Skip to main content

Euskal Herrirako adierazleak. Metodologia oharrak.

Gaindegiak, 2008ko ekainaren 6an, Euskal Herriko adierazle ekonomiko eta sozialak neurtzen izeneko lana aurkeztu zuen. Jarraian, Enekoitz Etxezarreta eta Jon Larrañaga ekonomilariak eta EHUko irakasleek, lanaren egileek, Euskal Herrirako adierazleak zehazteko erabilitako metodologia irizpideak aurkezten dira.

EUSKAL HERRIKO ADIERAZLE SOZIO-EKONOMIKOEN GALERIA
ENEKOITZ ETXEZARRETA ETA JON LARRAÑAGA

  • AURKEZPENA

Gaindegiaren ekimenez ernaturiko lan honen helburu behinena, Euskal Herria bere osotasunean irudikatuko luketen egiturazko adierazleen galeria bat proposatzea izan da.

Egiturazko adierazleen hautua egiten da, adierazle esanguratsuak diren neurrian, garapen-unitate ezberdinen egoeraren funtsezko aldagaiak irudikatzeko bide ematen baitute.

Gaindegiaren asmoa da lan honen bitartez Euskal Herria Europar Batasuneko zein munduko gainerako herrialdeekin alderatzeko lanabesak sortzea, argazki bat atera ahal izateko, estatikoa izan arren, Euskal Herriak testuinguru horretan duen kokapenaren inguruan.

  • HELBURUA

Lan honen helburu nagusia Euskal Herrirako, barne zein kanpo alderaketetarako baliagarriak izango diren, DATU BATERAGARRIAK sortzea izan da.

Datuen bateragarritasuna helburu izanik, datu estatistikoak sortzen dituzten erakunde autonomiko, estatal zein europarren arteko homologazio metodologikoari erreparatu zaio. Erakunde Autonomiko (Eustat, Nafarroako Estatistika Erakundea), Estatu mailako Estatistika Erakunde (INE, INSEE), zein Europar Batasunaren Estatistika Erakundeetako (Eurostat) datuak alderatzeaz gain, hainbat eta hainbat erakundek (Aurrezki Kutxa, Merkatal Ganbera, Garapen Kontseilu, Administrazio Publiko etab.) argitaratutako txosten eta memoria ezberdinen kontsulta burutu da, datuen kontrastea zabaltze aldera.

Lanerako erabili den irizpideak, Eurostat-ek bere REGIO datu-base erregionalean (http://epp.eurostat.ec.europa.eu) Euskadiko Autonomi Erkidegorako (ES21), Nafarroako Foru Erkidegorako (ES22) eta Akitaniarako (FR61) errazten dituen indizeak lehenetsi ditu, bateragarritasun maila sendoena eskaintzen dutelako. Zifra horiek, jakina, gainerako Estatistika Erakundeek elaboratutakoekin kontrastatu eta aberastu dira, eta datu eskuragarririk izan ez den kasuetan, berariaz egindako zenbait ikerketen ondorioetan oinarrituz, estimazioak gauzatu dira.

  • METODOLOGIA

Datu estatistikoen oinarri metodologikoa bateragarria dela baieztatu ostean, Euskal Herrirako datuak sortzeak bi motatako erronka metodologikoak gainditu behar izan ditu:

  1. Agregazio ariketak:

    Herrialdekako indize eta tasa sendoak eskuratu ostean, datu horiek agregatzeko ariketa burutu da. Indize zein tasa ezberdinetatik, ahal izan den guztietan, balio absolutuetara igarotzeko saioa burutu da, hartara, balio absolutuen baturak tasa orokor fidagarriagoa ematen baitu.

    Iparraldeko datu absolutuetan eskuraezintasuna dela medio, beste zenbait adierazleetan tasen batura haztatua gauzatu da, herrialdearen datua adierazle bakoitzean duen pisu erlatiboarekin haztatuz.

  2. Desagregazio ariketak:

    Desagregazioak nagusiki bi modutakoak burutu dira: geografikoak eta generoaren araberakoak.

    • Generoari dagozkion desagregazio gehienak eskuragarri izan dira. Hutsunerik handienak Iparraldeko datuetan kausitu dira, eta datu horiek Datu-Talaiako biztanleriaren egiturari erreparatuz estimatu dira.

    • Desagregazio geografikoen barnean ere, bi motatako hurbilketak egin dira: kuantitaboak eta kualitatiboak:

      • Kuantitaboak: Eurostat-ek EAE-rako emandako datuetatik, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabaren datu zehatzak erdiesteko gauzatu da. Zenbait kasutan Eustat-ek erraztu du datu hori, eta beste zenbait kasutan, probintzi bakoitzaren garrantzia erlatiboarekin haztatuz estimatu da.

      • Kualitatiboak: Eurostat-ek Akitaniarako emandako datuetatik, Iparraldeko datu zehatzak erdiesteko gauzatu da. Izaera kualitatiboagoko hurbilketa planteatu behar izan, aditu eta eragile sozio-ekonomiko ezberdinen hipotesien kontrastea eginez lehenik, eta adostasun zabalena lortu duten estimazioak hobetsiz azkenik.

        Datuen eskuragarritasunari dagokionez, nagusiki Ingurune Ekonomiko Orokorrari loturiko adierazleak izan dira zailtasunik gutxien sortarazi dutenak, eta aldi berean, Ingurumenari zein Kohesio Sozialari erreparatzen dieten adierazleen elaborazioan hutsune nabarmenagoak gainditu behar izan dira.

        • AZKEN GOGOETAK

        Lan honek, bere xumean aitzindaria den neurrian, zenbait urrats sendoren ekarpena egin du, eta beste zenbait erronka gainditzeko abagunea plazaratu du.

        Lanaren indargune nagusiak hauek lirateke egileon iritzian:

        • Euskal Herria, barne zein kanpo alderaketen ikuspegitik, bere osotasunean aztertzeko oinarrizko datu sendoak eskaintzen ditu.

        • Oinarri metodologiko sendo bat garatu eta adostu du, datuen bateragarritasuna bermatze aldera.

        • Datuen eguneratzeko prozedura zehatz bat proposatu du, adierazle bakoitza sortzeko bateragarritasun irizpide batzuk finkatu direlarik.

        • Aurrekoari lotuz, datuak urtero eguneratzeko aukera sortzeak, egiturazko adierazleen irudi estatiko bat izatetik, horien garapen dinamiko bati buruzko azterketak burutzeko bidea zabalduko du.

        • Beste plano batean, lanaren elaborazioan bilatu diren parte-hartze mekanismoek, lankidetza-sare berriak eta interesgune partekatuak garatzeko abagune berriak sortu dituzte.

        Lanak zabaldu dituen erronka nagusiei dagokienean:

        • Oinarrizko egiturazko adierazleez gain, lanak zalantzazko sendotasuna dela medio argitaratu ez dituen beste zenbait adierazle lantzeko lehen urratsak proposatu ditu, nagusiki Pobrezia eta Gizarte Babesari loturiko zenbait adierazleri dagokienean.

        • Ingurumenari dagokionez, datu estatal zein erregionalen arteko bateraezintasuna gainditu ezina izan da oraingoz. Eustat-ek lehen urratsak egin ditu zentzu horretan, baina Euskal Herri osoa barnebilduko luketen ingurumen adierazleen galeria osatzea, egiteke geratzen den erronka da.

        • Eurostat izanik iturri nagusiena, erakunde elaboratzen dituen datu erregionalak 2-3 urtetako atzerapenez argitaratzen dira, eta hortaz, datu erregionalen berritasun eza, oraindik orain gainditu ezineko erronka da. Erakunde autonomiko zein estatalek landuriko denborazko serieak erreferentziatzat hartzea baliagarria izan liteke berariazko estimazioak proposatzen hasteko.

        Ikus jarraian, Power Point aurkezpen baten bitartez egindako lanaren laburpena eta testu hau bera pdf-an.