Energia berriztagarrien ezarpenean atzetik dabil Euskal Herria

Energia berriztagarrien presentzia, lehen mailako energia gisa, %17,4koa da Euskal Herrian. Hala ondorioztatzen da euskal lurralde osoarentzako 2017 urteko datuetatik. Lehen mailako energia inolako aldaketarik jasan ez duen energia da. Amaierako energia, berriz, erabiltzeko prest dagoena. Lehen mailako energiaren gastua amaierako energiarena baino handiagoa da, besteak beste, konbertsio-prozesuen eraginkortasuna ez delako erabatekoa.

2007 urtean, energia berriztagarrien presentzia %9,7koa zen. Energia berriztagarriak, beraz, gorabidean dira, baina ez egoerak eskatzen duen erritmoan. Euskal Herrian energia berriztagarrien presentzia Alemania eta Europaren parekoa da, baina oso urrun dago Norvegian, Suedian, Finlandian edo Danimarkan duen ezarpen mailatik. Herrialde eskandinaviarrek agerian uzten dute bestelako eredu energetikoa posible dela, baina baliabide aldetik oso herrialde aberatsak direla aintzat hartu beharra dago (biomasa, ura,…), eta azalerarekiko proportzioan ere, biztanleria urria dutela.

Berriztagarrien presentzia handiena argindarrean

Energia berriztagarrien inplementazioan argindarrean trantsizioa beste erabileretan baino errazagoa da, eta Euskal Herrian, argindarrean dago lehen mailako energien artean berriztagarrien proportzio handiena (%34,8). Proportzio hori murritzagoa da Ipar Euskal Herrian (%20), energia nuklearrak ezarpen-maila handia baitu Frantziar estatuko argindarrean: Frantziako argindarraren %86ak energia nuklearrean du iturburu (2017).

Norvegian edo Islandian argindar guztia energia berriztagarrietan oinarritzea lortu dute. Albania bezalako herrialde batek aurrerapausu nabarmenak ematen ari da norabide berean, energia hidrohidraulikoa baliatuz. Edonola ere, energia hidroelektrikoaren mugak kontuan hartu behar dira, bai ingurumenaren ikuspegitik zein arrazoi geografikoengatik. Gainera, aldaketa klimatikoa medio etorkizunean eskuragarria egongo den ura gutxituko dela aurreikustekoa da.

Bestelako erabileretan berriztagarriak hankamotz

Energia berriztagarrien presentzia mugatua da Euskal Herriko bero-hotz sisteman, beharraren %17,9a asetzen baitute. Euskal klimatologiagatik handiagoa da berotasuna sortzen gastatutako energia kopurua hotza sortzen erabilitakoa baino. Nolanahi ere, aldaketa klimatikoa medio gero eta txikiagoa da berotasun beharra eta handiagoa hozte beharra. Hala baieztatzen dute Europako Batzordeak sorturiko indizeek.

Garraioaren sektoreak energia berriztagarrien presentzia txikiena du. Euskal Herriko berriztagarriek garraio sektorearen %6,2a asetzen dute soilik. Nabarmenak dira garraioan trantsizio energetikoa burutzeko zailtasunak; esaterako, Alemaniak antzerako errealitatea dauka. Garraio sektorean energia berriztagarrien presentzia handiena Suedian, Norvegian eta Finlandian dago eta berriztagarriek energia beharraren %20-30 inguru barne biltzen dute.

Euskal Herrian bilakaera teknologiko esanguratsua burutzen ari da eta gero eta gehiago dira energia-iturri garbien inplementaziorako eragileak (Goiener, Nafarkoop, I-ener) edo mikroekoizpen-sistemen aldeko hautua egiten duten udalerriak. Hala ere, petroliotik eratorritako erregaiekiko menpekotasuna handia izaten jarraitzen du Euskal Herriak.

Etiketa orokorrak: Iraunkortasuna