Skip to main content

Arrantza: flota heren bat txikitu da, baina harrapatzen den arrain kopuruak ez du behera egin

 

mapaArrantzak Euskal Herriko ekonomian gaur egun duen indarra txikia da garai batean izan zuenarekin alderatuta, baina gurean erro luzeak dituen eta trakzio indar garrantzitsua egiten duen sektorea da oraindik ere. Gaindegiak bildutako datu gaurkotuenen arabera (Hego EHn 2013koak dira eta Ipar EHn 2012koak), Euskal Herriko arrantza flota 363 ontzik osatzen dute: 93 Gipuzkoan aritzen dira, 125 Bizkaian, 142 Lapurdin eta 3 beste lurraldeetan. Flota gehientsuena baxurakoa da; 269 ontzi, zehazki. Flota nagusienen kokapenari dagokionez, Bermeon 59 ontzi daude, Hondarribian 29 eta Getarian eta Ondarroan 24na. Lapurdiko ontzi guztiak Ziburu/Donibane-Lohitzunen kontzentratzen dira, eta 142 dira guztira.

Bilakaerari erreparatuta, Euskal Herriko flotak %37 egin du behera 2002tik 2012ra; aspaldi hasitako gainbehera da, gainera. Arrantzale kopurua ere asko jaitsi da, nahiz eta gainbehera honen proportzioa ez den flotarena bezain handia izan. Gaur egun, guztira, 3.051 laguneko tripulazioa dabil arrantzan Euskal Herrian (2011 eta 2012ko datuak).

Flotak eta enpleguak asko egin du behera horrenbestez, baina ez arrantza kopuruak. Izan ere, flota gutxiagorekin gehiago arrantzatzen da gaur egun. Adibide bat ematearren, 2013an baxurako arrantzatik etorritako 24.879 tona arrain jarri ziren enkantean Euskal Herriko portuetan. Ez da azken urteotako kopururik onena, baina adibidez 1992ko zifren pare dago, nahiz eta flota nabarmen murriztu den orduz geroztik. Arrantzan harrapatutakoaren prezioaren bilakaera, ordea, etenda dago: 2013an, batez beste 0,6 eurotan jarri zen enkantean kilo arraina. 2007ko prezio bera da hori: bizimodua garestitzen ari den bitartean, arrantzaleen diru iturria ez atzera ez aurrera geratu da.

graficografico

 

Baxurako arrantzan harrapatzen diren espezieei dagokienez, sardinek, bokartek eta txitxarroek betetzen dute enkantean jartzen denaren erdia. Hain zuzen, bokarta kopururik handienak izan ziren 2013an portuetan, antxoa arrantzatzeko debekua bukatu zenetik: 9.700 tona. Txitxarroa, berriz, asko handitu da kopurutan azken urteotan: 2007an enkantean 2.300 tona jartzetik 6.400 tona izatera igaro da. Hegalaburrak eta bisiguak, ordea, kontrako bidea daramate, desagertzen ari baitira Euskal Herriko enkanteetatik.

Badira, bestalde, portu batzuetan gehiago edo gutxiago ikusten diren espezieak. Esaterako, antxoaren herena Ondarruko portuan saltzen da, eta herena baino gehixeago Getariakoan. Txitxarroaren erdia baino gehiago ere Ondarroara doa, eta legatzaren bi heren eta arrantzatzen den hegalabur apurra Ziburura.