Skip to main content

[ETB1] Azpimarra saioan, langabezia hizpide

Imanol Esnaola, Gaindegiako koordinatzailea:

“Merkeagoa da langabetuak trebatu eta lan merkatuan mantentzea, kalera bidaltzea baino”

Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak ETB1eko Azpimarra saioan parte hartu zuen pasa den astelehenean, maiatzak 5. Marian Beitialarrangoitia legebiltzarkidea (EH Bildu), Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua (EAJ) eta Eguzki Urteaga soziologoa ere izan ziren mahai-inguruan.

Askotariko gaiak jorratu bazituzten ere, nagusiki langabeziaz jardun zuen Esnaolak. Gaindegiak bildutako datuetan oinarrituta, Esnaolak azaldu zuen Euskal Herriko langabezia tasa %16,7koa dela gaur egun, eta abendutik hona 8.400 langabe gehiago dagoela, duela urtebeteko datuekin alderatuta egoera zertxobait hobea bada ere.

Arazo honen aurrean Europako gobernuek bideratutako estrategien harira, hausnarketa egin zuen Esnaolak: “Bi eredu oso desberdin ikusten ari gara: Europa iparraldekoak eta hegoaldekoak. Diferentzia erabatekoa da: zure etorkizunean inbertitzen duzu, ala ez”.

Trebakuntzan, garapenean eta berrikuntzan inbertitzeak duen garrantzia azpimarratu zuen Gaindegiako koordinatzaileak: “Gaur egun badakigu merkeagoa dela langabetuak trebatu eta lan merkatuan mantentzea, kalera bidaltzea baino. Merkeagoa zentzu guztietan”. Horri lotuta, Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan ez bezala, Espainiako Gobernuak ez bestelako politikak ezarri direla azaldu zuen, baina ez direla nahikoa izan. Ipar Euskal Herrian Frantziako Gobernuak darabilen estrategiak, bestalde, gazteen ihesa dakar.

Urte gutxiren buruan, Euskal Herriko langabezia maila teknikoan egotetik bikoiztera igaro da, bai eta laukoiztera ere, egoera larriena pairatzen duten eskualdeetan. Esnaolak esan bezala, horri buelta emateko, “pentsatu behar dugu zer eta nola inbertitu behar dugun”.

 

Aurreko saioak:

Euskadi-Akitania euroeskualdeaz

Emakumeen egoera sozioekonomikoa Euskal Herrian