Gaur Berria-n argitara eman den artikuluaren bertsio osoa da hau. Ikus Berria-koa
Herri izaerako ekoizpen ehuna
Gure ekoizpen ehuna eta bere geroa askoren agendan lehentasun dira azken aldion. Gutxi dira horrenbesteko eragina duten arloak. Fagor Etxetresnak-ek hartutako azken erabakiek eta hauek eragindako dardara adibide ona dira esandakoa ulertzeko. Ogibidea edo nahiago bada Euskal Herriaren ekoizpen eredua eta bere lehiakortasuna herri izaerako auzi bihurtu zaizkigu, enpresa edo lan auzietatik haratago doana.
Euskal Herrian ekoizpen jarduera eta honen geografia nabarmen aldatu dira azken mendeotan. Euskal ekoizpen egiturak teknologia, energia, gure gaitasun edo negozio aukeren araberako bilakaera bizi izan du. Zenbait industriaren gainbehera bizi izan dugu, berriak sortzen eta garatzen ikusi ditugu. Hori guztia goraldi eta gainbehera zikloetan etorri zaigu, eta bidenabar, birmoldaketa sakonak nozitu ditugu, eragin geografiko, teknologiko eta sozialekoak. Ekoizpen ereduari lotutako trantsizioak, beraz, prozesu sakonak dira, konplexuak eta eragin handikoak, asmo berriekin zuzen asmatu zein kale egin.
Badakigu, beraz, ekoizpen ereduari lotutako trantsizio batek hainbat faktoreren beharra duela, hala nola, estrategia, diziplinartekotasuna, babes sozialeko tresnak, ezagumenduaren sustapena zein teknologia, baliabide ekonomikoak eta ilusio handia. Baita adostasun handia, ahalegin eskerga eta ekimena ere. Euskal Herrian ez da salbuespen, ikusi besterik ez dago nolakoak diren gure gizartea, bere inteligentzia sarea edo ekoizpen jarduera. Nozitzen dugun banaketa administratiboa edo erabakitzeko eskubideari dagokionez ezartzen zaizkigun murrizketak ere aintzat hartzekoak dira ekonomian zein beste arlo batzuetan ezartzen dituzten mugengatik.
XXI. mendean, gure enpresa asko globalizatutako merkatuan buru-belarri sartuta dauden honetan, eta krisialdi finantzario-ekonomiko baten erdi-erdian gaudenean, gure ekoizpen sarea sakon eraldatzeko premia handi baten aurrean gaude berriro. Oraindik ez dakigu zein izango den etorriko zaigun eredu eta egitura produktiboa, baina dagoeneko badakigu zenbatean ari zaigun eragiten egungo krisia eta honetatik eratortzen diren gainerako arazoak (enplegua, ongizatea, errekaudazio publikoa, lurralde oreka). Gaindegiak, Euskal Herriaren argazkia egitea xede hartuta, ezagutzera eman berri ditu Euskal Herriko enpresa demografiaren lehen azterketaren emaitzak, eta zenbait ondorio interesgarri utzi dizkigu.
Hasteko, Euskal Herrian badela establezimendu sare gotorra, lurraldean era desorekatuan sakabanatutako 130.000 establezimenduk osatua. Sare honetan Zerbitzuen sektorea nagusi bada ere (establezimenduen %72,5 / BPGaren 63,3), jarduera industrialak maila aipagarria du (establezimenduen %25,1 / BPGaren 35,4) eta zenbait lurraldetan, berriz, lehen sektoreak eusten dio bertako ekonomiari (Nafarroa Beherea eta Zuberoan batez ere, non biztanleriaren %25a enplegatzera iristen den). Bigarren, 2008. urteaz geroztik krisiak gogor kolpatu du ekoizpen ehuna, eta establezimendu kopurua %7,4 jaitsi zaigu. Hala, gero eta gehiago dira jarduera galtzen ari diren zonalde industrialak, eta, beste zenbait zonaldek, aldiz, ez dute nahikoa aniztasun bere ekonomian (Ipar Euskal Herria, Pirinioak eta mendialdeko zonaldeak). Industriaren maila teknologikoari dagokionez, gurea Waden-Gutenbergen erregioaren parekoa da, zinez adierazle baikorra, baina nabardura handikoa.
Ekoizpen egiturari begiratuta, berriz, inguruan hamaika hornitzaile txiki biltzen dituzten enpresa handi eta eragileen argazki da ohikoa; enpresa txiki hauek, ordea, bezero bakar bati edo gutxi batzuri lotuta egonik, ez daude produktu berriak garatu edo merkatu berrietan murgiltzeko gaituta. Halaber, enpresa industrial txikienak dira maila teknologiko apalenekoak, eta hein berean, hauek nagusi dira jarduera industrial txikieneko eskualdeetan. Azken ezaugarri bat ere aipagarria da: establezimendu gehienek (%88) jabegoa Euskal Herrian bertan dute, eta erreferentziazko zenbait eskualdetan maila hori are handiagoa da. Azken datu honek hemen bertan dugun ekimen maila garrantzitsua adierazten du.
Zertzelada gutxitan azaldu dugunak agerian jartzen du lehentasuna eman beharko diogula etorkizuneko gure ekoizpen ehuna gorpuzteari. Azken urteotan maiz aipatu izan dira trebatzea, teknologia, formakuntza, finantzazioa, nazioartekotzea edo fiskalitatea. Bai eta enplegu duina, babesa soziala eta ordain sari egokien beharra. Helburu guztiak uztartu behar direla ulertzen dugu, baina egin berri dugun lanak aipatutakoen pare osagai berriak jartzera behartzen gaitu.
Ekoizpen eredu berriak jarduera lurralde osora eraman behar du. Nabarmena da badirela -eta gero ere izango direla- jarduera teknologiko edo industrialeko eremu azkarrak (Bilbo Handia-Durango eta Irun-Beasain ardatzak), baina ekoizpen ereduaren planifikazioak gune nagusietatik urrunago dauden eskualdeetan jarduera berreskuratzea ere eskatzen du; alegia, lurralde horien esku ere jarri behar dira helburu hori betetzeko moduko baliabideak.
Tokiko estrategia duen garapen ekonomikoa euskal egitasmo ekonomikoaren ezinbesteko osagaia izan behar da. Horretarako, lurralde desberdinetako enpresa, garapen egiturak eta instituzioen arteko loturak ezartzen asmatu behar da, berebiziko garrantzia izango baitu urrats horrek. Ipar Euskal Herriarekiko harremanetan dago hutsune handiena. Barnealdeko eragileekin batera jarduera ekonomikoaren dibertsifikazioa sustatu eta enplegu industriala sortzea lagungarri gerta liteke. Funtsezko beste osagai bat enpresa txikien arteko lankidetza da. Lankidetza sustatzeak lagun dezake hainbat lurraldetako ekonomia biziberritzen.
Halaber, beharko dira inteligentzia ekonomikoari lotutako ekimenak; enpresaz enpresa, aholkularitza eskaini beharko zaie, produktu berriez, merkatu berriez, finantzazioaz, legediaz eta abar. Gogoan izan dezagun enpresa txiki horiek direla enpleguaren %60 sortzen dutenak. Esandakoa bideragarri egiteko lurralde desberdinetako euskal enpresen arteko aliantzak errazteko bideak bilatu behar dira. Labur esanda, lurralde oreka eta eskualde mailako garapen ekonomikoa eragingo duten irizpideak behar ditu euskal ekoizpen ereduak, lurralde desberdinetako enpresa eta profesionalen arteko lankidetza errazten duena, bertan erroak dituen eta bertoko kapitala nagusi duen ekoizpen ehunaren alde egiten duena, gorabidean diren sektoreetara begira dagoena, garapen osagai handiak dituena (formakuntza eta ikerketa) eta enplegu duina sortzeko apustu egiten duena. Horrek indar eta konpromiso handiko oinarri sozial eta profesionala dituen herria izateko bidean jarriko gaitu. Ez egiteak, aldiz, gure lurraldearen hainbat eremu eta hainbat enpresen gainbehera ekar dezake, bai eta populazioak Euskal Herriarekiko atxikimendua galtzea ere. Denon egitekoa da, Herri egitasmoa da.