Badira urteak Europako arrantza politikak Euskal Herriko ontzidia txikitzera behartu zuenetik. 1986 urtetik aurrera Bruselatik iristen hasi ziren irizpideek Hego Euskal Herriko kostako herrietan ordu arte trakzioa eragiten zuen sektorearen berrantolatzera eraman zuten, mendeetan errotutako jarduera eta milaka enplegu arriskuan jarriz. Hiru hamarkada geroago jarduera ekonomiko gisa desagertu egin da arrantza zenbait tokitan. Halaber, arrantza-stock mugatuek arrantza jasangarriago baten beharra agerian utzi dute eta Ondarroa edo Bermeo bezalako herrietan arrantzaren trakzio ekonomikoaren ahultzeak ez du ordezkapen sendorik izan.
Zailtasunak arrantzaren iraunkortasunean
Euskal kostaldeak arrantza tradizio desberdinak gordetzen ditu bere baitan, baina arrantzaren errentagarritasuna bera eta eredu iraunkorren biziraupena ez dira erraz uztartzen ekosistemak arrain stockari eusteko duen gaitasunarekin zein urruneko arrantzak merkatuan ezarritako salneurriekin. Bestalde, ez dirudi sektoreak bizirauteko behar duen belaunaldi ordezkapena sendoa denik ere.
Bruselak agindu irizpideak estatukideen arabera egituratzen dira. Hortaz, euskal arrantzaleei dagozkien -Europako harrapaketa onargarriaren araberako- arrantzarako kuotak Madrilek eta Parisek banatzen dituzte. Bruselara begira, hortaz, desberdinak dira estatu bakoitzaren betebeharrak, eta horrek bete-betean eragiten du Hego eta Ipar Euskal Herriko arrantza sektorean. Egoera horrek Espainiar estatuan matrikulaturiko hamaika ontzik egoitza-portua Baionan izatea eragin du, tartean Ondarroan jatorria duten batzuk ere bai.
Arrantza flotaren espezializazioa, herrialde bakoitzean desberdina
Lapurdiko ontzidiaren hiru laurdenak artisau-arrantzan dihardu, sare txiki eta artisau-teknikekin itsasertzetik milia gutxira. Lapurdin itsas hondoko tretzeen, noraezeko tretzeen, tresmailadun sareen, deriba-sareen eta nasen erabilera ohikoa da. Gipuzkoan eta Bizkaian, aldiz, baxura eta alturako arrantzak presentzia eta tradizio handia du eta jaretarekin inguraketa-arrantza edo tresmaila hondoko mailasare finkoaren erabilera izaten da ohikoena. Bestalde, Ipar Euskal Herrian arraste pelagikoan diharduten alturako hamar ontzi daude, halakorik ez dago hegoaldeko kostan. Baina 36 ontzik osatzen dute Euskal Herrian hondoko arrasteko flota: 21 Lapurdin, 14 Bizkaian eta bakarra Gipuzkoan.
Euskal ontzidiak bataz bestez 21 urteko antzinatasuna du. Flota berriena alturakoa da eta Bizkaian kokatzen da (19, urte bataz bestez). Euskal ontzidia berritzeko Europar Batasunaren diru-laguntza politikak norabide horretan bultza du. Aldiz, artisau-arrantzako ontzidia da antzinatasun handienekoa (22 urte, bataz bestez), eta lurraldeka, Lapurdikoa (24 urte, bataz bestez). Potentzia eta arkeo handieneko flota Bizkaian kokatzen da, eta jakina, alturako arrantzan diharduena da. Baxurako arrantzan potentzia eta arkeo handieneko ontziak gipuzkoarrak dira. Artisau-arrantzara bideratutako potentzia eta arkeo handieneko flota, ordea, Lapurdin kokatzen da.
Euskal Herrian alturako eta baxurako jarduerak Bizkaiko Golkoko beste herrialdeetan baino errotuago
Hego eta Ipar Euskal Herriko ontzidiaren berezitasunak alde batera, Euskal Herriko flotan altura (ontzidiaren %21a) eta baxurako arrantzak (ontzidiaren %19a) presentzia handia du. Hala baieztatu daiteke Bizkaiko Golkoan arrantzan aritzen diren Espainia, Frantzia, Irlanda eta Portugaleko itsasontziekin alderatuz gero. Alturako arrantzan diharduten ontzien antzinatasuna handiagoa da beste herrialde horietan, eta bataz besteko potentzia eta arkeoa, nabarmen txikiagoa.
Bost herrialde hauen artean, alturako ontzidi zahar eta txikienak Frantzian daude. Bestalde, Euskal Herriko baxurako flotaren antzinatasuna (22 urte) Irlandaren parekoa da eta antzeko potentzia eta arkeoa du. Baina Irlandan oso urriak dira baxurako arrantzarako ontziak eta, artisau-arrantzako flotan egindako inbertsioa, garrantzitsua izan da. Artisau-arrantzarako euskal ontziek beste herrialde hauetan baino potentzia eta arkeo handiagoa dute, eta Espainiakoak, Portugalekoak eta Frantziakoak baino berriagoak dira.