Hamarretik sei gazte gurasoen etxean bizi dira

Osasun larrialdiak gazteen emantzipazio joera apaldu du Hego Euskal Herrian, Europako emantzipazio-mailatik are gehiago urrunduz. Ipar Euskal Herriaren kasuan 20 eta 34 urte artekoen hiru laurdenak gurasoen etxetik kanpo bizi dira.

Osasun larrialdi betean, urtebete lehenago emantzipatutakoen proportzioa 3,4 puntutan apaldu da 2020an. 2008az geroztik Euskal Herrian erregistratu den emantzipatutako gazteen proportzio txikiena da iazkoa. Adin tarteei erreparatuta, 25 eta 29 urte bitartekoen artean eman da atzeraldi handiena (-4,2), baina 20 eta 24 urte artean daudenen proportzioa ere modu esanguratsuan gutxitu da (-3,0). Azken datuen arabera, 20 eta 34 urte bitarteko gazteen artean hamarretik sei gurasoen etxean bizi dira.

Gazteen emantzipazio-maila aldakorra da adin-taldeen arabera zedarrituz gero. 20 eta 24 urte bitartekoen artean %8,7 baino ez dira bizi gurasoen etxetik kanpo (2020). Osasun larrialdiak emantzipatutakoen kopurua apaldu duen arren, azken urteotako indize apalak nabarmentzekoak dira. 2008/2020 epealdian gurasoen etxetik kanpo bizi direnen proportzioa %12,2koa izan da batez beste Euskal Herrian. Epealdi berean zifra hori %40,8ra iritsi da 25-29 urte arteko adin-taldean. Multzo horretako gazteen %45,6 emantzipatuta bizi zen 2014 urtean. Iaz heren bat izan dira aipatu adin tarteko emantzipatuak (%33,9).

30 eta 34 urte bitarteko gazteen artean hamarretik zazpi (%73,3) gurasoen etxetik kanpo bizi dira Euskal Herrian. Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko aldeak nabarmenak dira gazteen emantzipazio-mailan.

Gazteen emantzipazioa aise hedatuagoa dago Ipar Euskal Herrian

Ipar Euskal Herrian 30-34 urte bitarteko gazteen %93,2 gurasoen etxetik kanpo bizi da. Hego Euskal Herrian proportzio hori %70,9koa da. Belaunaldi gazteagoen artean diferentzia are handiagoa da: 20-24 urte bitarteko herritarren erdia (%50,3) gurasoen etxetik kanpo bizi da Ipar Euskal Herrian. 25-29 urte bitartekoen artean, hamarretik zortzi (%80,8). Hego Euskal Herrian, aldiz, 20-24 urte bitarteko gazteen %95 eta 25-29 urte bitartekoen %66,1 gurasoen etxean bizi dira (2020). Egia da Ipar Euskal Herriko azken datuak 2017koak direla eta osasun larrialdiaren aurretik Hego Euskal Herrian gazteen emantzipazioa orain baino zertxobait hedatuagoa zegoela. Halere, lurralde bietarako 2017ko datuak aintzat hartuta ere aldeak nabarmena izaten jarraitzen du.

Ziurrenik hegoaldeko eta iparraldeko gazteen arteko desberdintasunek ez diote arrazoi bakarrari erantzuten, baina gizarte babeseko sistemen arteko diferentziak handiak dira, maila orotan. Europako SEEPROS sailkapenaren arabera, Ipar Euskal Herrian etxebizitzen funtziora bideratutako gizarte babeseko gastuak (BPGren %0,8) Hego Euskal Herrikoa laukoizten du (2018).

Laneratzea eta horretarako mekanismoak ere desberdinak dira: Hego Euskal Herriko 15-24 urte bitarteko gazteen langabezia-tasak (%31,3) Iparraldekoa ia bikoiztu egin du 2020 urtean. 25-34 adin tartean ere (%13,4), Hego Euskal Herriko langabezia ia bost puntu handiagoa izan da. Bestalde, alokairuan bizitzeko aukerak anitzagoak dira Ipar Euskal Herrian hegoaldean baino, nahiz eta horrek gazteak kostalderantz mugitzeko joera sustatu, eta, ondorioz, kostaldea eta barnealdearen arteko lurralde desoreka areagotu.

Barnealdeko gazteek kostaldera jotzen dute emantzipatzeko asmoarekin

Ipar Euskal Herriko gazteen emantzipazioan badira lurralde arteko desberdintasunak. Lapurdin gurasoekin bizi ez diren gazteen proportzioa Nafarroa Beherean eta Zuberoan baino handiagoa da. Lurraldeen arteko desoreka horiek 25-29 urte bitartean dute isla nabarmenena: adin-talde horretan Lapurdin hamarretik zortzi emantzipatuta daude (%82,2). Nafarroa Beherean (%73,7) eta Zuberoan (%66,7) kopurua murritzagoa da. Horrek ez du esan nahi barnealdeko gazteak beranduago emantzipatzen direnik, edo hala izatekotan ere, arrazoi bakarra hori denik. Barnealdeko gazte askok kostalderantz -Baionara, bereziki- jotzen dute emantzipatzeko asmoarekin. Beste batzuk, ikasketak tarteko, urrunago ere bai.

Gazteen emigrazioa esanguratsua da Xiberoan eta Amikuzen; eta maila apalagoan, Garazi Baigorri edo Iholdi Oztibarre bezalako eskualdeetan (Euskal Hirigune Elkargoaren lurralde sailkapenaren araberako zonaldeak). Ipar Euskal Herrian alokairuan bizitzeko etxebizitza parkearen %58,8 Euskal Kostaldea-Aturrin kokatzen da. Eskualde horretan erabilera nagusia duen Ipar Euskal Herriko etxebizitza parkearen %46,7 kokatzen da, eta bertan, ia parkearen erdia (%48,9) alokairukoa da (2017). Alokairuko etxebizitzen proportzioa txikiagoa da zenbait zonaldetan, hala nola, Xiberoan (%22,7), Amikuzen (%26,3), Garazi Baigorrin (%24,3) edo Iholdi Oztibarren (%18,1).

Astigarraga, Derio, Sarriguren edo Aretxabaleta-Gardelegi, gazteentzako kokaleku berriak euskal hiriguneetan

Gazteen artean emantzipatzeko asmoarekin hirigunera jotzea, ordea, ohiko joera da Euskal Herri osoan, salerosketarako etxebizitza parke garestiena bertan kokatu arren (ikus gaiari buruzko azken erreportajea). Hiriguneetara jo bai, baina nagusiki etxebizitza eskuragarriagoa den tokietara jotzen dute. Donostialdean Astigarraga, Lasarte-Oria, Errenteria edo Hernanira jotzen dute; Bilbo Handian Derio edo Barakaldora; Iruñerrian Berriobeiti, Sarriguren (Eguesibar) eta Berriozarrera; Gasteizen Aretxabaleta-Gardelegi, Zabalgana edo Salburuako auzoetara. Babes ofizialeko etxebizitza politikek eta merkatu libreko prezioek hiriguneetako zenbait eremuk gazte andana bereganatzea eragin dute, belaunaldien arteko lurralde segregazioa sustatuz.

Europako gazteen emantzipazio-maila handiagoa da

Euskal A.E.ko Gazteen Euskal Behatokiak 2021eko otsailean argitaratutako txostenaren arabera, 18 eta 34 urte bitarteko gazte soldatadun batek merkatu librean etxebizitza bat erosteko hipotekaren kuota ordaintzera bideratu beharko lukeen soldata garbiaren proportzioa %55,1koa da (2019). Zifra horiek gomendatutako gehieneko zorpetze-mugaren gainetik daude, muga hori soldataren %30ean ezartzen baita Gazteen Euskal Behatokiaren arabera. Etxebizitza babestuak, aldiz, eskuratze-kostu onargarriagoak dakartza soldatapeko gazteentzat, hileko soldata garbiaren %30,7 hipoteka ordaintzera bideratzea eskatzen baitu.

Aipatutako aldagaiek Euskal Herriko gazteen emantzipazio-maila Europar Batasunekoen (EB-27) azpitik kokatzen dute. 2019 urtean Euskal Herriko 20-34 urte bitarteko gazteen %43,3 gurasoen etxetik kanpo bizi zen. EB-27n proportzio hori %55,3koa zen. Europan gazteen emantzipazio tasa handienak Danimarkan (%90,5), Finlandian (%87,7), Norvegian (%85) eta Suedian (%84,3) bezalako herrialdeetan kokatzen dira. Goiz da estatu guztietan 2020 urteko datuak ezagutzeko, baina Danimarkan eta Finlandian, behintzat, gazteen emantzipazioa ez da uzkurtu osasun larrialdia iraun bitartean.

Etiketa orokorrak: