Skip to main content

Itsasoa, arrantza eta elikadura (1/4): gero eta ontzi gutxiago kostaldean

Itsasontziz beteriko euskal portuen irudia urrun geratu da. 1986. urtean Hego Euskal Herrian Europako arrantza politika bateratua indarrean sartu zenetik euskal arrantza flotaren bolumena nabarmen gutxitzen hasi zen, Frankismoaren arrantza politikak sustatutakoa desegite bidean jarriz. Ipar Euskal Herrian ontzidiaren hazkundea apalagoa izan zen aldetik, Bruselatik agindutakoa aintzat hartuz eragindako murrizketa ez zen hain traumatikoa izan.

354 ontzi, 15 itsasportutan

Hamarkadak igaro dira Europako arrantza politika mugaren bi aldeetan indarrean sartu zenetik. Guztira, egoitza-portua euskal kostaldean duten 354 ontzi geratzen dira egun: 156 Lapurdin, 112 Bizkaian eta beste 86 Gipuzkoan. Baiona-Donibane Lohitzuneko portuak du ontzi kopuru handiena (156 ontzi), baina Bermeo (57), Hondarribia (31), Getaria (25), Ondarroa (25) eta Pasaia (18) sektoreko erreferente garrantzitsuak dira. Gaur gaurkoz arrantzako jarduera profesionala kostaldeko 15 herritan garatzen da eta zenbait tokitan arrantza jarduera trakzioa eragiten duen sektorea izatetik ondare kulturala izatera igaro da edo bide horretan da. Arrantzak modu zuzenean 3.000 bat enplegu sortzen ditu egun Euskal Herrian, erdia baino gehiago gertuko arrantzan, eta beste 600 atunontzi izoztaileetan. Milurteko hasieran arrantzari zuzenean lotutako enplegu bolumena egungoaren ia bikoitza zen.

Artisau-arrantzarako eta baxurako flota gutxitzen

Euskal kostaldea txikia bada ere arrantza jarduerak tokian tokiko berezitasunak ditu. Baxurako arrantzan diharduen euskal flotaren bi heren Gipuzkoan kokatzen da, batik bat Hondarribian eta Getarian. Orotara, baxurako arrantzarako 69 ontzi daude egun. Zentsuaren arabera sare txikiekin eta artisautza teknikekin aritzen diren beste 209 ontziek osatzen dute artisau-arrantzako ontzidia. Lapurdin artisau-arrantzarako tradizio handia dago eta Euskal Herriko flotaren erdiak baino gehiagok bertan du atrakalekua.

Artisau-arrantzako eta baxurako itsasontzien kopurua aspalditik ari da gutxitzen: egun 2004 urtean baino 113 ontzi gutxiago daude euskal kostaldean, ordutik desagertutako ontzi gehienak artisau-arrantzakoak dira. Belaunaldi ordezkapen ezak eta merkatuko prezio merkeak utzitako mozkin txikiak joera hori eragin du, baina  Bizkaian eta Gipuzkoan galdutako flotaren heren batek aktibo jarraitzen du Espainiar estatuko beste portu batzuetan, Kantabrian, Galizian, Kanariar uharteetan eta Andaluzian batez ere. Baxurako eta alturako ontziek Kuota Indibidual Transferigarriak (KIT) atxikita dutenean, praktikan, ontzien salerosketak arrantza gaitasuna ahultzen du Euskal Herrian: KITak ontziei esleitutako iraupen mugagabeko arrantza eskubideak dira, eta arrantza kuota horiek estatu bereko (izan Espainia, izan Frantzia) beste toki batean arrantzan aritzeko transferigarriak dira, lurralde jakin bati atxikitako ondarea izan beharrean.

Alturako flota Baionan, Bermeon, Ondarroan eta Pasaian

Alturako arrantzan aritzen diren eta egoitza-portua Euskal Herrian duten beste 76 itsasontzi daude. Horien artean, gutxienez, heren bat altura handiko arrantzakoak dira eta Atlantikoan edo Indiako Ozeanoan aritzen diren atunontzi izoztaileak dira. Bermeon egoitza-portua dute halako 25 itsasontzik, Euskal Herritik milaka kilometrora arrantzatzen dute eta konponketetarako Vigoko portura gerturatu ohi dira. Pasaian ere badira egoitza-portua duten bakailutarako bi ontzi.

Latitude horietan jarduten den flota alde batera, Ondarroa eta Baiona dira euskal kostaldean alturako flotaren erreferentzia nagusiak egun. 2009/12 epealdian alturako hamar itsasontzi galdu zituen Ondarroak,  baina ordutik itsasontzi kopuruari eusteko gai izan da. Denboran atzera eginda bistakoa da Bizkaiko udalerriak pairatu duen arrantza flotaren gutxitze nabarmena: 1995ean Ondarroan alturako 65 itsasontzi zeuden, eta 2000 urtean, 43.  galdutako zenbait itsasontzik Baionan dute egoitza-portua egun. Areago, bertako alturako flota osatzen duten 31 itsasontzien artean, hamaika dira aurretik egoitza Hego Euskal Herrian edo Galizian izan dutenak.

Etiketa orokorrak