarte arloetako pertsona ezagun ugarik.
Ana Ollo: Gizarte kohesioa eta elkarbizitza
Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria, Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskarako kontseilaria, izan da lehen hizlaria ekitaldian. Gaindegiaren txostena eta hau Euskarabidean aurkeztu izana lotu ditu bere sailean euskara irizpide estrategikoarekin lantzen dela adierazteko “gizarte kohesioa eta elkarbizitza, kultur balio erantsirako tresna gisa, bai eta ekonomia garapen iraunkorrerako eragile gisa ere”.
Ollok arlo sozio-ekonomikoa “ikuspegi zabalez, bertako errealitatetik Europako testuingururaino” landu beharra azpimarratu du “ azterketa prospektiboekin gure lurraldeen etorkizunari urrunerako begiradaz eta epe luzera behatuz”.