[2020-I] 126.600 langabe Euskal Herrian, aurreko hiruhilekoan baino 5.800 gutxiago

2020ko lehen hiruhileko datuen arabera Euskal Herriko langabezia tasa %8,49koa da (INE), aurreko hiruhilekoan baino txikiagoa (-0,35). EUSTATen arabera, ordea, langabezia zertxobait handitu da azken hiruhilekoan (+0,22) eta horrek Euskal Herriko langabezia tasa %9,35an kokatzen du. 2019 urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, ordea, langabezia tasa 0,6 (INE) eta 0,3 (EUSTAT) puntu bitartean apaldu da.

Azken hiruhilekoan langabezia tasaren jaitsiera garrantzitsua gertatu da Araban (-1,72; INE), eta jaitsiera leunagoa, aldiz, Gipuzkoan (-0,62; INE) eta Nafarroa Garaian (-0,46; INE). Ostera, Bizkaian (+0,14; INE) eta Ipar Euskal Herrian (+0,08; GAINDEGIA) gora egin du langabeziak. EUSTATen arabera langabezia tasa igo egin da Gipuzkoan (+0,70; EUSTAT) eta Bizkaian (+0,60; EUSTAT). Edonola ere, 2019 urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, langabezia tasa lurralde guztietan da apalagoa Nafarroa Garaian ezik.

Gaur argitaratutako datuak egungo egoera baino osasun larrialdi aurreko egoeraren isla dira, amaitu berri den ziklo baten itxiera gisa ulertu beharrekoak. Ziklo honen azken txanpak langabeziaren gutxitzea ekarri du, nahiz eta Euskal Herrian gogoz kontra lanaldi partzialean zirenen kopurua paretsu mantendu (95.600 pertsona; 2019). Osasun larrialdiarekin, ordea, egoera irauli eta langabezia nabarmen hedatu da, erregistraturiko langabetuen igoerak erakutsi bezala. Uztaila amaierak langabezia-tasaren igoerari buruzko bestelako perspektiba emango du.

2020ko lehen hiruhilekoaren behin-behineko datuen arabera EB-27ko langabezia tasa berdintsu mantendu da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Horrela, Euskal Herriko langabezia tasak EB-27an baino 2,0 puntu (INE) handiagoa izaten jarraitzen du. Europan Greziak (%16,4), Espainiak (%14,4), Kataluniak (%10,7) eta Italiak (%9,8) dute Euskal Herria baino langabezia maila handiagoa.

Etiketa orokorrak: