[ETB1] Azpimarra saioan, langabeziari buruz

Euskal Herriak %14,8ko langabezia tasa du, baina desberdintasun handiak daude eskualde batetik bestera

adin piramidea

INEk joan den astean argitaratutako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren harira, Gaindegiak Euskal Herriko langabezia datuak eguneratu ditu: 217.500 langabetu daude gaur egun Euskal Herrian, eta langabezia tasa %14,8koa da. Zifra horiek aurreko hiruhilekokoak zein iazko garai berekoak baino hobeak dira, baina ez da ahaztu behar Europar Batasuneko batez besteko langabezia tasa bost puntu txikiagoa dela.

Dena dela, Euskal Herriko lan merkatuaren auzia egiturazkoa da, koiunturala baino gehiago, eta epe luzera begira zuzendu behar da egoera hobetuko bada. Landunen adin egitura da arazo handienetako bat gurean: gaur egun lanean daudenen artean, ia %45 dira 45 urtetik gorako adina dutenak. Datu aipagarri bat ematearren, 10-15 urteren buruan 200.000 lagunek hartuko dute erretiroa Euskal Herrian, eta hala ere gazteenek zailtasun handiak dituzte lan merkatuan beren tokia egiteko.

Bestalde, lana sortzen duten sektoreen ezaugarriak oso azkar ari dira aldatzen. Esaterako, Euskal Herrian industrian tradizio handia egon den arren, sektore horretan 80.000 lanpostu galdu dira azken sei urteotan. Zerbitzuekin loturiko jarduera adarrak gailentzen ari dira, eta lan baldintzak okertzen.

 

Lurraldeka

eskualdeka Euskal Herri osoak ez du modu berean bizi langabeziaren auzia. Hasteko, Ipar eta Hego Euskal Herrian bilakaera desberdina izan da azken urteotan, neurri handi batean oso bestelako politikak sustatzen dituztelako Espainiako eta Frantziako gobernuek. Hala, Ipar Euskal Herriko langabezia tasa egonkorragoa izan da, Hego Euskal Herrian gorabehera handiak izaten diren bitartean, lanpostuak azkar suntsitu eta sortzeko joera dagoelako. 

Auzia eskualdeka aztertuz gero, berriz, gaur egun Enkartazioek dute langabezia tasa handiena (%14), eta segidan datoz Bilbo Handia (%13,2), Arabako Lautada (%13,1), Kantauri Arabarra (%13,1), Tuteraldea (%13), Bidasoa Beherea (%11,8), Sakana (%11,4), Debabarrena (%11,4) eta Iruñerria (%11,3). Ipar Euskal Herriko barnealdeko herri elkargoek dute, aldiz, langabezia-tasa txikiena: %5etik behera.

 Hego Euskal Herriko bilakaerari begiratzen badiogu, 23 eskualdek gutxienez bikoiztu egin dute haien langabezia tasa, 2008tik hona. 2009an eta 2012an izan ziren bi kolpe nagusiak. 2009an, esaterako, Durangaldeak ia bikoiztu egin zuen langabezia tasa, eta Sakanan %80tik gora handitu zen. 2012an, berriz, Debagoienan (%21) eta Urola Kostan (%17) izan ziren igoera handienetakoak.

Hala ere, aipatzekoa da 2013ko irailetik 2014ko irailera Hego Euskal Herriko eskualde guztietan jaitsi edo mantendu dela langabezia-tasa. Datu horiek bereziki positiboak izan dira, adibidez, Sakanan (-%11,7) eta Tafallaldean (-%10,7).

Hain zuzen, langabeziaren erradiografia egin du Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak, aste honetan, ETB1eko Azpimarra saioan. Berarekin batera izan dira Sakantzen Sareko Jon Etxeberria eta Oarsoaldeko Garapen Agentziako Patxi Arrazola.