[ETB1] Azpimarra saioan, Lanbide Heziketari buruz

lanbide heziketa mapaIndustriaren adarreko zikloek indar handia dute Euskal Herriko Lanbide Heziketan, zerbitzuetakoek tokia kendu badiete ere

Gaur egun, 43.000 lagun inguru ari dira Lanbide Heziketako ikasketak egiten Euskal Herrian, erdi eta goi mailako zikloak kontuan hartuta. Batxilergoa egiten duten eta unibertsitatera doazen gazteen kopurua baino nabarmen txikiagoa da zifra hori, baina oso kontuan hartzekoa. Izan ere, horietan ematen den formakuntza oso espezifikoa da, eta ziklo batzuek bete-betean egiten dute bat Euskal Herriko egitura ekonomikoan pisu handia duten zenbait jardueratan dagoen lan eskaintzarekin (industria, osasuna…).

Zehazki, 2012-2013 ikasturtean, 31.734 lagun zeuden Lanbide Heziketan matrikulatuta Euskal Autonomia Erkidegoan, 7.752 Nafarroa Garaian, eta 3.000ren bueltan Ipar Euskal Herrian (azken hau, Gaindegiaren estimazioa).  Hego Euskal Herrian, administrazioari lotutako heziketa zikloek dute ikasle gehien. Hala ere, herrialdeka begiratuz gero, alde handiak daude: Nafarroa Garaian administrazioa bera da nagusi, baina Araban eta Gipuzkoan fabrikazio mekanikoari lotutako zikloak, eta Bizkaian elektrizitatea eta elektronikari buruzkoak. Osasunaren alorreko Lanbide Heziketan ere ikasle ugari dabil, oro har, Hego Euskal Herrian.

Ipar Euskal Herrirako dauden datuak hain zehatzak ez badira ere, Lanbide Heziketako ikasleen erdia inguru zerbitzuen sektoreko zikloetan matrikulatzen da (bulegoko lanak, osasuna, merkataritza). Horien segidan datoz mekanika, elektronika/elektrizitatea eta nekazaritza adarretako ikasketak.

lanbide heziketa grafikoaEskaintzari dagokionez, Lanbide Heziketako zentroak oso zabalduta daude Euskal Herrian, zenbait hutsune baldin badaude ere: Ipar Euskal Herrian, esaterako, ez dago eskaintzarik Hazparnetik ekialdera, eta Nafarroa Garaian, beste hainbeste gertatzen da Pirinioetan, Baztan eta Irunberri arteko lurraldeetan.

Gainerakoan, eskaintza oso barreiatuta dago administrazio, merkataritza, industria (mekanika, elektronika eta instalazioak batez ere) eta osasun alorreko zikloak dituzten zentroei dagokienez. Hala ere, eskualde eta udalerri batzuetan espezializazioaren alde egin dute, eta ikasketa nahiko berezituak eskaintzen dituzte: basozaintza Gorbeia inguruetan; nekazaritza Tolosaldean (Fraisoro), Hazparnen eta Arga Aragoiko Erriberan; eraikuntza Angelun; itsasoa eta arrantzari lotutako zikloak Bermeon, Mutrikun eta Pasaian; sukaldaritza Baionan eta Leioan; irudia eta soinua Andoainen; jarduera fisikoa Irunberrialdean; diseinu grafikoa Corellan…

Lanbide Heziketaz eta formakuntza mota honek dituen erronkez jardun du Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak, aste honetako Azpimarra saioan, ETB1en. Berarekin batera, programan izan da Ramon Martinez de Murgia, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako zuzendaria.

 

Info7 irratia: Zer paper du Lanbide Heziketa sistemak Euskal Herriko egitura ekonomikoan?

Bideoa: