Behategi baten hastapenak

Zer zegokion, ordea, Gaindegiari une hartan? Eta nola egin? Naziogintzaren foro formal eta informaletan ibilitako hamaika lagun bildu ziren hartan, denon bistakoak ziren gabeziak eta aukerak.

Gaindegiaren sortze batzarrak egitasmoaren oinarriak jarri zituenean (2004), oihartzun handiko ilusio eta asmo zahar-berriak arrapiztu ziren: ekonomia eta gizarte arloan Euskal Herria bere luze-zabalean aintzat hartuko lukeen behategia! 

Gaindegia ez zen hutsetik abiatzen, elkarrekin uztartu ezin ziren jarduerak, azterlanak eta adierazle sistemak abian ziren, tokian toki eta elkarren arteko osagarritasunik gabe, zein bere erronkari lotuta. Ataka horretan, Udalbiltzak, Datuen Talaia egitasmoen bitartez, errealitate aberats baina atomizatu baten gainetik egiteko zegoen horren lagina eskaini nahi izan zuen (2002).

Zer zegokion, ordea, Gaindegiari une hartan? Eta nola egin? Naziogintzaren foro formal eta informaletan ibilitako hamaika lagun bildu ziren hartan, denon bistakoak ziren gabeziak eta aukerak. Besterik zen, ordea, egitasmo bat apailatzea uneko egoeran ekarpena egitera iritsiko zena. Izan ere, arestian aipatutako atomizazioari bigarren ezaugarri bat gehitu behar zitzaion, askoren dibergentziarako joera, hori ere aski zaharra gure artean.

Beraz, nola eraman bururaino ezagutza sortu, hedatu eta herri ikuspegia garatzeko erronka zahar-berritua?

Une hartan zer egin eta nola egin galderak zeuden mahai gainean, eta antagonikoak zirela zirudien. Elkartearen xedeari forma ematea egokitu zitzaigun Xabier Isasi eta niri, lehenari lehendakaritzan eta bigarrenari koordinatzaile lanetan. Eta, galdera horiei materialki erantzunez, ibilbide bat osatu behar izan genuen, ginkana baten modura: konpromiso materialak ziurtatu, lantaldea osatu, lan prozedurak ezarri, bitartean emaitzak plazaratu eta abar. Gora hartu genuen eskuetan Euskal Herriaren definizio operatiboa egitea. Behategiaren misioa Euskal Herriari buruzko ezagutza hornitzea baldin bazen, Euskal Herriaren definizio operatiboa eginez bideratzea izan zen geuk hartutako bidea. Zein dira gure herriaren dimentsioak? Nola ari dira bilakatzen? Nola gaude erreferentziazko herri eta estatuen aldean? Zertan da gure herriaren geografia sozioekonomikoa? Nola dago eremu bakoitza? Zertan dira horien arteko aldeak?

Euskal Herriaren definizio operatiboa egiteak berarekin zekarren exijentzia: lan hori modu homologatuan egin beharra. Horrek besteak beste eskatzen zuen adierazle estandarrak, datu iturri ofizialak eta onetsitako lurralde egiturak aintzat hartzea. Eta ez zen lan erraza; besteak beste, gure herriak bere gabeziak baititu. Edonola ere, gaur egungo begiekin erreparatuz, erabaki egokia izan zen. Gaindegia euskal populuari eta bere lurraldeari buruzko irudi homologatua eskaintzen jardun zen egiturako arlo nagusietan, noiz eta globalizazio garai betean.

Geure baitan, ordea, bagenuen zizta egiten zigun arantza bat. Euskal Herria atzerriarekin alderatzeaz gain, gure lurraldearen dimentsio xeheetan, eguneroko bizimoduaren eremu geografikoetan, informazioa eta analisia ematera iritsi beharra zegoen. Udalerriak, bailarak, eskualdeak, hirietako auzo eta distrituak, ibai arroak, mugaz gaindiko lankidetza eremuak. Hamaika dira euskal lurraldearen eremu funtzionalak, eta hamaika ere erronka horietan konprometitutako eragileak. Hala, bide hori urratzen ahalik eta lanik osoena egin genuen: lurralde egiturak katalogatu, indizeak kalkulatu, mapetan irudikatu eta abar.

Oinarri hori jarrita, gainerakoa egiteko zegoen: zein adierazleri eman lehentasuna?, nola eraiki kalkuluari oinarri emango zion eredu matematikoa?, nolako diskurtsoa josi indizeek utzitako argazkian?, nola plazaratu emaitzak?

Urratsez urrats lantaldea osatu genuen, eta, guztiei esker, luze gabe, egondakoei nahiz luzaroan konprometitutakoei esker, mamiz bete genuen behategia. Denborarekin kolaboratzaileak, egitasmoak eta emaitzak biltzen joan ginen. Gaindegiaren kolapsoa iritsi zenerako, euskal herritarrek eta organizazioek bere esku zuten hainbat baliabide eta informazio. Hamaika erreportaje eta ikerlan, datu biltegia, atlas sozioekonomiko interaktiboa, datu espazialen azpiegitura eta abar. Euskal Herriaren definizio operatiboa egiteko lanabesak plantan ezartzera iritsi zen Gaindegia, eta ororen esku jarri zituen.

Aipatzen ari garen esperientzia loratzen zen bitartean, ordea, munduak bilakaera handi eta bizkorra izan zuen. Globalizazioak digitalitatearen garapena ekarri zuen: datuekin lan egiteko teknologia eta prozedura apurtzaileak etorri ziren.

Mundu globalizatuan problematika berriak ere azaleratu ziren (pandemia, klima aldaketa, migrazio prozesuak) eta mugimendu feministak argitutako agendarekin uztartu ziren. Behategiak ahalegina egin zuen digitalitatera egokitzeko, bere eduki guztiak online eta eskura jarrita. Gai berrietara iristeko ere urratu zituen bideak, hala nola informazio sozioekonomikoaren maskulinizazioa gainditzen eta teknologiaren eta ingurumenaren arloko gaiak dokumentatzen. Baina aipatutako erronka asko berriak ziren humanitatearentzat, Euskal Herriko estatistika plan gehienek ere erabaki gabe zuten nola ekin. Gaindegia antzera iritsi zen une horretara. Bada, eraiki egin beharko.

Gaindegiak bere lehen aroa (2004-2021) agindutakoa betez itxi zuela esan beharrean gara: Euskal Herriaren ezagutzarako eta gogoetarako lehengai izango ziren lanabesak eskaintzea; hots, gure herriaren historian euskal populuaz eta bere lurraldeaz inoiz egon diren baliabiderik osoenak, zehatzenak eta eskuragarrienak, hamaika arlotako gazte eta helduen ekarpen desinteresatuarekin eraikiak eta, normaltasuna amets, euskal herritarrei baliabide estandarren bitartez eskainiak.

Bai, ahal zen eta orain ere ahal da.