Skip to main content

Euskal Herriaren dimentsio sozioekonomiko nagusiak ezagutzera emateko plataforma berria

Gaindegia, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia, herri xedez diharduten pertsona eta erakundeak hornitzeko sortu zen. Ordutik, Euskal Herriaren dimentsio sozioekonomikoari dagozkion edukiak eta baliabideak sortu eta ororen eskura jarri ditu.

Informazioa eskaintzea bezain garrantzitsua da, ordea, eskuragarri jartzen denaren erabilgarritasuna. Horrela, Behategiak arreta handia jartzen dio informazioa tresna eta formatu desberdinetan eskaintzeari, beti ere, erabiltzaile eta erabilera desberdinak ahalbidetzeko asmoz.

Konpromiso honi jarraiki, Gaindegiak bere baliabideak berritzeari eta plataforma bakarrean bateratzeari ekin dio. Hala, informazioaren antolaketa argiagoa, irisgarriagoa eta intuitiboagoa bilatu du. Lau atal nagusitan antolatu dira baliabideak: argitalpenak, bisualizazioak, datu estatistikoak eta datu espazialak.

Plataforman biltzen diren edukiek nazioarteko estandar eta irizpideei jarraitzen diete, datu irekien eta INSPIRE zuzentarauaren irizpideen arabera, doan, software librearen gainean eta artxibategi-formatu estandarretan. Horrenbestez, baliabideok Euskal Herria egunerokoan bere eskuekin oratzen dutenen zerbitzura daude, izan ikasle, irakasle, aktibista soziala edo eragile ekonomiko, kazetari zein sindikalista, eta oro har Euskal Herriaren garapen sozioekonomikoarekin interesatutakoentzat.

Berritasunak atal guztietan daude, baina aipatzekoak dira, datu-bisualizazioentzat atal berezi bat sortu izana; 25 datu multzotan banatutako 80 fitxategirekin datu estatistikoak biltzen dituen katalogoaren erabilgarritasuna indartu izana (besteak beste JSON formatuko fitxategiak gehituz); eta, datu espazialen atalean, Atlasa berritzeko hasitako bidea.

Horrezaz gain Gaindegiak edukien hedapenerako informazio kanalak indartuko ditu. Buletina eta sare sozialak (facebok.com/gaindegia, instagram.com/gaindegia eta twitter.com/gaindegia) izango dira hedapen kanal nagusiak aurrerantzean. Helburu horrekin datozen buletinerako harpidetza kanpaina abiatu da.

Euskal Herria hamarkada batean bi astinaldi sozioekonomiko larri bizitzen ari da. Garai zailak izaten dira Euskal Herriak egitasmo sozioekonomiko herrigilea behar duela uste dugunontzat. Urruneko administrazioek arreta guztia bereganatzen dute eta beren erabakiekin lurralde asimetriak areagotzen dituzte. Badakigu, ordea, gure herriaren geroa bertan egiten dugunari estu-estu lotuta doala. Baliabide hauek eta etorkizunean eskainiko ditugunak eragile sozioekonomikoek egitasmo herrigile berriak bultzatzeko lagungarri izango direlakoan gaude.

Etiketa orokorrak