Skip to main content

Gaindegia: 10 urte ezagutza sustatzen

Gaindegiak bere 10. urteurrena ospatuko du datorren ostegunean, hilak 12, Donostiako Kursaalean antolatu duen ekitaldian.

Gaindegia 10 urte Ekitaldiak 2 zati izango ditu. Lehenengoan, Xavier Sala-i-Martin ekonomialari ospetsuak hitzaldi bat emango du, Sobre el potencial económico de una Cataluña independiente titulupean. Ondoren, Euskal Herriari buruzko ezagutza sortu eta zabaltzeko Gaindegiak eman dituen urratsak errepasatuko dira eta etorkizunean izango dituen erronkei ere helduko zaie.

Ekitaldira Euskal Herriko eragile sozial eta ekonomikoen ordezkari anitz hurbiltzea espero da (erakundeak, enpresak, sindikatuak, mugimenduak…), baita instituzio eta alderdi nagusietako ordezkariak ere.

EGITARAUA:

  • 18.30 Xavier Sala-i-Martin-en hitzaldia
  • 19.30 Gaindegia: 10 urte ezagutza sustatze
  • 20.00 Koktail

Ekitaldira gonbidapenaz bakarrik sartu ahal izango da (harremanetarako: komunikazioa@gaindegia.org)


GAINDEGIA: 10 urte ezagutza sustatzen

Gaindegia 10 urte logo 2004an sortu zen proiektu kolektiboa da Gaindegia. Euskal Herriko gizarte eta ekonomiaren egoera ezagutzeko tresna bat izatea zuen eta du helburu; bai eta askotariko eragileen arteko elkargune izan eta gogoeta zein ikerketarako bidelagun bihurtzea ere.

Euskal Herri osoan zenbat langabetu dagoen, zer Barne Produktu Gordin duen, per capita errenta, sektore ekonomikoak nola kokatzen diren, berrikuntza maila… Herri bati bete-betean eragiten dioten halako adierazleak muga administratiboez gaindi jorratzen zituen erakunderik ez zegoen orduan, eta hutsune hori betetzeko sortu zen Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia. Ezagutza bildu, sortu eta zabaltzeko.

Urteotan guztiotan, Euskal Herriari buruzko ezagumendua biltzen, sortzen eta sustatzen jardun du Gaindegiak. Gaur egun, urte horietan sortu duen ezagutza gizartearen zerbitzura jartzeko hainbat baliabide martxan ditu, hala nola, Euskal Herriko atlasa (www.atlasa.net), Euskal Herriko datu espazialen plataforma irekia (www.euskalgeo.net) eta Euskal Herriko datu fitxategi irekien ataria (www.datuak.net).
Xavier Sala-i-Martin

xavier sala i martin_argazkia Xavier Sala-i-Martin (Cabrera de Mar, Bartzelona, 1963) Ekonomia katedraduna da New Yorkeko Columbia Unibertsitatean. Munduko Ekonomia Foroko (Davos, Suitza) Lehiakortasun eta Errendimendu Globalerako Zentroko aholkularia ere bada; bai eta Nazioarteko Diru Funtseko eta Munduko Bankukoa ere, besteak beste. Harvardeko Unibertsitatean egin zuen Ekonomia doktoretza, eta Yale eta Pompeu Fabra unibertsitateetan ere irakasle izandakoa da.

Munduko Ekonomia Foroak bere txostenean argitaratzen duen Lehiakortasun Globalerako Indizearen (GCI) sortzailea da Sala-i-Martin. Ekonomia eta enpresa lehiakortasuna neurtzeko munduan gehien baliatzen den indizea da GCI. Lehiakortasunean ez ezik, enpresa berrikuntzan, Europako ekonomian, munduko finantza krisian, ekonomiaren hazkunde eta banaketan eta makroekonomiaren egonkortasunean da aditua. Sari askoren artean, aipatzekoa da 2000. urtean jaso zuen Arrow garaikurra; osasun ekonomian diharduen munduko ekonomialari onenari ematen dio Nazioarteko Osasun Ekonomia Elkarteak.

Bere esaldietako batzuk:

"Una Cataluña independiente sería una de las economías más sanas del mundo"

Tal como está estructurada España, Catalunya es inviable. Y España... también".

Una Cataluña dentro de España y con este sistema de financiación autonómico  es financieramente inviable y no tiene acceso a los mercados internacionales".

Nunca he entendido las fusiones de bancos insolventes. Si pones a dos cojos a correr juntos, no obtienes a un Carl Lewis sino dos cojos corriendo juntos.

Bere webgunea: http://salaimartin.com
 

Azpimarrak:
  • Gaindegiak Euskal Herriko eragile sozial eta ekonomikoak bildu nahi ditu bere 10.urteurreneko ekitaldian
  • Xavier Sala-i-Martin ekonomilari ospetsuak hitzaldia eskainiko du bertan, Katalunia independiente baten bideragarritasun ekonomikoaren inguruan