Skip to main content

Udalerri eragile gutxi eta handiagoak Hego Euskal Herrian, gotor txiki eta ugariagoak Ipar Euskal Herrian

Euskal Pirinioaldea 155 udalerrik osatzen dute. Euskal Herriko udalerrien %22,6a da hori, baina biztanleria osoaren %2,7a baino ez. Ingurune honek bizi duen biztanleria galera larriaren seinale da datu hori.

Horren harira, Kattalin Saint-Marie soziologoak eta Lurralde Antolaketa masterreko ikasleak ikerketa bat argitaratu du Gaindegiarekin elkarlanean, eta ‘Euskal Herriko Pirineoaldeko lurraldea. Mendialdeko udalerrien problematiken erakusgarri’ izenburupean. Besteak beste, ingurune homogeneoa izanagatik, Ipar eta Hego Euskal Herriko udalerrion artean dagoen aldea geratu da agerian ikerketa honetan.

Pirinioaldeko udalerriak zeintzuk diren definitzeko zenbait irizpide hartu dira kontuan; tartean, orografia, lehen sektoreak udalerrian duen pisua eta udalerri horri dagokion eskualde osoaren izaera sozioekonomikoa. Hori horrela, Imotzetik Eskiulara eta Senperetik Gazteluberrira hedatzen da zonaldea. Bestalde, lurralde horren guztiaren udalerri eragileak zeintzuk diren ere definitu du Sainte-Mariek; eskualde burua izatea, zerbitzuak eta administrazioa bertan izatea eta landun gehienek zerbitzuetan jardutea, horiek izan dira udalerri eragile gisa jotzeko bete behar izan diren baldintzak.

Ikerketan azaldu bezala, beraz, Agoitz, Baztan, Otsagabia, Iruñea, Bera, Kanbo, Hazparne, Maule-Lextarre, Baigorri, Donibane Lohizune, Donibane Garazi eta Donapaleu lirateke udalerri eragileak. Hor igartzen da Hego eta Ipar Euskal Herriko Pirinioaldeko udalerrien desberdintasun handienetakoa: Nafarroa Garaian udalerri eragileak kontzentratuago daude Ipar Euskal Herrian baino. Hau da, Hego Euskal Herrian gutxi eta handiagoak dira udalerri eragileak, eta Ipar Euskal Herrian txikiagoak eta ugariagoak. Bigarren kasu hori egokiagoa da Pirinioaldeari bizirik eusteko.   

Bestalde, udalerrion kategorizazio bat ere egin da ikerketa lan honetan, tokiko ekonomiaren sendotasunaren eta udalerri eragileetara dagoen distantziaren arabera. Hori horrela, hobekien kokatuta eta egoera ekonomiko onenean dauden udalerrien gehiengoa Ipar Euskal Herriko Pirinioaldean dagoela ondorioztatu du Sainte-Mariek, eta Hego Euskal Herriaren kasuan, Bortzirietan eta Agoitzaldean. Egoera txarrenean dauden udalerriak dira, bestalde, Erronkari-Zaraitzu aldekoak zein Zuberoako Larraine.

Euskal Herriko Pirinioaldeko egoera izan du hizpide Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak, aste honetan, ETB1eko Azpimarra saioan.