Itsasoa, arrantza eta elikadura (3/4): urtean 300.000 bat tona arrantzatzen da Bizkaiko Golkoan

Bizkaia eta Gipuzkoako arrantzaleek iaz lehorreratutakoa baino %41 gehiago arrantzatzeko kuota eskuratu ondotik hasi zuten, otsail bukaeran, berdelaren kanpaina. Euskal arrantza sektoreak BREXITaren balizko ondorioen ziurgabetasunarekin ekin dio urteari, eta hori gutxi balitz, berdelaren kanpaina hasi eta aste gutxira COVID-19ak sorrarazitako osasun larrialdiak ere arrantza sektorearen abagunea baldintzatu du: berdel gehiago lehorreratu da, baina aldi berean enkantean arrantzatutakoaren salneurria apala izan da. Berdelaren kanpainaren atzetik iritsi da egun baxurako arrantzaleek esku artean duten antxoarena, eta, ondoren etorriko dira atunarena eta sardinarena. Baxurako arrantzak lehorreratutako arrainak dira nagusiki.

Bizkaiko Golkoan urtero 300.000 bat tona arrain arrantzatzen dira, 1973 urtean arrantzatutakoaren erdia

Euskal arrantza sektoreak urruneko zein gertuko uretan arrantzan aritzeko ibilbide luzea egina du. Bizkaiko Golkoa berezko eremutzat du, nahiz eta Galiziako, Asturiaseko, Kantabriako, Portugaleko, Frantziako eta Irlandako ontziekin itsasoa partekatu. Lurralde hauetako ontziek, euskal armadoreenak barne, Bizkaiko Golkoan arrantzatutakoaren %98,5a bereganatzen dute.

Azken lau hamarkadetan Bizkaiko Golkoan arrantzatutakoaren bolumen orokorra nahiko egonkor mantendu da: azken hamarkadan 300.000 tona arrain inguru arrantzatu da urtero. 1973 urtean kopuru hori 611.700 tonakoa izan zen, inoiz erregistraturiko handiena. 70eko hamarkadan, batez beste, urtean 540.000 tona arrantzatu ziren. Ziurrenik kopuru erreala handiagoa izan zen, baina nekez baieztatu daiteke halakorik datu konkreturik ezean.

Capbretongo hobiak arrantzarako kokapen pribilegiatua eskaintzen du

Arrantza sektorearentzako garrantzitsuak diren arrain moten artean, nabarmentzekoa da milurteko berrian berdelaren arrantzak izan duen igoera. 2013 urteaz geroztik, bataz bestez, Bizkaiko Golkoan urtean 40.450 tona berdel arrantzatzen ari dira. Inoizko kopuru handiena arrantzatu da azken bosturtekoan. Milurteko berrian, ordea, bakalada eta antxoaren arrantza gorabeheratsua izan da. Antxoaren kasuan, biomasa berreskuratzeko 2005, 2006 eta 2007an kanpainarik ez zen egon, eta ordutik, arrantzatutakoa goranzko joeran da. 2018 urtean 30.800 tona antxoa arrantzatu dira, baina kopurua 1961 urtean lehorreratutakotik oso urrun dago (90.000 tona). Antxoaren biomasa apaldu egin da AZTIko azken neurketen arabera, baina maila osasungarrian dago.

Berdela, bakalada zein antxoa gehiena Donostitik Galiziako Fisterrarainoko kosta eremuan arrantzatzen da (27.8.c), eta maila txikiagoan, Donostitik La Rochelle-rainoko eremuan (27.8.b). Aldiz, Bizkaiko Golkoan arrantzatutako legatza eta sardinaren erdia baino gehiago La Rochelle-tik Bretainiako Finisterrerainoko eremuan arrantzatzen da (27.8.a), eta maila apalagoan, La Rochelle-tik Donostirako eremuan (27.8.b). Mexikoko Golkoan abiatzen den Golkoko korronteak Capbretongo hobira bideratzen ditu arrain espezie ugari, eta zentzu horretan, Euskal Herriak arrantzarako kokapen pribilegiatua du. Itsas korronte berarekin gerturatzen da hegaluzea euskal kostaldera, baina gero itsaso zabalean Azoreetaraino barreiatzen da eta, normalean, kostaldetik urrun arrantzatzen da.

Atlantiko iparralderantz ur hotzen bila

2017 urtean Atlantikoaren ipar-ekialdean arrantzatutako guztizkoaren %7,5a Bizkaiko Golkoan arrantzatu da; arrantzarako biomasa garrantzitsua du Bizkaiko Golkoak. Edonola ere, Atlantikoaren ipar-ekialdeko ur emankorrenak Ipar itsasoa eta Baltikoa dira eta, 2017 urtean, Atlantikoaren ipar-ekialdeko harrapaketen %54,2a bertan arrantzatu da. Euskal Herrian badira Norvegiako itsasoraino doazen bi bakailaontzi, baina egun urrunera abiatzen diren ontzi gehienak, Seychelles uharteetako atunontziak alde batera, Sole Handira (Hego Irlanda), Porcupinera (Irlanda mendebaldea), Rockall eta Malinera (Eskozia mendebaldea) doaz. Eskoziako iparraldean ere badira euskal ontzi gutxi batzuk, BREXITa nola gauzatuko den zain daudenak. Atlantikoaren iparraldean euskal ontziek arrantzatutako arrain gehiena, imajinario kolektiboan ez bezala, eremuko itsasportu batean lehorreratu eta errepidez iristen da Euskal Herrira.

Estatuen arteko kuoten banaketa indarrean

Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Batzordea (IINB-ICES) Atlantiko ipar-ekialdean itsasoko ikerketa sustatzen eta koordinatzen duen nazioarteko zientzia-erakundea da eta itsaso-eremu horretan arrantzaren Kudeaketarako Aholku Zientifikoa emateko arduraduna da. Europako Batzordeak 2016/2336 arauaren bidez zehazten ditu itsasoko eremu desberdinetan arrain mota bakoitzeko Guztizko Harrapaketa Onargarriak (ingelesez, TAC), IINB-ICESen gomendioen gainetik sarritan2019an 59 arrain populazio ustiatu dira gehienezko errendimendu jasangarrian (RMS) , aurreko urtean baino sei gehiago. 2020 urtean arrantzatutakoaren bolumena iazkoa baino apalagoa izango da 40 espezieren kasuan. Arrain populazioen gaineko arrantza presioa maila jasangarrira hurbiltzen ari den arren oraindik bidea geratzen zaio aurretik.

Europako Arrantzako Ministroen Kontseiluak estatu bakoitzari dagozkion arrantza kuoten banaketa egiten du, eta, euskal arrantzaleek urtean zehar lehorreratzeko arrain kopurua eta mota Espainiako eta Frantziako gobernuen esku uzten du. Bi estatuek euskal arrantzaleek alturan zein baxuran arrantzatzen dituzten espezie desberdinen arrain kuotekin berdinen arteko trukaketa egiten dute ondoren. Euskal flotarentzat, alturako ontzientzat batez ere, legatza da arrain espezierik garrantzitsuena. Hegaluzea, antxoa eta berdela sektoreko beste zutabeak dira, baina badira kopuru txikiagoetan lehorreratzen diren espezie gehiago. Europar Batasunaren esku dago halaber, bere mugetatik at arrantzatzeko hitzarmenak adostea. Esaterako, Seychelles irletako gobernuarekin hitzartutakoari esker, hogei bat euskal atunontzi izoztaile Ozeano Indikoan aritzen da arrantzan.

Etiketa orokorrak: Euskal Herria