[ANÁLISIS] Uholde neoliberalaren aurrean, Euskal Herrian zer?

Este análisis  y otros muchos han sido publicados un el estudio "Situación del mercado laboral de Euskal Herria"


Euskal Herriko egungo lan-harremanen egoera aztertzerakoan, aurrez aurre aurkitzen dugun lehen arazoa da harreman horien araubide juridiko nagusia ezartzea, Konstituzio eta legeen bitartez, ez dagokiela Euskal Herriko botere araugileei, Frantzia eta Espainiako botereei baizik.

Araubide juridikoa bultzatzen duen politika ekonomiko-laboralari dagokionez, espainiar Estatuaren kasuan oso nabarmena da politika neoliberalaren aldeko hautua, eta ez hain markatua Frantziar Estatuan. Espainian gertaturiko azken lan-erreformetan (2012-2013), Gobernuak aitortu nahi ez izan arren, helburua oso argia da: lan-kostuak jaitsiz, batez ere soldata, enpresen lehiakortasuna areagotzea. Aitorturik gabeko asmo hori egungo egitateek frogatzen dute, datuek esaten baitigute soldatak jaisten ari direla, eta Espainiako esportazioak igotzen ari direla, merke ekoizten delako.

Egun mundu mailan hain indartsu dagoen korronte neoliberala jarraituz, besteak beste troikak (Europako Komisioa, Europako Banku Zentrala, eta Nazioarteko Diru Funtsa) burubelarri bultzatzen duena, Espainiako gobernuak lan-merkatua desregulatzeari ekin dio, enpresen kostu laborala jaitsiz eta langileekiko betebeharrak murriztuz.

Horrela, langabeziaren datu kuantitatibo izugarriak* zuritu nahi dira, enpleguaren kalitatearen kontura. Enplegua sor dadila, nahiz eta enplegu merkea izan, kalitatezko enpleguaren ordez. Soldata jaitsieraz gain, ildo bereko politika erakusten dute, enpleguaren kalitatea kaltetuz kantitaren alde, azken aldiko erreformak lanaldi partzialeko kontratuak sustatu, malgutu, eta erraztuz, edota kotizazioko tarifa planoa (100 euro), kontratu mugagabe berrietan.

Eta uholde neoliberal horren aurrean Euskal Herrian zer? Ba goian aipaturikoa berretsi behar da; joko esparru juridikoa Estatuek markatzen dutela, egoera larria bihurtuz Hego Euskal Herrian, eta aurre egiteko tresna juridiko baliagarriak hitzarmen kolektiboak direla. Autonomia kolektiboko eragileek borondatea balute, hitzarmen kolektiboa oso eraginkorra izan liteke bestelako eredu baten alde, baina enpresaburuak, oro har, eroso daude legediak beren interes ekonomikoen (gutxienez epe motzekoak) aldeko haizea dakarrelako.

Euskal Herriko etorkizuneko lan-harremanen eredu komenigarria irudikatzearen ariketan murgiltzerakoan, edukian zentratuko naiz, ereduan, alde batera utzita aipaturiko egiturazko arazoa, hots, araubide juridiko nagusia Estatuei dagokiela, eta oraingoz Estaturik gabeko nazio den Euskal Herriari hitzarmen kolektiboen bidea gelditzen zaiola.

Gaindegiak eskaintzen dizkigun azken datuen arabera, Euskal Herriko langabezia-tasa %15 da (%10 EB-28n, %10 ere frantziar Estatuan, eta % 25 espainiar Estatuan). Espainiar Estatukoaren erdia inguru egonda ere, langabezia maila oso altua dugu, EBko testuinguruarekin alderatuta. Hortik abiatuta, enplegu politika aktiboak behar dira, langabetuen enplegua sustatzeko, eta langileek enplegua mantentzeko.
Enplegu politika aktiboen gakoa langileen formazioa izan beharko litzateke. Abiapuntu aski ona dugu arlo honetan, Gaindegiak esaten baitigu EHn populazio aktiboaren %43k goi-mailako ikasketak dituela, datu azpimarragarria, EB-28ren %27arekin alderatuta. Hortaz, enplegu politika aktiboetako inbertsioak gehienbat langileen formazioan zentratu beharko litzateke, bai langabetuen formazioan, eta bai langileen trebakuntzan, eta ez egungo kontratatzeko dirulaguntza eta kotizazio hobarietan.

Soldatapeko langileen enplegua sustatzeaz gain, enplegu politika aktiboek enplegu autonomoa sustatzeko atala eduki behar dute. Langile autonomoen kasuan, epe luzerako politika integrala beharko litzateke, eta ez gaur egun batzuetan eskaintzen diren sustapen neurri puntualak.

Autoenplegu kolektiboak kapitulu berezia merezi du Euskal Herrian. Kooperatibek eta lan-sozietateek (kapitalaren gehiengoa langileena denean) une honetan pisu kuantitatibo moderatua duten arren (Euskal Autonomi Erkidegoan enplegatuen %6 inguru), eredu kualitatibo oso interesgarria erakusten dute. Euskal Herrian dugun MCC, bere argi-ilunekin, mundu osoko talde kooperatibo handiena da.

Etorkizuneko Euskal Herriko sistemak babes nahikoa eskaini beharko lioke gogoz kontrako langabezian dagoenari. Benetan bere borondatearen kontra egon eta modu aktiboan enplegua bilatzen ari denak modu duinean bizitzeko babes publikoa merezi du, pertsona horri Estatuak kale egin baitio, bere lanerako eskubidea ezin duelako baliatu. Aipaturiko baldintzapean babesa bermatu, kotizatu duenari, kotizatu duenaren araberakoa, eta nahiko kotizatu ez duenari, kontsumorako prezioen adierazlearen arabera.
 

* Eurostasteko azken datuen arabera, 2014ko urtarrilakoak, EB-28ko batazbesteko langabezi-tasa %10.8koa da, eta Espainiar Estatukoa da altuena, % 25.8rekin (Greziako azken datua 2013ko azarokoa da, %28).