Skip to main content

2012 urteko laugarren hiruhilabeteko langabezia tasa 15,7 puntukoa izan da

2012 urteko laugarren hiruhilabeteko langabezia tasa 15,7 puntukoa izan da , orainarteko altuena. Orotara 229.555 langabetu.

Irlandan bezala langabezia EB-27an baino 4,3 puntu altuagoa da; hau da,10,2 puntu Espainiaren azpitik eta 4,5 Frantziaren gainetik.

INEk Hegoaldeko lurraldeetarako argitara berri dituen datuen arabera, 2012 urteko laugarren hiruhilabeteko langabezia tasa 15,7 puntukoa izan da, azken urteetan ezagutzen den langabezia altuena. Laugarren hiruhilabeteko datu honek 2012 urteko langabeziaren argazki osoa egitea ahalbidetzen duelarik, Euskal Herriak 2012 urtean 14,8ko langabezi tasa izan du. Tasa altu honek laburbiltzen du gure lurraldeko langabeziaren urteko argazkia.

Laugarren hiruhileko honetan langabezia tasa bereziki altua izan da Araban (18,1), urte amaiera ezin okerragoa herrialde honetarako. Bestalde, Bizkaiak zein Nafarroa Garaiak (17,1 kasu bietan) Euskal Herriko bataz besteko tasatik nabarmen urruntzen dira. 2012 urte osoko datuei erreparatuz gero, Nafarroa Garaia da (16,2) langabezia datu altuenak izan dituen herrialdea. Beste muturrean, azkenaldian ohikoa izaten ari den moduan, Iparraldeko lurraldeak ditugu. Nolanahi ere, antzematen da urte osoan zehar langabezia gora egiten ari dela Iparraldean ere, Hego-Ipar ardatzen arteko kontrastea apurtzen ez duena, halere.

Nazioarte mailari dagokionez, 2012 urteko Euskal Herriko langabezia (14,8) Irlandaren parean dago. EUSTATeko datuei erreparatuz gero, ostera, Euskal Herria Bulgaria (12,2) eta Lituania (12,9) artean kokatzen da. Edonola ere, kasu bietan EB15 (10,6) zein EB27 (10,5) gero eta tarte handiagorekin gainditzen ditu Euskal Herriak. Bestalde, gure lurraldean Espainian baino 10,2 puntu txikiagoa da langabezia, baina Frantzian baino 4,5 puntu altuagoa. Herrialde batzuetarako datu definitiboen zain, 2012 urtean soilik Euskal Herrian baino gehiago hazi da langabezia Grezia, Zipren, Katalunian, Espainian eta Portugalean, INEko datuen arabera.

[table id=57 /]