Euskal Herrian emakumeek batez beste gizonezkoen soldataren %75a jasotzen dute. Lan esparru formalaren gaineko genero desorekak hamaika eratan gauzatzen dira. Euskal Herrian lanaldi partzialen %77,4a emakumeek betetzen dituzte eta lan jarduera prekarizatuenetan emakumeak nagusi dira, besteak beste.
Lan esparru informalean genero desorekek hamaika adierazpen dituzte ere: etxeko lanen ardura emakumeen esku dago (%91,2) eta zaintza ardurek bultzaturiko ez-aktibotasun egoeraren atzean emakumea dago (%93,9). Horregatik, ez da harritzekoa 45-54 urte bitarteko ez-aktiboen artean emakumeak nagusi izatea (%70,1).
Euskal Herrian egitura heteropatriarkalak sorrarazitako desorekak modu askotan neur daitezke. Lan esparru formalaren eta informalaren gaineko dualtasuna, aipaturiko genero desorekak sortzeaz gain, emakumeentzat pobrezia iturburua ere bada zahartzaroan: alarguntasun pentsioa jasotzen duten euskal herritarren %96,6a emakumeak dira eta alarguntasun pentsioen %82a ez da hilean mila eurora iristen. Etorkizunean familiako zaintza ardurak medio lan profesionala utzi behar izan duten emakumeek ere pairatuko dute pentsio apalegien arazoa, behar baino goizago kotizatzeari utzi izanaren eraginez.
Iturriak: Espainiako eta Frantziako Gizarte Segurantza, INE eta INSEE. GAINDEGIA.