Babes sozial eredu anitzak Euskal Herrian

2017 urtean Euskal Herriak babes sozialera BPGren %24,5a bideratu du. BPGrekiko proportzioan gizarte babeseko gastu-maila handiena 2013 urtean izan zen, harrez geroztik gastu-maila gutxitu egin da. Milurteko hasieratik babes sozialeko gastua ez da inoiz kopuru gordinetan gutxitu, baina azken urteotan BPGk hazkunde handiagoa izan duenez proportzioan apaldu egin da.

Euskal Herriko gizarte babes-maila egun Portugalen parekoa da (%24,6) eta urrun da Europar Batasunean (%28,2), Danimarkan (%32,2), Finlandian (%30,6), Alemanian (%29,7) edota Italian (%29,1) bideratzen den gastu-mailatik. Hala diote datuek Gizarte-Babeserako Estatistika Integratuen Europako Sisteman (GBEIES) oinarrituz gero.

Europarekiko alderaketan Euskal Herriko bataz bestekoa aipatu arren, aldea nabarmena da Bidasoa ibaiaren bi aldeen artean, behintzat. Euskal Herriko hiru administrazioen artean (TrebiƱu eta Turtzioz Villaverde alde batera) babes sozialerako gastua aise indartsuagoa da Ipar Euskal Herrian (%34,1) Hego Euskal Herrian (%24,1) baino, iparraldean Frantziako gastu-maila bera dela aintzat hartuz bederen. Hiru administrazioen artean, Nafarroa Garaiak du babes sozialeko gastu-maila apalena (%21,0), Nafarroako Estatistika Institutuko azken datuen arabera (2015).

Euskal herritarrek estatu mailako administrazioen, autonomia-erkidegoen, aldundien, lurralde elkargo eta udaletxeen zein hauen menpeko agentzia sare konplexu baten bitartez erakunde publikoen gizarte-babesa jasotzen dute. Eskala desberdinetan eragiten duten sistemak dira eta, lurralde batetik bestera, sarritan eredu desberdinak dira. COVID-19ak sorrarazitako osasun larrialdiaren osteko agertokiak gizarte-babeseko sistemak tentsioan jarriko ditu, eta sistema bakoitzaren indarguneak eta ahulguneak behatuz, bada zer ikasi euskal lurraldeen arteko lankidetza bidez.

Etiketa orokorrak: