Skip to main content

#EuskalPirinioak: indarberritu beharreko euskal geografia

Gaur egun, Euskal Herria mundu mailan aberastasun mailarik handienetakoa duten lurraldeen artean izan arren, bere lurralde eremu zabal batek nekez ezagutzen du aberastasun horrek dakarren ongizaterik.

Euskal Pirinioak dira horren adibide garbia. Orografikoki lurralde eremu menditsuena izateaz gain, geografikoki hiriburu eta gune ekonomiko nagusietatik urrunen dauden udalerriek osatzen dute. Halaber, mugako zonaldeak dira, non administrazio zentralek ez duten interes handiegirik bertako herritarren egitasmoei jarraitu eta garapena sustatzeko, are gutxiago garapen ekimen horiek euskal identitatea indartzeko balio badute. Horiek eta beste ondorio ugari jakitera eman ditugu Gaindegiak Udalbiltzako Euskal Garapen eta Kohesio Fondoarentzat egin berri duen txostenean: Euskal Herriko Pirinioak, problematika sozio-ekonomikoari hurbilpen lana Hona hemen problematika nagusien laburpena. PROBLEMATIKA NAGUSIAK
  • Periferizazioa: Euskal Pirinioetako udalerriak dagokion hiriburu administratibotik urrun daude; 60 kilometrotik gorakoak dira distantziak. Periferizazioa ez da, ordea, geografikoa bakarrik, administratiboa ere bada: lurralde eremu hauen biziberritzea edo indartzea lehentasunen artean ez daudenez, Pirinioetako bailaren garapenerako egitasmoak asmoz eta baliabidez urri gertatzen dira.
  • Populazio galera: Lau udalerritatik hiruk biztanleria galdu dute azken urteotan.
  • Zahartzea: Zahartze indizea (170,67) Euskal Herrikoaren oso gainetik dago (138,11).
  • Zerbitzuen eskuragarritasun zaila: Ikastetxera, ospitalera edo oinarrizko hainbat zerbitzutara iristeko distantziak, halaber, oso handiak dira, biztanle askorentzat ez dira eskuragarri.
  • Jarduera ekonomiko eta enplegu eskasa: Planifikazio ekonomikoek nekazaritza, basogintza eta ostalaritza-turismoa sustatu dituzte, baina garapen ekonomiko eta sozialak dibertsifikazio handiagoa (eta berariazko sustapena) eskatzen dituzte.
Euskal Pirinioetako udalerrien egoera ez da, beraz, oparoa, eta ezinbestez heldu behar zaio lurralde honen biziberritzeak eskatzen duenari. Garapen eredu integral baten bideari heldu beharko zaio, eta lehen urratsa Lurralde Antolamendu irizpideak aldatzea izan behar luke. Ez da onartzekoa Baiona edo Iruñearen mesedetan lurralde hauek jendez, zerbitzuz edo jardueraz hustea. [important] Gaiarekin loturikoak: TXOSTENA: Euskal Herriko Pirinioak, problematika sozio-ekonomikoari hurbilpen lana (PDF) ATARIA: Euskal Pirinioetan lan eta bizi ekimena BIDEOA: Euskal Pirinioen egoera [/important] [warning]Laster: Adituen analisiak[/warning]