Skip to main content

"Ekonomia da, artaburua!"

“Ekonomia da, artaburua!" Bill Clinton hautagai demokrataren James Carville aholkulariak bota zuen, 1992. urteko hauteskunde-kanpaina arrakastatsuan, gerora famatu egin den esaldia. Kanpaina horrek Etxe Zuriko Bulego Obalera eraman zuen Arkansasko gobernadorea zena, eta handik atera zuen George Bush aita, Ameriketako Estatu Batuen kanpo-politikaren ikur izan ziren Gerra Hotzaren amaierari edo Pertsiar Golkoko Gerrari begira zegoena, behar adinako arretarik jarri gabe herritarren eguneroko bizitzako arazoei eta beharrizan larrienei. Esaldi horren mezua berpiztu zaigula esateko moduan gaude, zorrak arintzeko aurrekontu-murrizketak baitituzte hizpide bakar estatuek eta, lurralde-eremu txikiagoan, eskualde eta toki-erakundeek. Eta jakina da neurri horiekin ekonomia berpizteko tresnak atzentzen dituztela eta inbertsioak izozten.

Sektore publikoak darabilen politika murriztaile horrez gain, nabarmentzekoak dira enpresek dituzten arazo handiak finantza-sistema pribatutik finantzazioa eskuratzeko, sistema horrek arreta handiagoa jarrita baitauka jarduera ekonomikoaren beherakadak bere irabazi-marjinetan izan dezaken eraginean, kreditu-alorreko arriskuak bere gain hartzean baino, nahiz eta enpresek berme guztiak eman sistemari. Horrek enpresen itxiera ekar dezake, baldin eta 2012. urtean, dirudien moduan, atzeraldi batean sartzen bada ekonomia.

Herri-administrazioek finkatu duten lehentasunezko ekintza-ildoa austeritatearen printzipioa ezartzea izan da, baina agintarien ustez lortzekoak zirenen kontrako edo bestelako ondorio edo eraginak ikusten ari gara; izan ere, esan ziguten gastuaren murrizketek kontsumitzaileen eta enpresen konfiantza handituko zuela, eta konfiantza horrek gastu pribatua bultzatuko zuela, sektore publikoaren murrizketek eragingo zuten depresioa konpentsatuz.

Doktrina edo jardunbide horri esker, murrizketa-ildoari jarraitzen dio gastu publikoak, langabezia gora doa, eta ongizate-estatua atzerakada nabarmena jasaten ari da —bitxia da jardun-molde horrek indartu egiten dituela, hain juxtu, egungo krisia eragin duten planteamendu neoliberalak—. Horren guztiaren ondorioz, betetzen ari da kapitalismoak, Berlingo harresia eraitsi eta munduko eredu bakar gisa geratu ondoren, trebetasunez idatzitako gidoia.

Sektore publikoak ez du izan behar etxeko ekonomien pareko funtzionamendurik, hau da, ez du, familiek egiten duten gisan, gerrikorik estutu behar diru-sarreren galerari aurre egiteko, ekonomia geldiarazten baitute inbertsioak murrizteko politikek. Inbertsio publikorik ezean, ezin da ekimen pribatua sustatu, ez da enplegurik sortzen eta kontsumoak ezin du goranzko joerarik izan.

Ezin du gure agintarien lehentasunezko helburua izan gero eta murrizketa handiagoak egitea azpiegituratan, osasunean, hezkuntzan, gizarte-zerbitzuetan eta teknologia berrien ikerketan eta sustapenean. Jardueraren murrizketak zergen bidez bildutako diru-zenbatekoak urri baditzake ere, sektore horietan inbertsioak egiten jarraitu behar dute, baina ekonomiaren ikuspegi oso eta orekatu bat izanez, pertsonekin errespetuz jokatuz eta pertsonen interesen alde eginez, haiek baitira, neoliberalismoak besterik inposatzeko asmoa izan dezakeen arren, sistema ekonomikoaren subjektuak.

Horregatik guztiagatik, komeni da berriro indarrean jartzea Keynes ekonomialariak bere garaian adierazi zituen printzipioak, Mendebaldeko herrialdeak 1945eko gerraosteko atzeraldik ateratzeko balio izan zutenak. Keynesek esaten zuen Estatuak politika fiskal eta monetarioak egin behar zituela atzeraldiek eta krisiek aldiro ekonomian eragiten dituzten ondorioak arintzeko.

Aberastasuna eta enpleguak sortzen ditu enpresen jarduerak, eta hainbat baliabide ematen dizkio sektore publikoari. Hori da abiapuntua. Beraz, zenbat eta gehiago handitu zergadunen kopurua, orduan eta baliabide publiko gehiago sorraraziko dira, eta horrek esan nahiko du enpleguen kopuruak gora egin duela eta, ondorioz, ekonomia hazi egin dela.

Carlos Etxeberri, NOTICIAS DE GIPUZKOA.