2018ko laugarren hiruhileko datuen arabera, Euskal Herriko langabezia tasa %9,44koa da (INE), aurreko hiruhilekoan baino 0,16 puntu altuagoa. EUSTATen datuen arabera, berriz, Euskal Herrian langabezia tasa 0,51 puntu handitu da eta %9,87an kokatzen da. Herrialde mailan, ordea, langabezia-tasaren joera ez da homogeneoa izan: Bizkaian (+0,59; INE) eta Nafarroan (+0,34; INE) gora egin duen bitartean, gainerako herrialdeen langabezia-tasa jeitsi egin da.
INEko datuen arabera, azken hiruhilekoan langabezia tasaren jaitsi egin da Araban (-0,60; INE) eta Gipuzkoan (-0,19; INE). EUSTATen arabera, berriz, Arabak (+1,0; EUSTAT) eta Gipuzkoak (+0,90; EUSTAT) ere jasan dute langabezia-tasaren igoera.
Aintzat hartu behar da langabetuen zein biztanleria aktiboaren kopuru gordinak gora egin duela Euskal Herrian. Bilakaera hau urteko azken hiruhilekoak adierazi ohi duen joera da, ekonomiaren estazionalitateari erantzuten baitio. Horiek horrela, Euskal Herriko langabetu kopurua eta biztanleria aktiboa 141.800 eta 1.502.000 dira, hurrenez hurren.
Gauzak horrela, Bizkaiak jarraitzen du izaten Euskal Herriko lurraldeen arteko langabezia-tasa handiena (%11,47). Hala berresten du EUSTATek ere (%11,30). Ostera, Ipar Euskal Herriak, Gipuzkoak eta Arabak dute langabezia tasa apalena: %7 inguru.
EB-28an ere langabezia-tasak gora egin du (+0,20), Euskal Herriko igoeraren maila berean. Hala, bi lurraldeen arteko aldeak ez da gutxitu eta Euskal Herriko langabezia-tasak Europako Batasuneko batez bestekoa baino 2,7 puntu handiagoa izaten jarraitzen du (INE).