Mugaz gaindiko lankidetzak finantziazio eta eroale iraunkorren faltan

Gaindegiak, Azaro Fundazioarekin elkarlanean, Euskal Herriko lurralde administrazioen arteko lankidetza jardueren gaineko ikerketa burutu du. Ikerketaren xedea lankidetza esparrua ikuspegi kuantitatibo eta kualitatibotik aztertzea izan da. Kuantitatiboki, Europar Batasuneko diru-laguntzaz sustaturiko mugaz gaindiko lankidetza proiektu kopurua aztertu da. Kualitatiboki, mugaz gaindiko jardueretan jarduten diren enpresa ertain-txiki, elkarte kultural edo sozialen errealitatea ezagutzeko sakoneko inkestak egin dira.

Ikuspegi ekonomikotik, ugariak dira Europar Batasunaren babes pean, Euskadi-Akitania, INTERREG SUDOE 2013 edo POTECFA bidez, sostengaturiko proiektuak. Euskal lurraldean garatu diren 129 proiektu identifikatu dira. Horien artean, 90 proiektutako taldeburuek Euskal Herrian dute kokaleku, eta 61 proiektuk, euskal lurraldeen artean lankidetzan garatzen dira. Azken hauek, baturan, 55,5 milioi euroko aurrekontua osatzen dute. Bataz bestez, proiektuko 910.000 euro. Lankidetzarako harreman ugari administrazio publikoko eragileak dira (42); horien artean, 27 udaletxe.

Iparraldeak Hegoaldeari begiratzen dio, baina Hegoaldeak Akitaniako iparraldeari begira dago

Ipar Euskal Herrian formalizatzen diren mugaz gaindiko lankidetza proiektu gehienak, Europar Batasuneko diru-funtsak izan ala ez, Hego Euskal Herriari begiratzen diote. Mugaz gaindiko lankidetzarako prestutasun handiagoa dute Ipar Euskal Herriko eragileek Hegoaldekoek baino. Hego Euskal Herrian, diru-funtsa handiko proiektuetan nabarmen, Akitaniako iparraldearekin elkarlanerako joera handia dago, bereziki Bordelekin.

Akitania-Euskadi euroeskualdea lankidetza jarduerak sustatzeko, babesteko eta bideratzeko lagungarria da, baina sarritan eskala horrek Ipar Euskal Herria alboratu du geografikoki lankidetza proiektuen erdibidean bada ere. Aurrerantzean egoera hau alda daiteke Ipar Euskal Herria herri elkargo gisa egituratzearekin: batetik, bertako lankidetza gogoa errazteko balio dezake; eta bestetik, Hegoaldearen begietara erkidegoen pareko interlokutorea izan.

Elkar ezagutza eza eta hizkuntzaren oztopoa

Mugaz gaindiko lankidetzarako oztopoa izan ohi da elkar ezagutza eskasa. Lankidetza esperientzien gaineko informazio eroale, saregile, gutxi dago eta eragile txikientzat zailtasun administratibo handiak dituzte. Lankidetzarako pareko eragilerik ez da maiz ezagutzen eta, oro har, mugaz bestaldeko errealitateari buruzko erreferentziak besteak baino mugatuagoak dira.

Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko hartu-emanerako lanerako ordutegi kultura desberdintasuna arazo iturburu izan daiteke, baina hizkuntza da gehienetan harremanak zailtzen dituen elementua. Euskara nagusi den esparruetan ez da halako egoerarik suertatzen, euskarak konfiantza giroa errazten du nabarmen.

Finantzazioa, harreman iraunkorrerako arazo

Mugaz gaindiko lankidetzan aritzen diren hamarnaka eragileentzat finantzazio iturriak topatzea arazo izan ohi da. Eragile sozial eta kultural askok inolako baliabiderik gabe, edo baliabide urriekin, jarduten dira harreman pertsonalak, herri kontzientziak edota gertutasun geografikoak bultzatuta. Lehen sektorean edo hezkuntza ez unibertsitarioan murgildutakoak ez dira gutxi. Enpresek, aldiz, egoera horretan uko egiten diote lankidetza proiektuak egiteari.

Enpresen munduan horrek iraupen labur edo ertaineko proiektuak nagusitzea dakar maiz, esparru sozial eta kulturalean ez ekonomikoan bezainbeste. Aurrekontu handiagoko mugaz gaindiko lankidetzako proiektuetatik sorturiko harremanek ere sarritan proiektuen finantzazioaren iraupena dute, bi edo hiru urterako aurrekontuak askotan.

Etiketa orokorrak: