Mikel Navarro: Estrategia argiak eta gure produkzio-egituraren dibertsifikazioa

Mikel Navarro Arantzegi

Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutua. Ikerlaria

Deusto Unibertsitatea. Ekonomia katedraduna

Herri aurreratu guztietan produkzio-egitura hobetuz eta eraldatuz doa etengabe. Produktu eta jarduera berriak tai gabe ari dira agertzen. Eraldaketa horrek ba al du noranzkorik? Jeneralean, erregio aurreratuetan dibertsifikazio espezializatu baterantz doa. Luzaro ekonomialarien artean eztabaida bat egon zen: batzuk lurraldeak espezializatzearen alde zeuden (adib. Marshall); beste batzuek, berriz, dibertsifikazioa hobesten zuten (adib. Jacobs). Berrikitan, aldiz, beste planteamendu berri bat agertu da: lurraldeek dibertsifikazioa behar dute (horrela, sektore batzuen ideiek eta jakintzak beste sektoreetako berrikuntza erna dezaten); baina ernalketa gurutzatu hori eman dadin, sektoreen jakite-alorrek eta gaitasunek ez dute elkarrengandik urrutiegi egon behar (bestela ernalketa gurutzatu hori ezinezko bihurtzen baita). Dibertsifikazioa behar duzu (bestela, alboan duzun jardueretatik deus gutxi ikasiko baituzu), baina espezializatua (hau da, jardueren jakitek eta gaitasunak ez dute zeharo desberdinak izan behar, bestela elkarren arteko sinergiak ez bailirateke emango).Image removed.

Lurraldeen estrategiek produkzio-egituraren eraldaketa eta hobekuntza hori bilatu beharko lukete. Hori iristeko asmoz, 90eko hamarkadaren erdian Europako Batzordearen erregio-politikak erregio guztiei berrikuntza-estrategiak abian jartzea eskatu zien. Esperientzia horien emaitzak, ostera, nahiko kaskarrak edo negatiboak izan dira. Erregio gehienek argitaratutako estrategiei erreparatuz gero, denak igualtsuak zirela ohartzen gara. Erregio guztiek bio-erregio bat izan nahi zuten, edo (IKT) Informazio eta Komunikazioetako Teknologietan erreferente, Nanoetan nabarmendu…

Erregio guztien estrategiek elkarren kopia mimetikoak ziruditen.

Irakurri Cristina Berechet ekonomialariaren azterketa Nafarroa Garaiko kasuari aplikatuta.

Lurralde guztiek estrategia berberak izate hori, estrategiaren printzipioen kontra doa erabat. Lurraldeak ahalegindu behar dira bereziak izaten; hau da, haiek aukeratutako alorrean “bakarrak” izaten. Baina denek estrategia berdina aplikatzen badute printzipio hori ez da betetzen. Herrien inguruabar eta testuinguruak ezberdinak badira, haietan oin hartuz diseinatutako estrategiek ere desberdinak izan beharko lukete, derrigorrean. Estrategiak apustu egitea eskatzen du, eta baliabideak alor batzuetan kontzentratzea. Alor guztietan (bioetan, nanoetan, IKTetan… ) aritu nahi izanez gero, lurraldeak ez du baliabide aski izango alor horietan denetan eraginkor izateko, izan ere, alor bakoitzean eraginkor izateko gutxieneko inbertsioak egin behar baitira.

Errealitate penagarri horren aurrean zenbait autorek (Dominque Foray buru zutela) eta Europako Batzordeak erregioentzako espezializazio argiko estrategiak (“smart specialisation strategies”) proposatzen hasi dira. Hau da, haiek munduan lehiakorra izatea ahalbidetzen dieten alor gutxi batzuetan erregioen ikerketa eta berrikuntzako baliabideak kontzentratzea, eta beraz alor horietan espezializatuta agertzea. Haien ustez, espezializazio argiko estrategia baten muina, neurri handi batean, honako honetan zetzan: erabilera orokorreko teknologiak (funtsean, informazio eta komunikazioen, bioen eta nanoen teknologiak) lurralde horretako produkzio-egiturara egokitzean eta, horrela, herri horretako produkzio-egitura eraldatzean.

Zer egin da, honi dagokionez, (EAE) Euskal Autonomi Erkidegoan?

Laurogeiko hamarkadaren hasieran EAEk ekonomi eta politika eskumenak lortzen hasi zenetik, Eusko Jaurlaritzak industri politika aktibo bat abian jarri zuen, produkzio-egituraren aldaketa helburu zuena. EAEko produkzio-egituran 80ko eta 90ko hamarkadetan aurrera eramandako eraldaketak, (I+G) ikerketa eta garapenena hain intentsiboak ez ziren politiketan oinarritu ziren: birmoldaketa politikan 80ko hamarkadan; klusterretako politikan eta hirien eraberritze eta aeronautikaren dibertsifikazioetan 90ko hamarkadan. Horiek ere “espezializazio argiko estrategiak” izan ziren, zeren eta EAEko inguruabar berezia kontuan hartzen baitzuten eta produkzio-egituraren eraldaketa helburu baitzuten. Baina orduan lortutako espezializazio dibertsifikatu hori ez zegoen hainbeste I+Gn oinarrituta.

Ikerketa eta Garapenera bideratutako gastua. Euskal Herria, 2001/2010

Image removed.Milurteko berrian, ordea, dibertsifikazio espezializatua helburu zuen eta nagusiki I+Gn oinarrituta zegoen estrategia bat jarri zuen abian Eusko Jaurlaritzak. Lehendabizi, Biobasque izeneko estrategia jakitera eman zen (2003an), gero Nanobasque (2008an) eta azkenik aurten Energibasque (idatzita egon arren, oraindik ere jakitera eman ez dena). Hiru estrategia hauetako abiapuntua, produkzio-egitura aldatzeko modua eta Gobernuaren eta agenteen jokaera ezberdina izan da.

Munduko bioerregio ezagunen (Boston, Cambridgen, eta abarren) arrakastaren atzean unibertsitateetan ikerketa-ahalmen handia eta farmazia enpresa sendoak aurkitzen ditugu. Horrelakoetan ezer gutxi zegoen EAEn. Nola gainditu zen eragozpen hori? Erregio horien estrategia modu mimetiko batean kopiatu ordez, EAEn zeuden berezitasunen araberako estrategia bat antolatuz; hau da, Biobasque estrategia EAEko testuinguru bereziaren arabera moldatuz. Lehenengo hamarkadan estrategia horren helburu nagusia EAEn bio-enpresak sortzea izan zen. Horren eraginez, 75 bio-empresa sortu zen, hau da, euskal bio-sektorearen ernamuina. Bioak ia hutsetik sustatu nahi izan duten erregioetatik oso gutxik lortu dute EAEn lortu dena: ikerketa-ahalmen sendoak (Biogune eta Biomagune CICak, adibidez) eta hainbat bio-enpresa sortzea. Dena den, biokluster hori sortzeko, baliabide mordo bat inbertitu behar izan da, eta, beraz, batek zalantzan jar lezake horren komenigarritasuna.

Nire irudiz, Biobasquek produkzio-egituran izandako eragina horretara bakarrik mugatuko bagenu, nahiko diru-zarrastelkeria izango litzateke. Baina, berez, Biobasquek produkzio-egituran lortu nahi zuen eraldaketa harantzago zihoan: sektore berri bat (bio-enpresa horiek osatutakoa) sortzeaz gainera, ohiko sektoreen dibertsifikazioa ere ahalbidetu nahi zuen. Bai hornitzaileen aldetik (hau da, makina-erremintako enpresak bio-enpresa eta osasun-sektorearentzat tresneria ekoizten hasiz) eta bai erabiltzaileen aldetik (hau da, elikagai eta abarretan bio-osagaiak sartuz). Bestela esanda, bioen iraultza edo eraldaketa ez litzateke bio-enpresetara bakarrik mugatu beharko, baizik eta produkzio-egituraren ia sektore guztietara iritsi beharko luke. Azken urrats hori ematen ez bada, orain arte bioetan egindako inbertsioa nolabait ere alferrik xahututa geldituko litzateke. Momentu honetan, premiazko eta leheImage removed.ntasunezkoa da horren aldeko jarduerak bultzatzea.

Esan bezala, Nanobasque estrategia beranduago sortu zen. Baldintzak ere ezberdinak ziren. Nano eta mikro alorrean unibertsitateak eta zentro teknologikoek zituzten ikerketa-ahalmenak ez ziren nolanahikoak. Bestalde, 60 enpresak, nano edo mikro-munduari lotutako ikerketa proiektuak martxan zituzten. Hala ere, alor honetan ere berealdiko inbertsioak behar ziren ikerketarako azpiegitura publikoak sortzeko. Izan ere, nanoen mundua arrunt konplexua da eta bertan jarduteko izugarrizko inbertsioak behar dira, gehienetan enpresen irizpidetik harantzago daudenak. Bestalde, bioetan ez bezala, hemen lehenengo helburua ez da nano-enpresak sortzea: era horretako enpresak sortzea txit zaila da, eta bakan batzuk izan ezik ez da espero sorkuntza handirik. Nanobasqueren helbururik behinena nanoak sektore tradizionaletan sartzea da eta, horrela, EAEko sektore tradizionalen eraldaketa eta dibertsifikazioa biziagotzea.

Azkenik, Energibasque da abian jarri den azken estrategia. Hori nahiko harrigarria da, zeren eta hauxe baitzen EAEn ikerketa eta enpresen aldetik sendotasunik handiena erakusten zuen alorra: 350etik gora enpresa, horietako batzuk mundu-liderrak bere arloan (Iberdrola, Sener, Gamesa…). Beraz, hemen, gobernuaz kanpoko jarduleen ekimena askoz handiagoa izan da. Sektore honetan, tankera ezberdineko dibertsifikazio espezializatuak aurreikusita daude: itsasoko energian sartzea, kotxe elektrikoa bultzatzea…

Laburbilduz, EAEk aurrera egingo badu lehiakortasunean, dibertsifikazio espezializaturantz urratsak ematen segitu beharko du. Modu ezberdinez egin badaiteke ere, erabilera anitzeko teknologiek horretarako aukera aparta eskaintzen dute. EAE horren aldeko apustu handia egiten hasi zen milurteko berrian. Hiru estrategia ezberdinak jarri dira abian: bioetan, nanoetan eta energian. Orain arte oinarriak jarri besterik ez da egin: azpiegiturak eta ikerketa-ahalmenak sortu. Baina inportanteena falta da: garatutako ahalmen horiek baliatuz, gure sektore tradizionalak eraldatzea eta dibertsifikatzea. Horretan asmatzen ez badugu, orain arte egindako ahalegina erdi alferrikakoa izango da.