[IRITZIA] GAZTEEN IHESA IPAR EUSKAL HERRITIK

Iritzi artikulua, Gaindegiak argitara emandako txostenari loturikoa: EHko gazteen ihesa

GAZTEEN IHESA IPAR EUSKAL HERRITIK

Nahiz eta azken hamarkadetan joera hori zerbait moteldu den, batez ere goi mailako ikasketen eskaintza zerbait handitu baita - enpresen maila teknologikoa hobetu delako eta gazteek beraien herrian bizi eta lan egiteko borondatea baitute-,  Ipar Euskal Herriak urtero gazteak galtzen ditu, epe baterako eta definitiboki.

Kalkulatzen da, urtero, 8.000 ikasle kanpora doazela beraien ikasketak egitera (batez ere Paue, Bordale eta Tolosara). Horietariko batzuk ikasketak amaitu bezain laster ipar Euskal Herrira itzultzen badira, beste asko kanpoan gelditzen dira lan eskaintzak oparoagoak direlako, lanpostu horiek beraien formakuntzari hobeki egokitzen direlako eta perspektiba profesionalak hobeak baitira. Zentzu horretan, hego Euskal Herrian gertatzen ez den bezala, non gazteen emigrazioak funtsean krisi ekonomikoari loturiko arrazoi kointuralak dauzkan, ipar Euskal Herriko gazteen ihesak oinarri estrukturalak dauzka batik bat.

Egoera horren arrazoiak bikoitzak dira. Batetik, ipar Euskal Herriak ez dauka Unibertsitate propiorik, Baiona eta Angeluko kanpusak Paue eta Aturriko Herrietako Unibertsitateko anexoak besterik ez baitira. Hori dela eta, goi mailako ikasketen eskaintza urria da, bai irakasgaien aniztasunari dagokionez (37 titulazio), bai proposatzen diren zikloei dagokionez, lehen zikloak nagusi baitira. Horrekin batera, ipar Euskal Herrian kokatuak diren ikerketa-uneak urriak dira. Bestetik, lurralde horretako lan-eskaintza mugatua da eta ez dago gazteen ikasketa mota zein mailari egokitua. Izan ere, enpresa gehienak txikiak ala ertainak dira eta ekoizpenean zein aplikapenean erdiratzen dira, ikerkuntza-garapena-berrikuntza (IGB) alde batera utziz. Beraz, ezegokipen bat dago ikasleen heziketa eta ipar Euskal Herriko sare-produktiboaren artean.

Krisi ekonomikoak ez du egoera hobetu enpresa txiki eta ertainek aurrezki gutxiago eta finantzamendua eskuratzeko zailtasun gehiago dituztelako, beraien irabaziak urritu baitira (diru gutxiago edukiz IGBan inbertitzeko eta, beraz, goi mailako lanpostuak sortzeko baliabide gutxiago dauzkate) eta ziurgabetasun handia baitago geroari begira. Egoera horri itzulia emateko, ezinbestekoa da botere publikoen esku dauden egitura-neurriak hartzea: eskaintza anitza bezain kalitatezkoa daukan goi mailako Unibertsitatea sortzea; formakuntza horiek bertako enpresen beharrei egokitzea; alternantziazko heziketa garatzea (denbora erdiz eskolan ala Unibertsitatean eta beste erdiz enpresan); enpresa teknologiko eta zientifikoak erakartzea hobari humano, material eta fiskalak emanez; eta geroa hipotekatzen duten austeritate politikak bertan behera uztea.