[2014ko uztailaren 4ean Gipuzkoako Hitzan argitaratua]
Goierriko lanbide eskolak 50 urte bete ditu egun hauetan. Lanbideetan trebatzeko ekimen sozialez sortu zena titulazio unibertsitarioak eskaintzera iritsi da eskualdeko enpresen eta jarduera produktiboen lagungarri. Horrelakorik ez zatekeen posible izango borondate asko eta oso desberdinak bide berean jarri ez balira. Ondare handia da Goierriko eskolarena.
Antzeko esperientzia anitz ditugu Gipuzkoan eskualdez eskualde. Tokian tokiko industriaren beharrak eta laneratzeko eskubide eta aukerak maila orotako familiei eskaintzeko gogoak horrelako hamaika esperientzia sorrarazi zuen. Inoiz aztertu beharko da herri ekimen horien eragina gizarte kohesioan eta garapen ekonomiko, industrial zein teknologikoan.
Gazteei lan merkatuan txertatzeko aukera ematea eta bizibidea eskaini nahia zuten helburu esperientzia horiek. Esan daiteke, hamarkada luzeetan, gazteari herrigintzatik aitortu izan zaiola bere eskubideen artean eskolatua izatea, lanbide bat ikastea eta lanaren bitartez bere autonomia ekonomikoa eskuratzea.
Horren gurea izan den sentsibilitate horrek, ordea, egungo errealitatearekin talka egiten du. Hau da, Euskal Herrian 24 urtez beheiti lanerako prest dauden gazteen %43 langabezian daudela (Gipuzkoan %34,5). Gainera, lanean ari diren gazteen %22,6 aldi bateko kontratuarekin ari direla eta orotara %40,4k dedikazio murriztua dutela nahiz eta gehiago lan egiteko prest egon. Esaten ari garena beste hitz batzuekin esan daiteke: alegia, gure artean gazteentzat lana eskas dela eta pobrezian bizitzeko bidea zabal-zabala.
Begien aurrean duguna, beraz, Gipuzkoako gizarte eragileek hamarkadetan sustatu izan duten gizarte ereduaren kontrakoa dugu. Gazteak trebatu arren, gazte horientzat lekurik ez gure lan merkatuan. Hainbat gazte bere gaitasunaz azpiko lanak betetzen, beste hainbat urte luzez ikasitako horretan ezin jardun… alferrik galtzen ari den hamaika ahalegin eta ilusio.
Errealitate konplexu baten aurrean gaude, eta ez dago formula magikorik. Gazteek lan merkatuan lekua izatea edo ez izatea "merkatu" delako horren baitan ez ezik, enpresa jabeen asmo, finantzaketa aukera, araudi eta lege nahiz politika publikoen baitan ere badago. Baina arretaz aztertuta, ikuspegi konplexuzale hori aitzakia ere izan daiteke. Izan ere, gurearen oso antzekoak diren ekonomietan, Danimarkan, Finlandian edo Alemanian, esaterako, gazteen langabezia %10aren azpitik dabil. Hau da, jarduera produktiboak gazteak kontratatzeko joera izan dezake edo ez, horretarako jartzen diren bideen arabera. Argi dago gazteen enplegua herri estrategien parte dela, eta horrek herri mailako adostasuna behar duela, nork berea bete dezan.
Gazteak kontratatzea enpresaren egungo negozio bolumenak izan dezakeen bilakaeraren arabera utziz gero, jai dago bolada batez. Beraz, esan daiteke gazteen enplegua eraginkortasunez sustatu behar dela, eta eginkizun hori lideratzea administrazioari dagokiola.
Egia da Madrilgo administrazioaren erabakiak pairatzen ari garela lan merkatuari eta gastu publikoari dagokionez. Eta egia da horrek mugatu egiten gaituela herri gisa lan harremanak arautzeko orduan. Baina milaka gazte kalean utzi, gure baliabideak alferrik galtzera eman eta gure eskualdetako enpresak zaharkitzera kondenatzen dituen inposizioak erantzun indartsuagoa eskatzen du. Egun indarrean dagoena baino indartsuagoa. Gazteek beren bizitza proiektu duina egiteko eskubidea dutelako, eta gure gizarteak zein ekonomiak gazteak behar dituelako. Gainerakoan, gure gizartearen hamarkadetako joeraren kontra goazela onartu beharko dugu, horretan ere bai.