Hirigintzak eta barne-migrazioek 2001/11 epealdian euskararen gotorlekuak ahuldu dituzte

Gaindegiak UEMArentzat euskararen gaitasun indize-maila altua duten Euskal A.E.ko 126 udalerrietako datu demolinguistikoak eta sozio-ekonomikoak uztartuz 2001/2011 epealdian gertaturiko euskara gaitasun indizearen apaltzea ikertu du. Horretarako, hizkuntz bilakaerak tokiko ezaugarri sozioekonomikoen bilakaerarekin duen harremana aztertu du; orotara, 234 adierazle aintzat hartu ditu. Azterlanak euskararen indize orokorraren bilakaera baldintzatu duten bi faktore nagusi identifikatu ditu.

Hirigintza jarduera bizia

2001/2011 epealdian euskara gaitasuna %70etik gorakoa den udalerrietan gainerakoetan baino nabarmen gehiago hazi da etxebizitza parkea. Etxebizitza kopurua gehien hazi den udalerrietan, izan lehen etxebizitzak edo bigarren etxebizitzak, euskara gaitasun indizearen gainbehera handiagoa izan da.

Nolanahi ere, udalerri euskaldunetan etxebizitza parkea handitzeaz gain lehen etxebizitzen parkea nabarmen handitu da, harik eta bigarren etxebizitza ziren asko lehen etxebizitza bihurtzeraino. Izan ere, egungo egitura demografikoan pisu handiena duten baby boom delako belaunaldiak bizitza proiektua garatzeko adinera iritsi dira (30 urtetik gorako adina gainditu dute), eta hortik, azken hamarkadako etxebizitza premia indartsua.

Barne migrazioak

2001/2011 epealdian euskara gaitasunaren ahultze handiena izan duten udalerriek biztanleriaren gorakada nabarmena izan dute. Biztanleriaren gorakada ez da soilik ugalkortasunaren emaitza izan, beste eremu batzuetatik erakarritako herritarrak bereganatu izanaren emaitza da ere. Zentzu horretan, hirigintza jarduera bizia eta biztanleriaren hazkunde biziaren arteko harremana argia da.

Euskara gaitasun indize handia duten udalerrietara bizitzera joandako herritarrak, bataz beste, 30-44 urte bitartekoak dira (bereziki, 30-39 bitartekoak) eta inguruko herrietan edo euskal hirigune batean dute sorterria. Euskararen nolabaiteko ezagutza izan ohi dute baina gehienek etxeko hizkuntza eta ama hizkuntza erdara izan dute. Formazio maila eta errenta maila helmugako udalerrikoa baino altuxeagoa izan ohi dute.

Lurralde antolamenduan hizkuntza irizpideak aintzat hartzearen beharra

1970ko hamarkadan industrializazio prozesua eta beste hizkuntza komunitateetako biztanleriaren erakartze masiboak euskararen gotorlekuetan euskararen gainbehera eragin zuela identifikatu zuen Martin Ugaldek. XXI. mendeko lehen hamarkadan euskarak eremu hauetan berriz espazioa galdu du, oraingoan, hirigintza eta euskal herritarren barne migrazioak medio.

Milurtekoaren lehen hamarkadan hirigintza jarduera bizia izan da Euskal Herri osoan eta, udalerri euskaldunetan, gainontzekoetan baino etxebizitza gehiago eraiki dira. Etxebizitza parkearen hazkundea beharrezkoa izan da biztanleria egoiliarra bertakotzeko, baina barne eskaria asetzeaz gain beste eremu batzuetatik herritarrak bereganatzeak tokiko hizkuntza errealitatean ondorio nabarmenak izan ditu.

Etiketa orokorrak: Udalerriak