Joandako ikasturtean, irakurle, euskal herritarren jatorri aniztasunaz mintzatu nintzaizun. Udalerri euskaldunek bizi izandako atzerakada ere aipatu genuen (inguruko herrietatik hainbat biztanle hartu zituzten bitartean). Harrera da, nonbait, kontzeptu gakoa horren mugikorra den gure gizarte honetan. Mugikortasunean bizitzea eta ondare komuna gordetzea Herri mailako hitzarmen baten osagaiak direla esan dezakegu. Gipuzkoan ere bai.
Jar gaitezen beraz, aurrera begira. Katalogo horretan osagai gehiago gehitzen. Nire proposamena “harrera eraginkorra” izango litzateke. Hau da, beste nonbaitetik gurekin aldi batez edo luzerako bizitzera datozen pertsonei harrera eraginkorra egitea. Horri buruz zerbait badakigu herri honetan, baina hori ere eguneratu eta indartu ezean jai dugu.
Harrerari dagokionez, Gipuzkoak oraintxe, mundu osoko jendea hartzen du. Lanera edo etorkizun duin baten bila datozenak ehunka dira, Afrika, Hego Amerika edo Europa ekialdetik. Halaber, ez dira gutxi, jarduera zientifiko, akademiko edo profesional jasoak gauzatzera datozenak (oraintxe Gipuzkoarren %23 Euskal Herritik kanpo sortua da, Euskal Herrian %28,5, Espainiako Erresuman %15). Askok bizi dituzten zailtasun materialekin ezin pentsa dezakegu gure herrian egoki txertatzeko aukerak eskura dituztenik. Behar materialak (lana, etxebizitza, eskolatzea…) asetzeaz gain, sozializatzeko bideak ere behar dituzte, edo euren eskubideak gauzatzeko bideak topatzea. Ibilbide horretan, naturaltasunez txertatu eta gu ezagutzeko zer egin/antolatu behar dugun pentsatu beharko genuke.
Urrundik etorritakoez gain bada beste “etorkin” tipologia bat ere, euskararik jakin gabe edo erabiltzeko ohiturarik gabe udalerri euskaldun batera joaten dena. Gure lanetan azaldu bezala, milaka izan dira mugimendu hori egin dutenak. Prestatu al diegu behar bezalako harrera nora joan diren jakin dezaten, ez dakienak ikas dezan eta dakienak erabili? Erabilera ohiturak ezagutu eta baloratu ditzaten, erdara lehentasunez erabiltzeko ohitura inposa ez dezaten… Udalerri euskaldunak oso inguru linguistiko sentsibleak dira, badute nahikoa lan bereari eusten eta ongi legoke kasu hauetarako harrera egitasmo eta baliabideak izatea.
Geure buruari galdetu ote diogu harrera eraginkorra izatea zer den gure kasuan. Bistan denez, ez gara mahai batean urdinez jantzitako poliziak jarri eta egoitza agiriak banatzeaz ari (segidan kale kantoian uniforme berarekin paperak eskatzeko). Gure lankide, ikaskide, auzotar izan daitekeen hori, gurekin batera kaleak, plazak eta baliabide sozialak erabiliko dituen hori herri batek harrera naturala egin eta herri horren parte izaten laguntzeaz ari gara. Bakarren batek pentsa lezake zerbitzu sozialetan nahiago duela masifikaziorik gabe ibili, edo gogoko duen hori bakardadean disfrutatu. Baina, bidezko ez izateaz gain, larriagoa da gizarte paraleloen arkitektura eraikitzea. Gako guztiak eskura dituztenena eta ez dituztenena. Hori egitea Espainiako Erresumaren immigrazio politika egitea litzateke, bertakoak eta kanpokoak, eta azken hauek osagarri besterik ez.
Politika horren aplikazioa euskal kasuan bistakoa izan da, “hauek vascoak dira, zuek hispanoak” dio, edo “erdara erabiltzea zure eskubidea da, edonon”. Ondo gogoan dut zenbait sindikatuk etorkinei A ereduan matrikulatzeko emandako aholkuen eragina hainbat ikastetxe eta beren auzoetan. Esandakoa, gure harrera egitasmoek ekarriko dute biharko gure gizartea (eta honen xedeak). Nork bere harrera egitasmoa presta dezala, eta praktikan jarri.