Zerbitzuek osatzen dute Euskal Herriko balio erantsiaren %68a

2014 urte hasieratik 2019 urtea amaitu bitartean Euskal Herriko BPGk hazkunde-tasa positiboa izan du. Sei urte hauetan lau jarduera-adar nagusiek hazkunde-tasa positiboa izan dute, lehen sektorean eta eraikuntza sektorean kostata, nahiz eta azken urte eta erdian industriak hazkunderako indarra galtzen hasia zen kanpo eskariaren murrizketagatik.

Euskal ekonomiak nortasun industrial handia du, baina ekonomiaren izaera industriala gero eta ahulagoa da. 2019 urtean industriak balio erantsiaren %24,5a sortu du, 2007 urtean baino 3,6 puntu gutxiago. Hala, zerbitzuen sektoreak gero eta pisu handiagoa du euskal ekonomian, eta azken urtean balio erantsiaren %67,9aren iturburu izan da. Eraikuntzaren uzkurtzeak zerbitzuek egitura ekonomikoan duten nagusitasuna indartu du, gainera.

Euskal Herrian gertatu bezala azken hamarkadan Europako herrialde gehienen ekonomian industriaren pisua ahuldu egin da. Europar Batasunean (27) manufaktura-industriaren pisua gutxitu egin da, manufaktura anitz Asia aldera kanporatu direlako; ez, ordea, Euskal Herrian bezainbeste. Alemaniak ere hobeto eutsi dio manufaktura jarduerei. Irlanda, Bulgaria, Danimarka, Eslovenia eta Grezia dira industriaren pisua handitu duten Europako salbuespenak.

Etiketa orokorrak: Ekonomia