Euskal Herriko saltoki txikiek gero eta oztopo gehiagori egin behar diote aurre bizirauteko. Hego Euskal Herrian, turismo handiko guneetan ordutegi askatasuna ezartzen duen eta Madrildik datorren araua indarrean sartzear da, eta horrek kalte handia egin diezaieke denda txikiei, merkataritza gune handien mesedetan. Ipar Euskal Herrian, berriz, Angeluko BAB2 merkataritza gunea handitzeko lanek eta Baionako IKEAren irekierak (2015eko abuztuan) alarma gorria piztu dute Baionako Merkataritza Ganbaran. Hala ere, aldi berean azalera handietan egiten diren erosketak beherantz egiten ari direla diote datuek. Erosleak herriko dendetara itzultzen ari diren seinale izan daiteke hori.
Euskal Herrian, txikizkako merkataritzan diharduten 17.000 saltoki inguru ditugu, handiak zein txikiak kontuan hartuta. Dena dela, hamar langiletik beherakoak dira saltoki horien %98 inguru. Horien guztien artean, arropa dendak dira jaun eta jabe, eta altzari nahiz janari dendek ere presentzia handia dute.
Haien kokapenari dagokionez, Lapurdiko kostaldean dago saltokien dentsitate handiena, nabarmen: Euskal Kostaldea – Aturri hirigunean, mila biztanleko 11,5 denda daude. Kontuan izan behar da, Baionako Merkataritza Ganberaren arabera, inguru horrek Frantziako Estatuko merkataritza guneen kontzentrazio handiena duela. Gainontzeko hiriburuetan ere, saltokien kontzentrazioa batez bestekotik nabarmen gora dago. Hala ere, esaterako Baztanaldeak eta Bortziriek Donostialdeak baino saltoki metaketa handiagoa dute: mugaren efektua oso kontuan hartzekoa da horietan, ipar euskal herritar askok Nafarroa Garaiko bi eskualde horietara jotzen baitu, produktu merkeagoen bila.
Kasu horietan guztietan, ez gara tokiko merkataritza tradizionalaz ari, baina badira halako kasu positiboak ere. Esaterako, Garazi-Baigorrin saltokien kontzentrazioa Bilbo Handiaren parekoa da, eta kasu horretan, herriko denden bizitasun handiari zor zaio zifra hori.
Denda txikiak eta handiak bereizita, Hego Euskal Herrian, lau urte eskasean (2010-14), ia %10 jaitsi da hamar langile baino gutxiagoko saltokien kopurua. Krisiak merkataritza gune handiei ere egin die kalte, baina denda txikien beheranzko joera aspalditik dator, eta bereziki, merkataritza gune handien hedapenaren ondorioz.
Horren erakusle, azalera handiko guneak gertu dituzten eskualdeetan izan dira gainbehera larrienetako batzuk azken urteotan. Adibidez, Gorbeia Inguruetan saltoki txikiek %17,6 egin dute behera 2008tik 2014ra eta Zigoitian merkataritza gune handi bat dagoela izan behar da kontuan, nahiz eta Gasteizen bertan dagoen El Boulevard merkataritza gune handiarekin lehiatzeko zailtasunak dituen. Bidasoa Beherean ere %17,2ko beherakada izan da denda txikien kopuruan, eta Irunen bi merkataritza gune daude. Hiriburuetan ere, merkataritza txikien gainbehera batez bestekoa baino handiagoa izan da.
Ipar Euskal Herriari dagokionez, 2010etik 2013ra, beheranzko joera izan dute Donibane Lohizune, Uztaritze, Donapaleu eta Kanboko herriguneetan egindako erosketek. Horiek guztiek hurbil edo nahiko hurbil dituzte merkataritza gune handiak.