2007an Europar Batasuneko populazioaren %55ak zuen Internet etxean, eta %42 zen banda zabalaren jabe. Sei urte geroago, %79 eta %76 dira zifrak, hurrenez hurren. Bilakaera antzekoa izan da Euskal Herrian ere, nahiz eta Iparralden askoz nabarmenago hazi den sarera konektatuta dauden etxeen kopurua.
Euskal Herriko datuak Europa ekialdeko eta hegoaldeko zenbait estatu eta erregioren parekoak dira. Populazioaren zahartzea oso kontuan hartzekoa da hemen, oro har, 55 urtetik gorako Internet erabiltzaileak askoz ere gutxiago baitira, eta adin-tarte horretan asko zabaltzen den demografia piramidea da gurea. Hala ere, esan bezala, Iparraldeko zifrak Hegoaldekoak baino dezente handiagoak dira Internet konexiodun etxebizitzei dagokienez; Frantziar eta Espainiar estatuko prezioen arteko alde handia ere bada eragina duen beste faktore bat, beraz.
Internet eta telematika informazio eta komunikazio teknologiadun gizartearen funtsezko oinarria da eta geroan ere izango da. Dela komunikaziorako, lankidetzarako edo jarduera produktiborako, Euskal Herriak Interneten bitartez herri gisa bizi eta jokatzeko aukera indartsua eskaintzen digu.
IKT-ak eta bereziki Internet ezinbesteko baliabidea dira gizarte ororentzat. Euskal Herritik begiratuta, herritarren eta organizazioen garapen teknologikoak berebiziko aukera eskaintzen digu bai gizarte kohesioari begira, bai jarduera produktiboari begira ere. Horren ondoan, halaber, azpimarratzekoa da lurralde kohesioan edo euskararen normalkuntzan berebiziko ekarpena egiten ari dela teknologia.