Skip to main content

Mobilizazio dinamika ere krisian Ipar Euskal Herrian

Arrazoirik falta izan ez zen arren, 2011n sindikatuek ez zuten, ez Ipar Euskal Herrian, ezta Estatu frantsesean ere, beren aldarrikapenik karriketan islatzea erdietsi. Gobernuari desadostasuna eta haserrea erakusteko saio batzuk izan ziren, batez ere Hezkuntzako funtzio publikoko langileen murrizketa planaren inguruan baina, egiari zor, ez ziren oso jendetsuak izan.

Gehienetan, Paueko Hezkuntza Ordezkaritzan hurrengo ikasturteko eskola-mapa aztertzeko bilkuren karietara egindako elkarretaratzeen eta komunikatuen bitartez helarazi zituzten beren aldarrikapenak. Azken urteetako hari beretik, erretreta hartzen dutenen lanpostuak, izan irakasleenak, administrarienak edota beste funtzionarioenak, berriro ez hornitzea zen Gobernuaren planaren xedea.

2012ko ikasturtean desagertzea aurreikusten zituen 14.000 lanposturekin, 2007tik, guztira, 80.000n gutxitu dira Hezkuntza publikoko giza baliabideak. Alta, bitartean, ikasleen kopurua emendatu egin da etengabe.

Datu zehatzen falta endemikoak ezinezkoa egiten du Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan murrizketok izanen duten eragina neurtzea. Soilik Pirinio Atlantikoetako departamenduko datu solte batzuk jakinarazi dituzte. Hala, haur- eta lehen-hezkuntzari dagokionean 29 bat postu galdu dira, klaseetako ratioak igo diren bitartean.

Halere, ikasturte hasierarekin bat, kale mobilizazio aipagarria izan zen Baionan. Irailaren 27an, hain zuzen, "Hezkuntza erasotua, sarraskitua» esaldia goiburu hartuta, 1.200 pertsona manifestatu ziren Lapurdiko hiriburuan. Egun hori izan zen protesta-egun indartsuena. Gobernuak aurrekontuak finkatzen ari zela profitatuz, greba eta mobilizaziorako deialdia egin zuten FSU, UNSA, SGEN-CFDT, FERC-CGT, LAB hezkuntzako sindikatuak eta FCPE guraso elkarteak. Aspaldiko partez, hezkuntza pribatuko eta eskola giristinoetako sindikatuek (SPELC) ere bat egin zuten karriketan.

Bitartean Seaska ere arranguratua zebilen. Azken urteetan, Ipar Euskal Herrian euskarazko eredu inmersiboa bermatzen duen sare bakarrak ikasle-kopuruan gorakada nabarmena izaten ari da. Alabaina, Estatuarekin duen hitzarmenaren baitan irakasle postuen murrizketak ere kalitatezko irakaskuntza eskaintzea zalantza gorrian jartzen ari da. Hezkuntza Ministerioari kezka ozenki helarazteko manifestazio jendetsua egin zuen apirilaren 30ean. Ikastola guztietako irakasle eta gurasoez gain, aurreko belaunaldietako guraso eta ikasle ohiak ere bat egin zuten Baionan, « Kaxu ! Ikastola kexu » lelopean.

Mobilizazio eta aldarrikapenak gorabehera, Seaskak soilik 4,25 lanposturi dagokion laguntza berria ematea onartu zuen Ministerioak, goranzko joerari aurre egiteko oso hanka-motz geratzen dena. Izan ere, 2011-12ko ikasturtean, orotara 2.856 ikaslek (aurreko ikasturtean baino 150 ikasle gehiago) batu ziren euskarazko irakaskuntzara. Horiek guztiek artatzeko 18 irakasleen kostua osoki bere gain hartu beharrean aurkitu zen Seaska.

Langile etsituak

Krisi ekonomiko finantzarioaren inguruan, berriz, sindikatuek ez dute jendea mobilizatzea lortu. Urriaren 11n murrizketa sozialen politika salatzeko, sindikatu batzuk (CGT, FSU, Solidaires eta UNSA) grebarako deia egin zuten. Ez horrela, ordea, Ipar Euskal Herriko sindikatu nagusienetako CFDTk, nahiz eta Baionan 1.600 bat lagun besterik biltzea erdietsi zuen manifestazioarekin bat egin zuen. LABek ez zuen ez bata ez bestea babestu. Sindikatu abertzalearentzat, bakandutako mobilizazioak gainditu eta egoerari erantzuteko molde iraunkorragoan erantzungo dion mugimendu soziala eraiki behar da.

Egoera gero eta gordinagoa izaki ere, nabarmena da Ipar Euskal Herriko jendartean, eta baita Estatukoan ere, halako etsipen sentimendua. Gobernuaren neurri gogorren kontrako borroka paradigmatikoa 2010ean eman zen jubilazioen erreformaren inguruan. Orduan, sindikatu guztiak batuta, karrikak lehertzear jarri zituzten aspaldiko mobilizazio jendetsuenak bata bestearen atzetik errepikatuta. Baina Nicolas Sarkozyk ez zuen amore eman. Kolpe psikologiko itzela izan zen eta, seguru asko, iazko mobilizazio dinamikaren epeltasunaren arrazoietako bat.

Arantxa Manterola, GARA.