Joan-etorrien gutxitzeak Berotegi Efektuko Gasen isurketak murriztu ditu 2020 urtean

Errepide bidezko garraioaren Berotegi Efektuko Gas isurketa %10,4 apaldu da Hego Euskal Herrian 2020an. Europa mailan, Berotegi Efektuko Gas isurpen guztien %24aren iturburua garraioa izan zen 2018 urtean. Urte berean, proportzio hori %23,3koa izan zen Nafarroa Garaian, %34koa Euskal A.E. n    eta  %32koa   Euskal Hirigune Elkargoan. Euskal Herrian, hortaz, kopuru hori %32koa izan zen 2018an.

Osasun larrialdiak mugikortasunaren murrizketa nabarmena ekarri du. Murrizketa horiek, era berean, erregai fosilen kontsumoa gutxitzea eragin dute, eta errepide bidezko garraioaren Berotegi Efektuko Gas (BEG) isurketak %10,4a apaldu ziren iaz Hego Euskal Herrian. Aurreko urtearekin alderatuta gasolinaren kontsumoa %18,8a murriztu zen 2020an. Dieselaren kontsumoak, ordea, ibilgailu astunei estuago lotua dagoen aldetik, -%9,7 jaitsiera izan du. 2019arekin alderatuta erregai fosilen kontsumoaren jaitsiera handiena apirilean gertatu zen (-%46,5). Hala ere, ia urte osoan mantendu zen aurreko urteko mailaren azpitik.

Lehen sektoreari, industriari edota berotze sistemei bideratutako erregai fosilen kontsumoan tamainako jaitsierarik gertatu ez arren, errepide bidezko garraioari dagokionez inoizko kontsumo-apaltze handiena erregistratu zen. Horrek BEG isurpenak murriztu zituen nabarmen: 2020 urtean, Euskal Herriko errepide bidezko garraioak 7.500 kilotona CO2 isuri zituen behin behineko datuen arabera. Urtebete lehenago baino ia 900 kilotona gutxiago dira horiek. Zuzeneko isurpenak izan ziren, hau da, elektrizitatearekin zerikusia dauzkaten igorpenak aintzat hartzen ez dituztenak.

Garraioa BEG isurpenen iturburu garrantzitsua da Euskal Herrian

Kiotoko Protokoloa indarrean denetik Berotegi Efektuko Gas isurpenetan gehien hazi den sektorea garraioarena da. Europa mailan, Berotegi Efektuko Gas isurpen guztien %24aren iturburua izan zen 2018 urtean. Nafarroa Garaian proportzio hori %23,3koa izan zen urte berean, Euskal A.E.n %34koa, eta Euskal Hirigune Elkargoan, %32ra iritsi zen 2019an, lurralde bakoitzeko iturri ofizialen arabera. Datu horiei so, beraz, Euskal Herriko garraio sektoreak BEG isurpen guztien %31 pasatxo sortzen ditu. 2020ko isurpen guztien datuak ez daude eskuragarri oraindik, baina behin-behineko datuen arabera proportziohori apaldu egin da.

Garraioari dagokionez errepide bidezkoak eragiten du isurketa bolumen handiena. Euskal Herrian, elektrizitatearekin zerikusia duten igorpenak alde batera, errepide bidezko garraioak biztanleko 2,2 tona CO2 isuri zituen iaz. 2018 urtean kopuru hori 2,6koa izan zen. Europar Batasunean ostera, 1,9 tona per capita isuri ziren urte horretan. Euskal Herria Austria, Eslovenia edo Irlandaren pare dago isurpen hauei dagokienez. Luxenburgok, aldiz, aise gainditzen ditu lurralde hauen kopuruak.

Arrazoi desberdinak tarteko, Euskal Herrian errepide bidezko garraioari loturiko karbono dioxidoaren biztanleko isurpena bereziki handia da. Arrazoi horien artean daude, besteak beste, Europa eta Afrika arteko pasabidea izatea, ibilgailu pribatuarekiko menpekotasuna, garraio publikoko sareen estaldura eta kalitatea, mugikortasun joera berriak edota potentzia handiko kotxeen gorakada.