Behategia

GAINDEGIA, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia

Euskal Herriak berezkoak dituen eragile sozio ekonomikook, izan enpresaburu, profesional, sindikatuko kide, unibertsitateko ikasle eta irakasle eta, oro har, lan munduan gabiltzan eragile guztiok gure inguruan gertatzen ari den aldaketa sakonaren gaineko jarraipen zorrotza egin nahi dugu. Eta, horrekin batera, prozesu horretan parte hartu nahi dugu.

GAINDEGIA sustatzen dugunok ez dugu ez inor ez ezer ordezkatu nahi, gaur egun dagoen hutsune bat bete baizik. Euskal Herriko ingurune sozio ekonomiko zabalean gertatzen ari diren aldaketek eragin zuzena dute gugan eta, horregatik, protagonistak izan nahi dugu prozesu horretan. Industria Iraultzaren garaitik informazio eta komunikazio teknologia berrien hedapen masiboa gertatu arte aldaketa sakona egin du Euskal Herriak. Garai bateko, eta gaur egungo bertako, industria eraispena, hizkuntza eta kulturekin lotutako industrien bilakaera bizkorra, garraiobideen hedapen etengabea, kontsumoaren gorakada, biztanleriaren zahartze prozesu geldiezina, etorkinen etorrera eta haiek integratzeko arazoak, ingurumenaren hondatzea… Horra Euskal Herriaren egituratze eta garapena baldintzatzen duten zenbait arazo, besteak beste.

Hiru milioi pasa biztanle dituen herri honetan, era askotako industria, hizkera eta paisaiak ditugu Atharratzetik Turtziozera, Bastidatik Gixunera edota Hondarribitik Ablitaserako lurrotan. Herri txikia izan arren, heterogeneotasuna da gure ezaugarrietako bat eta GAINDEGIAtik gure herri nortasuna nabarmendu eta sendotu nahi dugu.

Europaren eraketak eta globalizazioak eragin zuzen zuzena dute Euskal Herriaren etorkizunean. Garai bateko Europako Ekonomia Batasunetik antolakunde politiko eta sozial berri baterantz jotzen ari gara. Atlantikoko Ardatzeko bazter hau pieza txiki bat besterik ez da EBko estatu nagusiak bultzatzen ari diren garapen ereduaren barruan. Euskal Herria betidanik izan da Iberiar penintsularen eta Europako kontinentearen arteko igarobidea, eta kokapen berezi horrek eragin nabarmena izan du gure historian. Gure nortasuna baztertu gabe, kultura eta hizkuntzen arragoa izan gara. Gure ekonomiak eta gure garapen sozialak lotura estua dute igarobide izate horrekin. Itsasoa, gure garapenerako oztopo beharrean, eremu zabal eta aberastasun iturri izatea lortu dugu. Gehien gehienetan ederki asmatu dugu gure egoerari etekinak ateratzen.

Nolanahi ere, aldaketa handiko abagune batean gaude oraintxe. Elkarren mendekotasun handiko mundu honetan nola parte hartu erabakitzea dago jokoan. Jakin badakigu egoera ez dela erraza, baina noiz izan dugu abagune errazik gurean? Gure mugak eta ahuleziak aztertu behar ditugu, baina ez amore emateko. Alferrik ibiliko gara gure gaitzak besteei leporatuta, dela abagune zailari, atzerritarrei edo agintariei. Oker dagoena besteek inposatu badigute, ez dira haiek izango hori konponduko dutenak, guk ahalegindu beharko dugu egoera okerrak zuzentzen. Abagune aldakor honetan, berehala barneratu behar dugun ezaugarri bat badago: denok elkartzea, lankidetzan aritzeko. Kohesioa eta auzolana gure garapenerako ezinbesteko giltzarriak izango dira datozen urteotan. Euskal Herriko gizarte berri honetan, informazioa, prestakuntza, teknologien transferentzia, ideien etengabeko trukea eta gauzak aldatzeko gaitasuna funtsezkoak izango dira gure garapen sozio ekonomikorako. Horregatik, berebiziko garrantzia izango du gure herriaren geroan eragile sozio ekonomikook zer egiten dugun.