Iritzi hau eta beste hainbat Lan merkatuaren egoera Euskal Herrian txostenaren harira eginak izan dira
Krisi ekonomikoa hasi zenetik sei urte luze pasatu dira. Krisialdiari irtenbidea ez emateaz gain, urtez urte langabezia eta pobrezia hedatzen ari dira eta emerjentzia sozialeko egoeran bizi garela esan genezake.
Krisiaren hasieratik betiko “errezetak” aplikatu izan dira. Hauen emaitza prekarietate laborala eta soziala izan da. Gaur egungo egoera errezeta horien aplikazioaren fruitu zuzena izan arren, oraindik orain, hainbat forotatik politika horietan are gehiago sakontzea aldarrikatzen da.
Ondorioak:
- Langabezia etengabe doa gorantz. Hego Euskal Herrian 2008. urte hasieran 73.700 langabe izatetik, 2013. urte amaieran 208.500 langabetu izatera igaro gara.
- Hego Euskal Herriko langabezia tasa %16koa da, Portugaleko langabezia tasaren oso antzekoa. Europar Batasunean Espainiak eta Greziak baino ez dute tasa altuagoa.
- Hego Euskal Herriko gazteen ia erdia langabezia egoeran dago eta familien %9an kide guztiak langabezia egoeran daude.
- Soldatak eta lan baldintzak kaskartu dira eta sortzen den eta sortuko den enplegua enplegu prekarioa da.
- Emakumeenganako diskriminazioak indarrean dirau: jarduera tasa txikiagoa da, langabezia tasa handiagoa, aldi partzialeko enpleguaren %83,7 emakumeek burutzen dute, behin behinkotasun tasa altuago da, gizonezkoaek baino %37 gutxiago irabazten dute...
- Merkatu beltzean hainbat eta hainbat langile aritzen dira, gehienak emakume eta etorkinak, inolako eskubiderik gabe.
Errealitate honek politiken norabidea aldatu beharra erakusten du eta enplegu politika eraginkorrak burutzea lehen mailako premia bihurtzen du. Kalitateko enplegua sortzea ezinbestekoa da ekonomia suspertu ahal izateko.
Beraz, enpleguaren sortzea eta mantentzeak berebiziko garrantzia dauka krisialditik aterako gaituzten politiken diseinuan. Hau kontuan hartzen ez duen edozein politika ezer konponduko ez duen partxe hutsa baino ez da izango.
Honek, besteak beste, gure herrian lan erreforma ezberdinak alde batera uztea esan nahi du. Zoritxarrez ez da hori patronalaren aldetik ikusten dugun hautua: herri honetako langileon enplegua eta eskubideak oinarri izango dituen lan harreman eredua bermatuko duen ehun produktiboaren beharretan pentsatu ordez, erreforma horien onura guztiak hartu eta, lan kostuak murriztea helburu bakartzat edukiz, motzeko irabaziak lehenesten dituzte.
Espainiar Estatuaren eredua, Euskal Herrikoa baino kualifikazio askoz txikiagokoa eta zerbitzuetan eta eraikuntzan askoz zentratuagoa, lan kostuen murrizte etengabean oinarritzea erabaki dute. Eredu hori jarraitzeak, ikusten ari garenez, porrotera eramaten gaitu. Euskal Herriak dauzkan potentzialitate, ehun ekonomiko eta gaitasunak alboratzen ari dira eta apurka-apurka estatuaren egoera berdinera hurbiltzen ari gara. Honela, ekonomia geldirik, inolako aktibaziorik gabe eta emerjentzia sozial egoeran gaudela, bestelako erabaki batzuk hartu ezean, laster batean Greziako edota Portugaleko egoera berean ikusiko dugu geure burua.
Nazioartean lehiakorrak izateko gakoa ez dago lan kostuak murriztean, beti egongo baitira prezioetan merkeago ekoiztuko duten herrialdeak; enpleguaren kualifikazioan, I+G+B inbertitzean eta beste hainbat faktoretan dago irtenbidea.
Beraz, Euskal Herrirako eredu sozioekonomiko propio bat eraiki beharra gero eta premiazkoagoa da. Eredu sozioekonomiko honen funtsezko ardatza lan harreman eta babes sozial eredu berri eta propio bat eraikitzea da. Lan harreman eta babes sozial eredu berri hau adostua eta konpatitua izan behar da eragile ezberdinen artean.
KALITATEKO ENPLEGUAREN BEHARRA
Esan bezala, kalitateko enplegua sortzea eta, horrekin batera, dagoena banatzea, ez suntsitzea eta ez kaskartzea, ezinbestekoa da ekonomia suspertzeko eta, hortaz, krisitik irten ahal izateko.
Izan ere, gaur bizi dugun krisia kapitala lanaren gainetik jartzearen ondorioa da. Hartu izan diren neurri guztiak kapitalaren mesedetan eta, are gehiago, kapital handien eta kapital espekulatiboaren mesedetan, izan dira. Honek izugarrizko eragina izan du ekonomia errealaren gainbeheran eta izugarrizko eragina maila guztietan enplegu galerari dagokionez.
Era berean, krisiaren ondorio kaltegarrienetariko bat ezberdintasun sozialen hazkundea izan da: ondasunak gero eta esku gutxiagotan pilatzen joan dira, pobrezia gero eta esparru zabalagoetara hedatuz joan den bitartean. Enplegua, politika fiskalarekin eta aurrekontu politikarekin batera, aberastasuna banatzeko modu egokienetako bat da eta ezberdintasun sozial hauek murrizteko ere tresna ezinbestekoa.
Bizi dugun emerjentzia sozial egoeran, enpleguaren arazoa konpontzea lehentasun politikoa izan behar da. Agenda politikoaren erdigunean kokatu behar da. Beraz, orain arte instituzio ezberdinetatik bultzatzen diren enplegu politikekin zerikusirik ez duen eta lanaren ikuspegi integrala izango duen bestelako enplegu politika berri bat behar dugu.
Enpleguaren arazoari aurre egin nahi badiogu, neurri hauek hartu beharra dago:
1) LANPOSTUEN SUNTSIKETA GELDITU
• Kaleratzeak:
Ezin da enplegu berria sortzeaz hitz egin, enplegu suntsiketa eteteko neurririk hartzen ez den bitartean.
• EEEak:
Enplegua erregulatzeko espedienteak aurrera eramateko gehiegizko erraztasunek eta lan ikuskaritzaren kontrola alboratu izanak EEEen erabilera biderkatu egin dute. Ondorioz, muga-mugako tresna izan beharko litzatekeen hau eguneroko bitarteko bihurtu da eta, gainera, askotan enpresa barruan lan baldintzak kaskartzeko mehatxu moduan erabiltzen da. Beraz, espedienteek dakarten enplegu suntsike mugatu beharra dago.
• Malgutasuna:
Malgutasuna kaleratzeei alternatiba moduan saldu nahi bada ere, praktikan enplegu suntsiketa eta lan baldintzen kaskartzea suposatzen du enpresetan. Langile gutxiagok lan berbera egiteak ez du enplegurik sortzen, kontrakoa baizik.
2) ENPLEGU SORRERA
• Lanpostu berriak sortu:
Sortzen den aberastasuna modu egokiagoan banatuz finkoak eta kalitatezkoak diren lanpostu berriak sortzeak izan behar du helburua. Horretarako ezinbestekoa da euskal ekoizpen ehunean inbertitzea. Euskal ekoizpen ehunaren garapen orekatu eta sozialki efizientean inbertitzeak izan behar du alor publiko eta pribatuaren helburu nagusia, beti ere garapen endogenoko eredu baten alde.
• Enplegu publikoaren sustapena:
Sektore publikoaren funtzioa ezin da izan tartekaritza hutsa, hau da, iniziatiba pribatuaren esku zerbiztu publikoen kudeaketa uztea. Sektore publikoa enpleguaren sorreran inplikazio handia izan behar du, krisiari aurre egiteko motore nagusia den heinean.
Europan aurreratuen diren herrialdeekin konparatuz gero, oso enplegu publiko gutxi dugu; are gehiago, Europako bataz bestekoaren azpitik ere bagaude. Gastu publikoa ere oso azpitik dago, hau da, Europako herrialde hauetan askozaz ere diru hornidura handiagoa egiten da zerbitzu publiko orotan (hezkuntza, osasun zerbitzuak, administrazio, zerbitzu sozialak eta soziokomunitarioak, …). Beraz, ezinbestekoa da osasun, hezkuntza eta babes sozialeko gastua igotzea, harik eta per capita errrenta antzekoa daukaten herrialdeen BPGaren portzentaiekin parekatu arte.
• Lan banaketa:
Lanaldia murriztu, 35 orduen bidean. Enplegua sortu, aberastasuna banatu eta langileen bizi baldintzak hobetzeko tresna den heinean lanaldiaren murrizketa aldarrikatzen jarraitu behar da. Gaur egun oraindik sortzen da nahikoa aberastasun, eta aberastasun hau modu egokian banatuz gero lanaldia murriztu eta enplegu berria sor daiteke.
Aparteko ordurik ez. Oraindik ere zenbait sektoretan erabiltzen dira aparteko orduak eta praktika honen aurkako borrokan jarraitu beharra dago enplegu berria sortzea oztopatzen baitu.
Jubilazio adina murriztu. Pentsioen erreformarekin jubilazio adina 67 urtetara luzatuz aurkako bidea hartu duten arren, gazteek lan merkatuan sartzeko dituzten arazoak konpontzeko bide bat jubilazio adina murriztea da eta horretarako tresna egokia da errelebu kontratua.
3) KALITATEKO ENPLEGU EGONKORRA DENONTZAT
• Hitzarmenen ultraaktibitateari eutsi:
Gure esparruko hitzarmen kolektiboek suposatzen duten lan baldintzen erregularizazioa eta hobekuntza ezinbestekoa da kalitateko enplegua bermatzeko. Beraz, beharrezkoa da bere ezarpenari eustea kasu guztietan, enpleguaren desregularizazioari eta prekarizazioari aurre egin nahi badiogu.
• Behin-behinekotasuna mugatu:
Aldi baterakotasun tasa zerbait gutxi bada ere, hau azken urteotan behin behineko langile asko eta asko langabezia gelditu izanaren ondorioa baino ez da izan. Hala eta guztiz ere, sortzen den enplegu apurra mota honetakoa da eta aldi baterakotasun tasa izugarria izaten jarraitzen du oraindik orain Hego Euska Herrian.
• Eros-ahalmena:
Langileen eros ahalmena bermatzea garrantzi handikoa da ekonomiaren berpizkunderako. Azken urteotan, langileen eros-ahalmena asko murriztu da. Bere momentuan –eta beste arrazoi batzuengatik- euroa martxan jartzearen ondorioz hasi zen beherakada hau, benetan azkartu da soldaten kontra (bai sektore pribatuan, bai publikoan) hartutako neurri guztien ondorioz. Hortaz, neurriak hartu beharra dago langileen eros-ahalmena bermatu eta handitzeko.
• Langabezia egoeran babes soziala zabaldu
Azken urteotako erreformen ondorioz, langabezia prestazioak eskuratzeko baldintzak ugaritu eta gogortu egin dira. Hori dela eta, gaur egun langabezia egoeran dauden langileen heren batek baino gehiagok ez du ezer kobratzen
Herritar guztiek lan egiteko eskubidea dute, baina eskubide hori bete ezin denean eta enplegua sortu bitartean babesa bermatu behar zaie. Langabezia prestazioen zenbatekoa ere igo beharra dago, pobrezia muga gaindituz, bizitza proiektu duina aurrrera eraman ahal izateko eta bazterketa zein prekarietate sozial arriskua saihesteko
• Diskriminazioarekin amaitu:
Lan eta soldata diskriminazioarekin amaitzeko neurriak ezartzea premiazkoa da, bai lan merkaturatzeari dagokionez, bai eta enpresa barruko diskriminazioari dagokionez ere (aukera berdinatsun planak eta sexu jazarpenaren kontrako planak). Prekarietatearekin eta merkatu beltzarekin amaitzeko neurriak zein benetako kontziliaketa bideratzen duten neurriak ezarri beharra dago.
BENETAKO ENPLEGU POLITIKA BAT GAUZATZEKO ESKUDUNTZA FALTA
Benetako enplegu politika bat garatu ahal izateko, eta Madril eta Parisetik inposaturiko erreforma ezberdinek Euskal Herriko langileengan eraginik izan ez dezaten, ezinbestekoa da lana arautzeko ahalmena, politika pasiboak eta aktiboak izatea.
Euskal Herrian ez daukagu ahalmenik benetako enplegu politika bat garatu ahal izateko. Hego Euskal Herrian politika aktiboak ditugu baina hauek politika pasiboak eta lana arautzeko ahalmenik izan ezean enplegua ugaltzeko edo enpleguaren kalitatea hobetzeko duten gaitasuna marjinala da. Ipar Euskal Herrian, aldiz, ez dute politika aktiborik ere.
Enplegua sortzeko eta enpleguaren egoera hobetzeko ezinbesteko tresna moduan saltzen dituzte politika aktiboak, baina langabezia gelditzeko edo enpleguaren kalitatea hobetzeko guztiz askiezak dira, lan harremanen erregulazio osoa Estatuen menpe baitago.
Horregatik, egun bizi dugun krisi testuinguruan, enpleguaren gaiari duen garrantzia emango bazaio, lan harremanetarako euskal esparruaren eraikuntzaren aldeko urratsak ematea ezinbestekoa da.