Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, urtero bezala Euskal Herriari dagozkion oinarrizko aldagaiak kalkulatu eta Europako testuinguruarekin alderatu ditu. ‘Demografia’, ‘ekonomia’ eta ‘gizartea’ ataletan banatuta, hogei adierazletik gora biltzen dituen argitalpena duzu hurrengoa.
Aurtengo indizeek ez dute COVID-19aren eragina guztiz jasotzen. Hala, hurrengo hilabeteetan kalkulatu eta dokumentatu beharko da berau. Bestalde, Europako estatuekiko eta estaturik gabeko erreferentziazko nazioekiko alderaketa errazteari begira, aurtengo edizioan eduki bisualak indartu dira txostenean. Euskal Herriko Adierazle Galeria Nagusia, 2020 argitalpena deskargatzeko, sakatu hemen.
Demografia
Herritar kopuruak goranzko joeran jarraitu du bosgarren urtez. Euskal Herriak 3.170.890 biztanle ditu (2019) honezkero. Azken urtean hazkunde demografikoa positiboa izan da, batez ere Lapurdin, Nafarroa Garaian eta Araban. Beste behin ere, atzerriko biztanleria erakarri izanak eragin du hazkunde demografikoa positiboa izatea.
Migrazio fluxuen berrindartzea, ordea, ez da nahikoa izan Euskal Herriko zahartze demografikoaren joera eteteko, eta, Euskal Herriko egungo zahartze-tasa (%21,9), Finlandiaren pare, EB-27an baino 1,6 puntu handiagoa da. Beste aldean, jaiotza kopuruak ere beheranzko joeran jarraitzen du eta azken urtean mila biztanleko 7,7 jaiotza izan dira (EB-27an 9,5 jaiotza/mila biztanleko). Jaiotzen eta heriotzen arteko saldo negatiboa gero eta handiagoa da Europan, baina Euskal Herrian desoreka are nabarmenagoa da.
Ekonomia
2019 urtean Euskal Herriko Barne Produktu Gordinak %2,2ko hazkundea izan du, Euskal Herriko Adierazle Galeria Nagusia 2019ko argitalpenean egindako aurreikuspenak betez. Euskal Herriko BPGk hazkunde positiboa izan du sei urtez, eta iturri ofizialen urte hasierako aurreikuspenen arabera Euskal Herrian 1,9 puntuko hazkundea espero zitekeen arren, COVID-19ak sorrarazitako osasun larrialdiak 2020 urterako aurreikuspen guztiak irauli ditu. Europako BPGk hazkunde negatibo garrantzitsua pairatuko du 2020 urtean, batez ere, kontinentearen mendebaldeko herrialdeetan. Azken aurreikuspenen arabera Euskal Herriko BPGk 8,4 puntuko atzeraldia izan dezake 2020 urtean. Aurreikuspenak betetzen badira, Euskal Herriak EB-27k (-7,4) baino atzeraldi indartsuagoa pairatuko du.
Edonolaz, datozen hilabeteotan osasun larrialdiaren bilakaera aurreikustea zaila den arren, ekonomiaren bilakaera fenomeno horri lotuta egongo da ezinbestean. Alta, nahiz eta aipatu larrialdiak aldagai ekonomiko guztietan eragina izango duen arren, gaur gaurkoz biztanleko BPG inoizko handiena du egun (35.100€) Euskal Herriak; EB-27koa baino 4.300€ handiagoa da (2018). Eskulanaren produktibitatea garrantzitsua da oso, nahiz eta aurreko urtearekiko alderaketan (2018) zertxobait apaldu den. Manufaktura-industriak Euskal Herriko balio erantsiaren %21,4a sortu du azken urtean eta krisialdiaren aurretik zeukan pisua berreskuratu ez duen arren, EB-27an (%16,7) baino pisu nabarmen handiagoa dauka. Ikerketa eta Garapenerako gastuan, ostera, Euskal Herria (BPGren %1,74a) Europaren atzetik dabil. Aipatzekoa da, halaber, Euskal Herriak nortasun esportatzaileari eutsi diola 2019 urtean ere, esportazioek BPGren %54,1 osatzeraino.
Gizartea
Azken urtean babes sozialera bideratutako gastu gordina handitu arren BPGren hazkundearen azpitik hazi da berau. Hala, BPGrekiko proportzioan, Euskal Herriko gizarte babeseko gastua apaldu egin da laugarren urtez. Langabezia-tasak beheranzko joera handia izan du 2013/19 epealdian, langabezia-tasa %8,8ra murrizteraino (2019). Alta, langabeziak erreferentziazko lurraldeetan baino handiagoa izaten jarraitzen du. Bien artean, prekarietatearen ondoriozko zaurgarritasuna hedatzen joan da euskal jendartean.
Nolanahi ere langabetuen kopuruak goranzko joera indartsua du une honetan, egiturazko adierazleetan oraindik ikusezina den arren. Europako AROPE indikadoreen arabera Euskal Herrian herritarren %12,7a pobrezia edo gizarte bazterketa arriskuan da. Nahiz eta aipatu datua azken hamarkadako proportzio txikiena den, osasun larrialdiak sorrarazitako egoera berrian behar sozialei aurre egiteko baliabide handiak beharko dira.
TXOSTENA ESKURATZEKO SAKATU HEMEN:
Euskal Herriko Adierazle Galeria Nagusia 2020
AURREKO URTEKO TXOSTENA ESKURATZEKO SAKATU HEMEN:
Euskal Herriko Adierazle Galeria Nagusia 2019