Datorkigunea pisukideari esker ezagutu nuen. Hilean behin, larunbatetan, goiz goiz irteten zen etxetik, eta bueltarakoan, ideia mordoa zituen esku-ahotan. Gasteizetik, Biarritzetik, Bilbotik, Donostiatik edo Iruñetik zetorrenean, gai ezberdinen inguruko eztabaida izaten genuen larunbat gau partean. Gauza zehatzetatik hasi, eta sarritan, Mundua, edo Euskal Herria, behintzat, konponduko luketen argibideetan pausoak eginez egiten genuen etxerako buelta larunbat gauetan; dela genero berdintasuna, direla migrazio kontuak, edo Ipar eta Hego Euskal Herriko harremana…
Eta zer da ba Datorkigune sekretu hori ba? Ze sekta motatan zabiltza, neska? Azaldu zidan; Datorkigunea Eusko Ikaskuntzak martxan jarritako proiektu gazte, aurrerakoi eta integratzailea da, Euskal Herriko lurralde guztietako gazteak biltzen dituena. 18 eta 30 urte bitarteko etorkizuneko Euskal Herria bizi eta eraikiko duten gazteak hain zuzen, alor ezberdinetan trebatuak edo trebatzen ari direnak; arkitektoak eta kazetariak, historialari zein politologoak, rugbizale ala dantzariak, ingeniari edo “ingeniosoak”, ikasle, langile nahiz langabeak… denak ongietorriak! Baldintza bakarra: euskaraz hitz egitea, hizkuntza honetan ematen baitira lan saioak, tailerrak, hitzaldi (gehienak) eta noski, solasaldia.
Gure herriaren erronka nagusiak kontutan hartzeaz gaindi, hauen inguruko hausnarketa sakona bultzatu eta proposamen zehatzak egiteko aukera, eta hau dena euskaraz egin ahal izatea…. Nire ametsetan ere ez zen horrelako eszenatokirik agertzen! Eta noski, izena eman nuen hurrengo urterako.
Eta ez naiz batere damu, au contraire. Datorkiguneko partaide izan naizen urtebete honetan begiak asko irekiarazi dizkidate. Belarriak ernetu halabeharrez, gorputza astindu dut gogoz. Ideiak orraztu behar izan ditut, borrokarako prestatu, eta borroka dialektikoa galtzean, ideologikoan zenbat irabazi dudan konturatu. Baina eta egoista izan nahi gabe, nire ekarpentxoa gure ekarpen handi eraiki eta bilakatzeko aukera izan dugu Datorkigunekideok (bai, akaso friki xamarra izena, baina ohore handiz daramadana). Euskal Herriari gure ekarpena egin diogu; 40 gazte, etorkizun erronka ezberdinak, eta herri bat eraikitzeko erreminta zein bide egokiak asmatzen. Eta gure buruei eragin eta atzeraurrera, gorabehera, atzekozaurrera jarri ondoren, herri honek dituen gabezia batzuei erantzunak aurkitu dizkiegu. Erantzun horiek egikaritzea orain beste batzuei dagokie, tamalez ez guk ez eta Datorkiguneak dirurik ez duelako. Baina ez da diru xahuketa erantzun hauek aintzat hartzea, alderantziz, es una inversión de futuro.
Beraz, gure ideiak erakargarri egin, jendaurrean azaldu, defendatu, eztabaidatu eta onartu ondoren, berbera egitea tokatzen zaigu orain: 40 gaztek landatutako proiektu aberasgarri eta aberats honetako fruituak saltzea dagokigu orain. Baina ez guk etekina ateratzeko, sinistuak baikaude horrelako ideiak errealak bihurtzeak euskal gizarteari onura handia ekarriko liokeelako. Eta noski, Datorkigunea bezalako eztabaida eta hausnarketa guneak derrigorrezkoak bilakatu beharko lituzketelako, ohitura hartu arte behintzat!
Azken memoria txostena kontsultatu